Iparraldetik dator notizia. Joan den irailaren 30ean Itzal Aktiboak antolatutako arte sariaren erakusketa zabaldu zen Donibane Garaziko presondegian.
Euskal Herriko 35 urtetik beherako artistentzat antolatutako saria ez du Eusko Jaurlaritzak asmatu, ezta Bizkaiko edo Gipuzkoako Aldundi txit gorenek ere. Ipar Euskal Herrian lanean dabilen Itzal Aktiboa izeneko kolektiboak Euskal Kultur Erakundearen eta Garaziko Herriko Etxearen laguntzarekin antolatutako ekimena da.
Bertara Euskal Herrian bizi den edozein artista aurkez daiteke, eta, beraz, lehenbiziko sari nazionala dela esan dezakegu. Horretan, berriz ere, iparraldeko kolektibo partikular batek erakunde publikoei aurrea hartu diela onartu behar dugu.
Sarira aurkeztutako artista gazteen artean hegoaldeko eta iparraldeko artistak daude: Bizkaikoak, Gipuzkoakoak, Nafarroakoak (Garai zein Beherekoak) eta Lapurdikoak. Parte hartzea, gainera, handia izan dela esan behar dugu, kontuan izanda sariaren lehendabiziko aldia dela. 30 bat lagunek aurkeztu zituzten lanak eta horien artean epaimahaiko kideok bost aukeratu behar izan genituen Garaziko erakusketan jartzeko eta saria erabakitzeko.
Esan bezala, aurreko irailaren 30ean zabaldu zen erakusketa, Garazin, Veronica Domingo, Anne-Laure Garikoix, Miriam Gezalaga, Zaloa Ipiña eta Andoni Maillarden lanekin. Garaziko presondegian, Jossete Dacosta atelierrean eta kale berean dagoen Apaizaren etxea izeneko aretoan jarri dituzte bost artisten lanak, eta ikusleak aukeratutako lanari Garaziko Herriko Etxeak sari berezia emango dio, epaimahaikideek aukeratutakoez gainera.
Sarritan zaila da ulertzea horrelako arte ekimenek nola egiten duten aurrera; hegoaldeko burokratizatutako kultura munduan murgilduta gaudenontzat ez da erraza; hala ere, ez da ekimen isolatua edo bakarra. Haize Berri elkarteak Izuran udan antolatzen zituen erakusketa eta tailerrak harrituta uzten gintuen eta orain 1.500 biztanleko herrian maila horretako arte ekimena aurrera ateratzeari mirari baten antzera begiratzen diogu. Eskerrak norbaitek oraindik Euskal Herriko artean pentsatzen duen.
Artea. Begiz
Itzal aktiboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu