Iritzia

Manuel Lasarte, egokitasunaren gailurra

Xabier Euskitze
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Bospasei urte izango nituen lehen bertso saioa entzun nuenean. Lasarte eta Agirre ziren buruz buru, Azkoitiko Urrategi auzoan, Euzkitze baserritik bi pausora. Liluraturik eduki ninduten, ez nuen ezer asko ulertuko, baina. Egiari zor, bertsolaritzaren berri ia ezer ez nekiela aurkeztu nintzen 1981ean Eskolarteko 1. Bertsolari Txapelketara. Festaren hondarrean, bi liburu mardul eskaini zizkiguten, bat hauta genezan. Nik Xalbadorren Odolaren mintzoa-ri egin nion kolpe, baina Urrestillako Keixetak purrustada egin zidan ondotik: «Horri ez zaiok ezer ulertzen, har ezak Lasarteren Gordean neuzkanak. Igoalekoxea!». Halaxe egin nuen. Denbora asko baino lehen, gure aitak Azpeitiko bertsozale bati, Jabier Arraiyori, eskatu zion aholkua: «Gure zaharren hau bertsoekin txoratuta zabilek. Zein bertsolariren kasetea erosiko hioke?». Arraiyok ez zuen zalantza izpirik izan: «Lasarterena, hura duk bertsolaririk onena». Beraz,neuk hautatu gabe, Manuelenak izan ziren nire lehen bertso liburu-kaseteak. Ez dakit zenbaterainoko garrantzia izan duen lehena izateak Manueli geroztik izan diodan miresmenean, baina bai, niretzat oso kuttuna izan da, zinez estimatua.

«Lasarte artista duk ezer esan gabe bertso ona egiten». Behin baino gehiagotan entzun izan dut hori. Gutxiespen kutsu batekin esaten bazuten ere, niri laudorioa iruditzen zait. Zer esan handirik ez zuenean ere, Lasarteren bestelako dohainek —grazia handiko kantaera, neurri zorrotza, hizkera aberatsa, joskera egokia, errima estua…— belarri-gozagarri bihurtzen zuten haren bertsoa. Bistan denez, bertsoaren arauak zorrozki betetzea oztopo da edukian mami asko sartzeko. Teorian, zenbat eta zabalago neurrian eta erriman, orduan eta esan-ahalmen handiagoa. Teorian diot, Manuelek esan ere asko egiten zuelako. Ez dago grabazioak entzun besterik. Bestalde, zabaletik zabarrera ez da koska handirik izaten. Errima hondatzeko lain.

Osasunak ez zion sekula lagundu izan Frankiko semeari, beti kexu agertu izan zen horretaz. Halere, inor gutxik irabazten bide zion bisigua jan edo txanpaina edaten. Onetik gustatzen, alegia. Eta nik ere horregatik izan dut hain gustuko Manuel Lasarteren bertso moldea, onetik dastatzea gustatzen zaidalako. Leitzako bertsolari handiaren bi puntu hauetan laburbildu liteke haren bertso jaxua. Nik berari gauza bera esango nioke:

Hitzikan distiratsunak

zuk esan dizkidatzunak…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.