Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Istorio harrigarriak

2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean Mujeres ex presas: vulnerabilidad y autonomía (Emakume preso ohiak: hauskortasuna eta autonomia) ikerketan oinarritutako hitzaldia egin zuten Edurne Bengoetxeak, Maria Ruizek eta Laura Varak Donostiako Kaxilda liburu dendan. Ikertzaileen helburua espetxean egondako emakumeei ahotsa ematea zen, eta, horregatik, Aiorak eta Katiak euren bizipenak publikoarekin partekatu ahal izan zituzten. Azken urteotan kartzelatik pasatutako emakumeen istorioak berreskuratu dituzte hainbat zinemagilek. Gerra ostean Saturrarango espetxean preso egon zirenen esperientziak betiko gal ez zitezen, Josu Martinez eta Txaber Larreategik Debekatuta dago oroitzea dokumentala eta Mikel Ruedak Izarren argia fikzioko lana zuzendu zuten. Emakume horiek sufritu zuten egoera gogorra salatzea eta erakutsi zuten kemena aldarrikatzea zuten helburu.

Egun harrigarria dirudien arren, Antonio Vallejo-Najera medikuak marxismoa eta gaixotasun psikikoak erlazionatu nahi izan zituen metodo zientifikoa baliatuz. Lombroso italiarrak antropometriari esker gaizkileak identifika zitezkeela pentsatzen zuen, eta magia bidez faktore sozial eta kulturalak desagerrarazi zituen; gaixo zegoenak ezin zion gaizkile izateari utzi, gaizkilea jaio egiten baitzen. Anarkistak eta komunistak gaixoak zirela demostratzea izan zen haren lanaren funtsa. Gainera, Saturrarango presoak gorriak izateaz gain, emakumeak ziren. Behin etsaia deshumanizatzen denean torturak, tratu txarrak, irainak... justifikatuta daude.

Garaiak aldatu diren arren, gauzak ez dira hobetu, espetxeak espetxe izaten jarraitzen baitute, eta ongia eta gaizkiaren arteko muga zehazteko ezinbestekoak gertatzen dira. Presoek pertsona izaera galtzen dute, hortaz, ulergarria da ganadua bezala tratatuak izatea. Zinemagileek errealitatearen konplexutasuna transmititzeko betebehar etikoa bere gain hartu behar dute. Boterea duenak arduraz jokatu behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.