Jon Eskisabel.
Ilaran

Kexatu, kexatu, kexatu

2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Kanona deuseztatzen saiatzea lan sinesgaitza da; beti dago kanon bat, etengabe ari gara zerrendak eta hautaketak egiten, kanona eraikitzen. Baina bertan sartzea oso zaila dute emakumeek. Artearen historiako aldaketa garrantzitsuenetan egon dira emakumeak, baina kanonetik ezabatu ak izan dira bidegabeki». Aulkian mugitu nintzen, deseroso. 25etik 2. %8. Euskal kantagintzak azken mende erdian eman dituen abeslari eta talde guztien artean 25 nabarmentzen dituen zerrendan bi emakume bakarrik daude Etxepare Institutuak kaleratu berri duen Euskal Kultura Saila bildumako liburuxkan. Ez nuen kontsultatu beharrik izan, ni neu izanik testuaren egilea ondo gogoan bainuen, baina Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan jardunaldietan nengoen, Bilboko Alondegian, eta Amelia Valcarcelen hitzek aurrean jarritako ispiluan islatuta ikusi nuen neure burua. Interpelatuta sentitu nintzen, neure buruari hainbat galdera egitera behartuta.

Gida horretarako egin nuen hautaketa zenbateraino dago euskal kantagintzaren historia edo kontakizun nagusiak baldintzatua? Izenak aukeratzeko erabili nituen irizpideen artean (prestigioa, arrakasta komertziala, ekarpen artistikoa, ibilbidearen luzera, nire gustu eta ezagutza partikularrak…), ez ote dira tradizionalki gizonezkoek bereganatu dituzten irizpideak? Gurean arrakastatsua izateak balio du irizpide gisa kanpotarrei gomendatzeko —atzerrian zabaltzeko eginak dira liburuxka horiek—? Zerrenda bat egitea erabaki nuenean, kontziente nintzen neure gain hartzen nuen erantzukizunaz eta arduraz? Ohartzen nintzen kanon bat, bere txikian baina kanon bat, nire kanona, egiten ari nintzela, eta gehienetan statu quo-a betikotzeko balio duen botere tresna dela kanona?

Kanonaz, kuotaz, bazterketaz, ikusezintasunaz, berdintasunaz, memoriaz, zapalkuntzaz, umoreaz, demokraziaz, feminismoaz hitz egin dute artearen esparruko hainbat adituk hiru egunez Bilbon —horien artean euskal herritar bakarra zegoen, Maite Garbayo arte historialari nafarra— eta hainbat ikuspegi —«niretzat, demokraziaren aldeko borroka guztien ama da feminismoa», esan zuen Monica Mayer artista mexikarrak—, arrangura — «feminismoari bere garaipenen memoria ostu egin diote», salatu zuen Valcarcelek— eta esperientzia partekatu dituzte entzuleekin.

Guerrilla Girls taldeko ordezkariak bere afixa ezagunetako bat erakutsi zigun. Emakumeek biluztu egin behar al dute Metropolitan Museoan sartzeko? galderaren azpian, 2011ko datuak: arte modernoko atalean zeuden artisten %4 ziren emakumeak, baina biluzien %76 emakumezkoenak ziren. AEBetako museoek gizonezko artista zurien obrak erakusten dituztela salatzen du ekintzaile maskaradun anonimoen taldeak, baina ez pentsa hango kontua bakarrik denik.

Hemengo museo publiko batzuetako datuak bildu ditut arrapaladan Interneten, eta ez diete inbidiarik AEBetakoei. 1997an zabaldu zutenetik 42 bakarkako erakusketa hartu ditu Bilboko Guggenheim museoak, eta horietako bi bakarrik izan dira emakumezko artistenak (Cristina Iglesias eta Shirin Neshat). %5, alegia. Donostiako Kutxa Kubo aretoak 16tik bakarra (%6,2) eskaini dio emakume bati (Isabel Muñoz argazkilariari) eta Gasteizko Artiumek du hiruretatik portzentaje altuena, 68tik 10 (%14,7). Aldiz, Bilboko Arte Eder museoak 1997tik hona apailatu dituen 51 erakusketa indibidualetatik (azkena atzo zabaldu zuen, Fernando Boterorena) bakar bat ere ez da emakumezko batena izan. %0,0.

Esparrua zabaldu eta errekonozimenduaren alorrean, aurkitu dezakegu Durangoko Azokaren Argizaiola saria ez zaiola 20 urtean sekula emakume bati eman —ikastoletako lehen andereñoek sari kolektiboa jaso zuten 2009an— eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso dutenen artean bi baino ez dira emakumezkoak, 29 alditan banatu duten arren. Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Humanitateak, Kultura Arteak eta Gizarte Zientzien saria jaso duten 17 lagunen artean bi besterik ez dira andrazkoak. Eta EHUren Bizkaia Aretoko gela guztiek gizonezkoen izenak dituzte…

Horri buelta ematen hasteko, oinarrizko aholku bat eman zigun Guerrilla Girlsek: kexatu, kexatu eta kexatu. Antza, badugu ohiturarik, baina ez dugu jomugarekin asmatzen. Txikikeriengatik kexatu ohi gara, entzuleen artean hitza hartu zuen museo bateko langileak esan zuenez: «Jasotzen ditugun kexa gehienak lerdokeriak dira: letra txikiegia dela, azentu-marka bat falta dela, koadro bat apur bat okertu dela, harlauza altxatudela… Baina jendea ez da kexatzen benetan garrantzizkoa denaz: egitarauaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.