Jon Artano
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Lekutan gaude

2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Aita arrantzalea zuten, ANVko gudari zaharra, eta Ternuan pasatzen zuen urteko zatirik handiena. Etxeratzean sutu egiten zen seme-alabak beti erdaraz sumatzen zituelako. Eta hauxe bere errieta: «Non gaude? Espainian ala!?». Amak ere arreta berezia jartzen zion hizkuntzari. Eta galga lana egin omen zuen Donostiara, ingurune erdaldunera, aldatzearekin hasitako Arrieta-Ugartetxeatarren desjatorritze meteorikoan.

Familia-istorioak aditzea gauza ederra da, ondo kontatzen baldin badizkizute. Urriaren 24ko bazkalondoa Joxe Agustin Arrietak goxatu zigun lirismoz zipriztindutako hitzaldi kaleidoskopiko batekin —eta hutsartean estimazio handia izan zuten teila eta zigarrotxo kaxa pare batekin—.

Bere euskaltzaletasunari dagozkion bizipen fundazionalak kontatu zizkigun. Eta geuri ere ariketa bera egitea gomendatu, «erroei erreparatzea osasungarria delako». Kontatu zigun nola Pello Kirteni —Txomin del Regatoren Donostiako homologoa— zor dion, hein batean, kontzientziaren piztuera. Nago euskara etxetik kanpo ere natural jaso izan dugunontzat ez dela hain erraza bihotzak kra! egin digun une jakinak topatzea gure biografian.

Idazle eta itzultzaile donostiarrak zioen akitua dagoela elkar ulertu ezinaz, «beti izan garelako banderizoak». «Lubakietako diskurtsoak egokitu eta, norberaren ideologiari uko egin gabe, lanerako elkarguneak topatu beharra», azpimarratu zuen.

Etsipenaren eta itxaropenaren arteko kulunkan bizi gara, eta egindako aurrerabidea aitortu arren autokonplazentziatik sortutako diskurtso satisfetxoetatik antipodetan dago Arrieta. «Euskararen asturua ez da gaur ere segurua», esan zigun. Gurea ez dela gripea, «minbizia baizik». Eta 60-70etako inarrosaldiaren moduko beste txanpa baten premia dugula.

Pidginaz, dialektalismoaz, Xora filmaz, Irlandaz, Eskoziaz, politikaz eta estatuaz ere jardun zitzaigun. Txillardegiren «estaturik gabe ziur ezetz» hura bere eginagatik independentziaren panazeismoak beldurra eman beharko ligukeela eta lehentasunak «hizkuntz komunitateari bizirik eustea» behar duela.

Joxe Manuel Odriozolaren Estatu etnozidaren kontra liburua goratu zuen: «Gu bezalatsu dauden beste dozenaka hizkuntz-herriren berri ematen duelako, galbidera garamatzan gaitza diagnostikatuz eta sendagaiak identifikatuz». Eta zein da errezeta? Egoerari buelta ematea lortu duten herrietako —hiztun-herri beregainak esaten die Odriozolak— planteamendu holistikoa; «ez alor bakarra lehenetsiz, hemen irakaskuntzarekin bezala».

Boto eskubidea izateko bertako hizkuntzaren ezaguera frogatu behar dute errepublika baltikoetako errusiarrek. Hemen ez da oraindik pausatu GFAk euskara lehenesteko hartutako pare bat oinarrizko erabakik harrotutako hautsa. Milaka kilometrora gaude. Lekutan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.