Izenburu erakargarri horren atzean, ekimen artistikoa dago. «Aurkezpen artistikoak etxe giroan» esaldiarekin laburbildu dute antolatzaileek La cosa en casa delakoa. Horretarako, jende arruntaren etxeak eta lantokiak eskatu behar izan dituzte, batez ere, performanceak aurkeztu ahal izateko.
Itxuraz, ez da txarra izan Bilboko arte inguruko jendearen erantzuna, aurreko asteko ostegunetik igandera 19ren bat ekitaldi egin baitzituzten hainbat tokitan. Egitarau zabal horren barruan, ekintzak eta beste moduko arte erakusketak antolatu dituzte La cosa en casa osatzen duten bi lagunek.
Artea ikusteko eta bizitzeko beste modu bat izateaz gainera, ekimenak kudeatzeko beste modu bat ere posible dela erakusten du; guztia autofinantzatzen delako, hau da, ez dute erakunde publikoen diru laguntzarik jasotzen, ezta nahi ere, askatasun handiagoa izateko.
Hala ere, dituzten gastuak ordaintzeko, emanaldietan jendearen diru laguntza eskatzen dute. Horrekin batera, eta hori da ekimenaren gauzarik bitxiena eta harrigarriena, zozketa baterako zenbakiak saltzen dituzte, jendeak jarritako diruaren truk zerbait jaso dezan. Sariak antolatzaileek egin ditzaketen gauzak dira: lehenbiziko saria etxeko produktuen saskia —noski, etxean egindako opilak eta beste janari eta gozoki batzuekin—; bigarrena, bi pertsonarentzako afaria etxean —egitea eta zerbitzatzea—, eta hirugarrena, udaberriko etxeko garbiketa. Sari originalak, baina tentagarriak, etxeko garbiketak, afariak eta etxean egindako janariak estimatzeko modukoak direlako.
Dantza, antzerkia eta performancearen inguruan lan egiten duen jendearen eredu hori imitatzeko modukoa iruditu zait. Alde batetik, merkea delako, eta erakundeek kulturan dirua jartzeari gastua deitzen diotenean, kultur ekimenak aurrera eramateko aukera izan daitekeelako. Bestetik, autokudeatuta eta autofinantzatuta dagoelako; beraz, ez diote konturik inori eskatu behar, horrek dituen abantailekin, batez ere burokratizatutako kultur giroan. Azkenik, artea bizitzeko beste modu bat da. Ez dago galeria komertzialera joan beharrik, ezta museoetara ere; etxean bertan artea egin daiteke, artea etxean gerta daitekeen zerbait da, edozein tokitan artea egon daitekeelako.
Ikusgarritasuna alde batera lagata, gauza xumeak, interesgarriak eta merkeak egin daitezkeela frogatu egin dute La cosa en casa-koek.
Artea. Begiz
'La cosa en casa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu