Joxemari Iturralde.
Iritzia. Literaturako Nobel saria. Mo Yan

Leiho bat zabaltzen Txinan

2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Esango nuke guregana txineraz idatzitako literatura asko etorri zaigula, aurrena beste hizkuntzetatik egindako itzulpenetatik, eta ez zuzenean txineratik egindakoetatik. Esaterako, oso modan dago, edo egon da orain gutxi arte, Amy Tan idazlea (Sendalariaren alaba, Izar Oneko kluba). Baina Amy Tan Estatu Batuetan jaioa da eta ingelesez idazten du, nahiz eta bere gurasoak txinoak izan. Horregatik da estimagarria oraingo Nobel sari hau, Txina barru-barrutik datorkigulako Mo Yan idazlea. Jende askok filmaren bidez izan zuen bere liburu baten berri (Sorgo gorria). Sorgo gorria liburuan XX. mende erdirainoko Txina zaratatsu eta zalapartatsua erakusten digu, nekazaritza txiro eta ezin zapalduago baten bizimodua emanez, hain juxtu gainera japoniarrek txinatarren lurraldeari eraso egin diotenean. Liburuak atzera begira egiten duenez, badago hor kritika zorrotza ere egungo gizarteari. Zentzu horretan lotzen ditut nik Lu Sin eta Mo Yan idazleak. Irakurri dudan Mo Yanen bigarren liburuak (Bular oparoak, aldaka zabalak) bide beretik jarraitzen du egungo emakume txinatarrak jasaten duen zapaltzea indartsu kritikatuz (eta hemen ere Lu Sinekiko paralelismoa nabaria dela esango dut). Oraindik ere emakumeek ez dute Txinako leku askotan gehiegi balio gizonezkoen aldean, are gutxiago mutilik izaten ez dituzten amak badira. Desberdintasun eta zapaltze hori uzten du agerian Mo Yanek liburu horretan.

Amaitzeko, pare bat gauza gehiago: iruditzen zait Suediako sari-banatzaileek iritzi literarioa soilik hartu beharrean kontuan izan dutela, baita ere, iritzi sozio-politikoa. Modu gordinagoan esanda, aurten Txinari tokatzen zitzaion. Eta bi: nola hartuko dute saria eta idazle saritua Txinako agintariek? Heroitzat ala isildu egingo dute dena Gao Xingjianen kasuan gertatu zen bezala? Nik dakidala, Mo Yan guztiz integratuta dago egungo Txinako egitura politikoan (oker ez banaiz, Literaturako irakasle da Indar Armatuen akademian). Eta nahiz eta Mo Yan kritiko agertu bere liburu horietan, uste dut oraingo honetan bertako agintarien laudorioak jasoko dituela Literatura Nobel sari honengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.