lander garro
Literatura. Hirudia

Literaturaren gakoak

2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Neure buruari galdetzen diot zer den literatura, zerbait ba ote dakidan hartaz. Ez naiz gauza anekdotikoez ari, eruditoek hainbeste maite dituzten datuez, izen, data, jaioterri edo afizioez. Ari naiz oinarrizkoa den horretaz. Non dago, bada, literaturaen zentzua?

Forma eta hondoa aipatzen dira maiz, esaten dena eta esaten den horren forma. Bi-biek osatzen dute literatura, bata bestea gabe ez dira ezer ere. Ez dago formarik gabeko libururik (forma txarrekoak bai, asko). Eta ez dago gertakaririk gabeko libururik ere.

Gauza bitxia gertatzen da formarekin. Boladaka izaten dut formarekiko jarrera. Batzuetan pirotekniak liluratzen nau, eta beste batzuetan ezin dut jasan. Gorrotatzeraino hel ninteke. Baina egia da literatura, zerbait bada, forma dela. Forman egoten da askotan liburuaren mezua bera, istorioan edo traman bainoago. Trama aitzakia izaten da, formak dakarren mezua eman ahal izateko.

Ari naiz gogoratzen Edorta Jimenezen testuez. Hartu bere testuak, berdin dio egunkarietakoak edo liburuetan argitaratutakoak, eta beti aurkituko duzue forma bitxi bat, gramatikalki zaila, okerra, eta, aldi berean, ederra. Egunotan hark idatzitako liburu erreseinak irakurri ditut: tipo horrek daukan aldrebeskeria! Ez du esaldi bakarra zuzen idazten. Obsesioa du esaldiak hankaz gora jartzeko. Ez dio bere lumari zirrikiturik uzten, ez du amorerik ematen. Idatziko du lasai edo azken orduan, idatziko du esna edo erdi lo, etxean edo autobusean, baina beti idatziko du bere esateko manera berezi horrekin, eta hala jasoko du irakurleak ere. Hasperen eginda hasiko zara irakurtzen, badakizu liburua konkista bat izango dela, eskainiko dizula zerbait konkistatzen ari zarelako plazer bitxi eta aberats hori. Ez duzu denbora-pasarako irakurriko, ez da hura asmoa; sortu ere, ez zen horretarako sortu. Esaldiz esaldi joango zara, eta esaldien antolaketa bera izango da liburuaren lehen atmosfera, lehen lurrina. Maitalea besoetan hartzen duzunean bezala, lehen inpresioak ezingo du zerebrala izan, sudurrak eskainitakoa baizik. Zer esan du? Zertaz ari da? Ez dakigu, hasi besterik ez gara egin, baina ari gara lehen kutsu hori hartzen.

Orduan gertakariak han eta hemen azaltzen hasiko dira, maitalearen azaleko tolesdurak eta zirrikituak bezala, eta guztiak izango dira ezusteko, ze idazleak idatziko du pentsatuz irakurlea bera baino azkarragoa dela, ongi eta azkar ulertuko duela informazioa murtxikatuta eta xehe eginda eman ez arren. Eta irakurleak hala ulertuko du, informazioa deszifratzeak dakarren poz horrekin, eta bere baitako 'ni' narzisistak ere poza hartuko du, inork ez baitu gogoko ergeltzat har dezaten.

Gero, noski, pertsonaiak daude, ez baitago pertsonaiarik gabeko libururik. Eta zer dira pertsonaiak, idazlearen enpatiaren neurgailurik zehatzena ez badira? Enpatiarik gabe, ez dago literaturarik, ez bada literatura mutilatua, herrena, ezindua.

Pertsonaiak liburuaren plazan jartzeko orduan idazle trebeena, nire ustez, Ramon Saizarbitoria da. Ze pertsonaiek izan behar dute izaera, baina izan behar dute ahotsa, eta izan behar dute liburuan egoteko 'modu' bat, ez horrenbeste ekintzaren menpe, edo diskurtsoaren menpe, ez bada pertsonaiaren beraren menpe. Pertsonaia, liburuan badago, hor egoteko autosufizientzia erabatekoa daukalako da, bestela ez du liburuan egotea merezi. Zer egiten du? Bizi, han bizi da, geu bizi garen bezala, pittin bat deslai, zertxobait galduta, gela batean beste hainbat lagunekin haiekin ezin elkar ulertu, ezin haien artetik pasatu sukaldera edo komunera joateko, haien eztabaida txoroei so eta entzungor aldi berean, orain hemen orain han, orain arretatsu eta orain burua beste nonbait. Hori, geure izaera intimo kaotikoa, oso gutxitan islatu da Ramon Saizarbitoriaren liburuetan bezain ongi, eta, hala agertu bada, seguruen, Saizarbitoriak bere liburuetako pertsonaiekiko daukan maitasun erabatekoari esker izango da. Ezingo nuke segur esan, ez dut idazlea ezagutzen.

Hau guztia esanda, ordea, segitzen dut neure buruari galdetuz zer ote den benetan literatura, eta ongi jakin gabe jarraituko dut, gakoa aurkitu ezin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.