Finantzaketarik gabe, argazki kamera batekin eta ordenagailu eramangarri batean irudiak editatuz, film txundigarri bat egin du Oskar Alegriak. Bilaketa pertsonal batetik abiatuta, egilea Lapurdiko kostaldean ibiliko da, Emak Bakia etxearen arrastoan. Horrekin batera, Emak Bakiaren esanahia eta izen hori erabili dituztenen atzetik ariko da. Berak esana: forman bainoago, kontatzeko moduan dago filmaren esperimentazioa. Nahiz eta formaz ere ez zaigun konbentzionala iruditu, Emak Bakia Baita filmean kontatzeko modua haize bolada fresko baten gisan sentitu dugu. Euskal zinemagintzako lan ausart, pertsonal eta interesgarri bat da, ezbairik gabe. Dagoeneko, nazioarteko bost zinema jaialditan dastatu dute. Eta Zinemaldiaren leihotik igaro ostean Euskal Herriko zineklubetara maiztasun handiz iritsiko dela iruditzen zaigu. Hemendik hilabete batzuetara bigarren aldiz gustura ikusiko nuke lana. Eta aspaldian ez zait halakorik gertatu.
Utzi bakean esamoldea Man Rayri gustatuko litzaiokeela kontatzen da dokumentalean. Eta bakean uzteko ozen esango nieke Euskal Herrian zinema askatasunez egitea galarazi nahi dutenei. Barrura begiratzeko leihoak dokumentalaren aurka jo duten politikari eta dena delakoei bakean uzteko eskatuko nieke. Josu Martinezek, Txaber Larreategik, Enara Goikoetxeak, Mireia Gabilondok eta Eneko Olasagastik zinema besterik ez dutela egiten. Zinema konprometitua, zinez benetakoa, baliotsua, gizarteari ekarpen garrantzitsua eskainiz. Irailaren 10ean hasi zen niretzat hilabete honetako zinema-maratoia, preso politikoen inguruko filmaren emanaldiarekin. Zinemaldiko zuzendaritza ez zen ausartu filma programazioan sartzera, zer gertatuko zen beldur. Baina kanpora begira egunotan hain ederra egin zaigun Donostiako leihoak barruko leihoak errespetu handiagoz tratatu beharko lituzke, ildo editorialaren aitzakiatan ez baita onargarria kalitate handiko ekoizpen bat leihotik kanpo uztea.
Donostiako 60. Zinemaldia. Basquewood
Leiho bat falta leihoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu