Nafarroan gauzak egiten diren modura egingo dute Arte Garaikideko Museo berria ere. Ospitalea bezalaxe, Arte Garaikideko Museo ultrakatolikoa izango da.
Iragarritako proiektuan, Nafarroak azkenik Arte Garaikideko Museoa edo Zentroa izango du, bi ereduei buruz hitz egiten baitute. Espainiako komunitate autonomo guztietan 80ko hamarkadatik zabaldutako kalenturaz kutsatu gabekoa zen komunitate forala; hain zuzen, forala izateagatik, desberdina. Orain, perretxikoak bezala ugaritutako arte garaikideko museoak edo zentroak elkarte autonomo ia guztientzat zama jasanezina bihurtu direnean, Nafarroaren txanda da.
Hala ere, dakitenei eman diete horrelako «bitxikeria» egiteko ardura; «ondo» bideratuko duen erakunde prestigiodunari, alegia. Nafarroako Unibertsitatea Opus Deik sortu zuen bertako agintarien oniritziarekin, eta beti izan du gobernu «demokratiko» autonomoen begirunezko tratu ekonomikoa.
Horregatik, beste behin ere, askatasunaren esparrua den artea, ikerketarako eta sormenerako muga gutxi duen esparrua, kontrolpean lagatzeko ahalegina egin dute.
Agintariek ez zuten arte garaikideko museo edo zentrorik nahi, eta aukera izan dutenean, adibidez Maria Josefa Uhartek bere bilduma Nafarroan lagatzeko proposamena izan dutenean, ez dute ahalegin handirik egin Nafarroako Arte Garaikideko Zentroaren oinarria bihurtzeko.
Horren ordez, nahiago izan dute eremu arriskutsu hori kontrolatuko duen norbaiti eman, ondo kudeatuko dutelakoan. Gainera, bilduma ez da arriskutsua; ez dut uste Maria Josefaren etxean inongo bideo edo argazki feminista edo queer, biluzi lizun, performanceren arrastorik edo kakaz betetako latarik egongo denik. Beraz, ez dago kezkatzeko arrazoirik. Zuzendariaren hitzetan, artea demokratizatzea omen da beraien asmoa, eta horregatik publiko guztia izango dute kontuan. Horrek esan nahi du Itziar Okarizen Meando en sitios públicos y privados (Toki publiko eta pribatuetan txiza egiten), Andres Serranok Kristoren irudiarekin egindako lan polemikoa edo Venezian apaiz batek zentsuratutako Pipilotti Rist-en lana ikusteko aukera izango dugula? Auditoriumean L'age d'or film surrealista eta erlijioarekiko errespetu gabekoa ikusteko aukera izango dugula? Edo Camino bezalako filmak? Nafarroan lan egiten duten edo nafarrak diren komisarioentzat tartea egingo dutela, nahiz eta feminismoaren lan ildoak jorratu?
Nafarroako Unibertsitateak museoa nahi badu, egin dezala, baina bere diruarekin, eta oztopoa izan gabe Nafarroak merezi duen arte garaikideko zentroa edukitzeko.
Artea. Begiz
Kontrolatutako arte garaikidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu