Hitz horiek erabili zituen. Taberna batean bakarka eskainitako emanaldia amaitu berria zuen, eta agurtzera hurbildu nintzen. Kontzertuaz eta prestatzen ari den hurrengo diskoaz mintzatu ginen, baita, bereaz aparte, musikari gisa parte hartzen duen beste proiektu batzuk izaten ari diren oihartzun espero baino txikiagoaz ere, eta orduan esan zuen: klase ertaina desagertu da euskal musikaren zirkuitutik. Jendea erakartzeko ahalmenaz ari zen. Kontzertuetan, batez beste, 200-300 ikus-entzule biltzen dituzten izenak gero eta gutxiago direla zioen. Zulo handia sortu dela antzokiak eta areto handiak (Kafe Antzokia, Gazteszena, Jimmy Jazz, Atabal…) betetzen dituzten talde edo bakarlarien —zenbat, hamar?— eta gainerakoen artean. 500 lagun joango zaizkizu emanaldi batera, eta 100 (edo gutxiago) bestera, ez dago neurri ertainik.
Lehenago diskogintzara bezala, zuzenekoetara ere iritsi da aldaketa, eta, ekoizpen garestiko diskoek behera egin duten bezala, oraingoan kaltetuenetakoak zuzeneko taldea osatzeko beste musikari batzuengana jo behar duten bakarlariak izaten ari dira. Kantuak diskoan grabatu bezala, edo antzera, ikus-entzuleen aurrean eman ahal izateko, estudioko musikariak edo musikari profesionalak behar dituzten kantariak desagertzen ari dira gure agertokietatik, eta, haiekin batera, azken 30 urteetako disko bilduma osatzen lan handia egindako musikari belaunaldi bat: Mikel eta Fran Irazoki anaiak, Luis Camino, Angel Celada, Txema Garces, Mikel Artieda…
Juan Carlos Perez pop erretiroa hartuta eta Gari stand by-n daudelarik, ez dira Joseba Tapia, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Anje Duhalde, Txuma Murugarren edota Mikel Markezen garai oparoenak zuzenekoei dagokienez. Kantariek diskoen salmentan irabazteari utzitakoa kontzertuen bidez jasoko zutela zioen uste zabaldu hura ustel gertatu da horien kasuan. Kulturarako diruan izandako murrizketak direla batetik, eta egitasmoaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko beharrezkoa den ikus-entzuleen masa kritikoaren urritzea dela bestetik, haien emanaldi kopurua nabarmen apaldu da azken urteetan. Salbuespenak salbu (Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Kepa Junkera…), zulo handi horrek irentsi ditu, edo irentsiak izateko bidean dira.
Horregatik, Rafa Ruedak disko berriarekin egin duen apustua ur-lasterraren kontra doa. Azaroan bakarkako laugarren diskoa atera zuen PI.L.T. taldeko kide ohiak. Autoekoizpena izan arren, Enaren geometria grabatzeko talde zabala bildu zuen, musikari gazte baina zailduekin: Joseba Irazoki, Txus Aranburu, Arkaitz Miner, Xanpe, Iban Urizar eta Jaime Nieto. Horrekin konforme ez, eta zuzenekoan talde berari, Miner gabe, eustearen alde egin du Ruedak. Sei musikari agertokian. Luxu bat, inondik ere, bizi garen garaiotan. Orain arte txukun doakio. Diskoa kaleratu zuenetik zortzi kontzertu eskaini ditu, baina horietako bost azaroan eta abenduan izan ziren, diskoa atera berria zuela. Azkena ostiralean eman zuen, Azpeitian, San Agustin kulturgunean.
Ruedak grabatu duen diskorik osoena da Enaren geometria. Aurrekoetan bezala, irratian behin eta berriz entzun beharko liratekeen pop kantuak ditu —Ez al dakizu singleaz gain, Maleta hutsak borobila, Enara galduak, Lagun 2 eta Egun eder honetan bururatzen zaizkit—, beharbada, inoiz idatzi dituen sendoenak, baina, horrez gain, alderdi country-folk akustiko bat —Inor bagina, Astea— garatu du, eta beste bat, Iban Urizarren ekarpen nabarmenarekin —tronpeta, korneta eta perkusioak—, elektrikoagoa, atmosfera gautar eta intentsitate handiagokoa—Izkina izoztuak, Hombre lobo—. Zuzenekoak diskoaren xehetasun guztiak gordetzen ditu, indarra biderkaturik; pop pilula bihotz altxagarriak oparitzen ditu, eta pitzadurarik gabeko soinu harresiak eraikitzen.
Hau esanda, Ruedak ez luke, nire ustez, klase ertain horretako partaide izateko arazorik izan beharko, baina ez da horrela. Azpeitiko kontzertuari osagai bakarra falta izan zitzaion: jendea. Sarrera doan izanagatik, 80 lagun inguru ginen entzule, areto handian sakabanaturik, eta ez nuke esango denak kontzertuak erakarritakoak ginenik.
Zuzenekoetan ere, lan egiteko era bat amaitzear dela dirudi. Errealistago jokatuz, formatu txikira egokitu eta tabernak berreskuratzeko garaia izan daiteke, baldintza duinetan entzuleentzat eta artistentzat. Adibide bat: Anari ikustera joan ginen orain ez asko, Urretxura. Fox tabernan jo behar zuen bakarka, baina sarrera ordaindu behar zen (5 euro) eta kopurua mugatua zen. Baldintza bakarra jarri zuen: kontzertuan barra itxita egotea. Kontzertuaren erdialdean etenaldi bat egingo zuen jendeak edaria eska zezan, eta gero jarraituko zuen. Eta horrela egin zen. Euskaldunan edo Kursaalen jo izan balu bezain ona edo hobea izan zen kontzertua, isiltasuna dagoenean gertutasunak sortzen dituen emozioak askoz biziagoak baitira. Anari, entzuleok eta tabernaria, denak gustura joan ginen etxera. Eta gainera sarrera plastifikatu bat oparitu ziguten!
Ilaran
Klase ertaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu