lander garro
Literatura. Hirudia

Kriptikotasuna

2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Rayuela-z mintzo zaigu Iñigo Roque, eta haren egitura zatikakoa goraipatzen digu, gaurko idazleentzako eredu gisa. Dagoeneko ahaztuta daukat eleberri hura, baina ez nago segur gehien erakarri ninduena egitura izan zenik. Nire baitan istorio haren zentzu kronologikoa bizi da, Pariseko egonaldia lehenik eta Argentinakoa gero. Agian neronek eman diot zentzu lineal hori nire baitan, denboraren joanarekin. Zeren eta denborak badu ezaugarri hori: totalitarioa dela bere aurreranzko joera logikoan. Egia da, eta horretan arrazoi du Roquek, berdin konta zitekeela istorioa Argentinatik hasi eta Parisen amaituz (eta liburuak berak irakurketa hori proposatzen duela, beste askoren artean).

Orriak aurreratu ahala Cortazarrek aurkezten zidan mundua zen niretzat zinez baliotsua zena, eta, zentzu horretan, ideiak, xehetasunak eta gertakariak mundu horren egiatasunaren alde harilkatzeko trebezia. Gezurrezko mundu bat eta pertsonaia batzuk egiazko bilakatzeraino gorpuztea, hain zuzen. Gizakiak elkarrenganako ia antagoniko bilakatzen dituen xehetasunekiko puntillismoa da Cortazarren idazteko maneran gehien erekartzen nauena. Cortazar (eta Rayuela) zergatik maite dugun esateko, ordea, liburu oso bat idatzi beharko genuke, eta han hitz egingo genuke bere erudizioaz, jolaserako joeraz, maitasuna deskribatzeko ternuraz, eta abar.

Egia da idazle asko «hurrengo egunean», edo «handik bi hilabetera» gisako formulekin ia irakurlea erasotzera ailega gaitezkeela. Idazleak badauka ulertuko ez dutelako izua, orokortzen uzten badidazue. Oso izu hedatua da, eta obra askoren baitan zauri konponezinak sortzen dituena. Ez nago ebidentziak ukatzeko. Eta behar bada hementxe egon liteke eztabaida honen funtsa: noraino eman behar zaizkio irakurleari gauzak xehe-xehe eginda? Noraino utzi behar zaio gauzak (bere erara) imagina eta lotu ditzan? Eztabaida hau, ordea, ez da, akaso, denborari lotutako auzi soila, zeren denboraren joana ezkutatzen hasten garenean beste gauza asko ezkutatu nahi ditugulako izaten baita.

Denboraren ikuspegitik kriptikoak diren obrak gogoratzen saiatzen naiz. Ez zaizkit asko bururatzen, ia marginala da kronologiari men egin ez dioten idazleen multzoa. Garcia Marquezen Cien años de soledad izan liteke horietako bat, nahiz eta, paradoxikoki, izenburuan bertan ageri baitzen istorioak denborarekiko daukan menpekotasuna. Liburuan, ordea, denborak izaera mamutiarra dauka, jendea badator eta badoa, ez dakizu nondik eta ez dakizu nora, eta, honenbestez, ez dakizu zergatik ere. Oso liburu ezberdinak badira ere, antzera gogoratzen dut Onettiren El astillero (inoiz amaitzera ailegatu ez naizen liburua).

Kriptikotasuna kudeatzen maisuak direnen artean, behinola Xabier Montoiak gomendatutako Cormac MacCarthy etortzen zait burura, eta, zehazki, Sutree nobela zoragarria. Baina hain zuzen zoragarria iruditzen zait irakurleari informazioa lapurtzen diolako, baina irakurlea linboan amilarazi gabe. Horixe baita idazle zail askoren akatsa, kriptiko izateko ahaleginean ulertezin izatera ailegatzen direla, eta, beraz, desesperagarri. Ulertzen ez ditudan liburuek sutu egiten naute.

Lau urteko umeei puntuak lotuz marrazkiak egiten irakasten diete. Puntuak lotu gabe daudenean, marrazkiaren itxura abstraktua da guztiz. Ez dago ezer ulertzerik. Haiek lotzen hasita, ordea, marrazkia bere logika osoan agertzen hasten zaigu. Baina puntuok lotzean marrazkirik ageri ez denean, haurrek marrazkiak zakarretara botatzen dituzte, engainatuak sentitzen direlako. Puntuak lotzen hasi zirelako ulergarria izango zitzaien marrazki bat osatuko zuelako esperantzarekin, ez marrak egite hutsagatik.

Idazlearen eta irakurlearen artean ere, tratu hori, niretzat behintzat, hil ala bizikoa da.Hitz egin dezagun garbi hasieratik, pentsatzen dut: denbora galaraziko badidazu, mesedez, bila ezazu beste biktimarenbat. Bizitza laburregia (etazailegia) da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.