Zinema. Fantasien gatibu
Isiltasunera kondenatuak
Maria del Carmen Rodriguez Fernandez eta Eduardo Viñuelak, Diccionario crítico de directoras de cine europeas (2011) liburuaren bitartez, Europako zinemagintzaren historian emakumeek egindako lana ezagutarazi eta aldarrikatu nahi dute. Dokumentazio lana ezin hobea da, baina arazoa bestelakoa da. Europan Hollywooden baino emakumezko zuzendari gehiago egon dira, baina okerrena da gehientsuenen filmak zirkuitu komertzialetik kanpo geratu izan direla, eta, hortaz, publikoak ez daki existitzen direnik ere. Zineklubek eta Zinemateka eta Nosferatu bezalako egitasmoek hutsune hori betetzeko aprobetxa zezaketen aukera, baina ezin esan daiteke ekimen horiek genero ikuspegia aintzat hartzen dutenik. Donostiako Zinemaldiak antolatzen duen atzera begirakoan ere, zaila da emakumezkoren bat aurkitzea. Beraz, praktikan zinemak gizonezkoen kontua izaten jarraitzen du. Hori da, behintzat, gizarteari zabaltzen zaion mezua. Botere guneetatik aniztasuna aldarrikatzen den arren, unibertsitateko edota filmotekako apaletan hautsa pilatzen jarraitzen dute emakumezkoen proposamenek. Horregatik, ezinbestekoa da film horiek gizartearekin partekatzea. Simone de Beauvoir talde feministak urtero antolatzen duen Emakumeek Egindako Zinema Erakusketak helburu hori dauka; aurten, Kelly Reichardt eta Ann Hui zuzendari ospetsuen lanak ezagutzera eman dituzte, besteak beste. Ann Hui txinatarraren A Simple Life Venezian estreinatu zen iaz, baina munduko jaialdi entzutetsuenetakoan estreinatu izanak ez zion bidea erraztu. Kelly Reichardt estatubatuarraren zinema aski ezaguna da kritikarien artean, baina publikoarentzat guztiz arrotza da. Boterea dutenek kalitatearen aitzakia baliatzen dute emakumezkoen lanak bazterrean gelditu direla azaltzeko. Arrazismoa erabat gaitzesten da egun, baina, emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasunak justifikatzeko, biologiara jotzen da, eta ez da ezertxo ere pasatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu