Zinema. Fantasien gatibu
Marketina
Jesse Eisenberg aktore gazteak Lionsgate ekoiztetxea auzitara eraman du Camp Hell filmaren DVDaren azalean protagonista balitz bezala ageri delako. Produktoreei mesede bat egitearren cameo bat egiteko prest agertu zen, baina bere agerpenak ez ditu bost minutu ere irauten. Ekoizleek The Social Network-eko protagonistaren ospea baliatu nahi izan dute ikusleak erakartzeko. Antza denez, dena da zilegi; saltzeko edozerk balio du, eta iruzurra eta manipulazioa oso ohikoak dira industria lehiakor horretan. Indartsuenaren legea nagusi den oihan horretan ez dago legea betearaziko duen sheriff ausartik. Coen anaiek No Country for Old Men zoragarrian Estatu Batuetan sheriff-aren presentzia txorimaloarenarekin konparatu zuten. Peter Biskind kazetariak zazpigarren artearen industria mafiarekin alderatu du, eta Weinstein anaien metodoen berri ematen digu Down and Dirty Pictures liburuan. Weinstein anaiak oso ezagunak dira Hollywooden. Tirano batzuk direla diote eurekin lan egin duten gehienek, baina botereari esker ospea eta errespetua bereganatu dituzte. Edozein estrategia erabiltzen dute esku artean duten produktua saltzeko. Miramax banaketa enpresa sortu zuten 1979an, eta Sex, Lies, and Videotape izan zen euren lehenengo arrakasta. Pelle The Conqueror (Bille August, 1987) akzio film bat balitz bezala iragarri zuten, eta ikusleek inolaz ere espero ez zuten film existentzial eta goibel batekin topo egin zuten. Working Girls (Lizzie Borden, 1986) New Yorkeko emagaldu batzuei buruzko film gogorra zen, eta, kasu hartan, sexua baliatu zuten produktuaren promozioa egiteko. Iruzurrari esker irabazi ugari lortu zituzten. Sexua eta indarkeria baliatzen dituzte beti; polemika gogoko dute. Hala ere, zinema independentea gehiengoari ezagutarazi izanaren meritua aitortu behar zaie. Inork ikusiko ez lituzkeen filmak erakargarri bihurtzen maisuak dira. Marketinaren beharrik ez dute, magia egiten baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu