Lorea Agirre.
Katuajeak

Maskarada

2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Aurtengo maskaradan, azken urteetan ez bezala, eta beharbada azken hamarkadetan ez bezala, jokolari guztiak euskaldunak dira, Zuberoako ikastolako ikasle ohiek hartu dutenez berau antolatzeko ardura. Asko esaten du datu horrek, ez bada dena esaten duela. Azken urteetako maskaradetan euskaldun eta ez-euskaldunak ibili dira jokolari beraz, eta ez-euskaldunek hitzak, bertso eta predikuak, berez ulertu gabe —nahiz zer ari ziren esaten jakin— entzun dituzte, eta esatea egokitu zaienean, buruz ikasi eta bota izan dituzte. Beste hainbeste gertatu izan da eta gertatzen da euskarazko beste teatro modu batzuetan ere: hainbat pastoraletan, herri antzerkitan, eta baita antzezpen komertzialetan ere. Sarri ikusi dugu aktore ez-euskalduna euskarazko bertsioa antzezten, bereziki gaztelerazko jatorrizko lanerako (ia beti izan da gaztelerazkoa jatorrizkoa) aukeratzen zen aktorea ez-euskalduna bazen, eta ekoizleak euskarazko bertsiorako aktore euskaldun bat kontratatzeko dirurik nahiko ez bazuen. Buruz ikasi eta bota. Minorizazioaren ajeak, beste behin.

Maskaradaren aurtengo berezitasunak, paradigma eta metafora modura hartuta, dena esan lezake, asko bai behintzat, hizkuntzaren (euskararen) eta teatroaren (kulturaren) funtzio sozialaren inguruan. Hariari tiraka hasi eta lehen galdera bat dator gomutara: jokolariek euskaraz ez jakite horrek zerbaitetan ukitzen ote duen maskaradaren muina, edo txikikeria bat baino ez den. Eta bigarrena: euskaraz ez dakien jokolari horrek ze atxikimendu du ahotan darabilen hizkuntza horrekin, eta atxikimendu hori sendotu ote daitekeen maskaradaren beraren bitartez. Egia da eta esan beharra dago, atxikimendu hori azalekoena izanda ere, ez dela gutxiestekoa. Horra, minorizazioaren beste aje bat.

Badakigu Maskaradak euskaraz behar duela izan inork ez duela zalantzan jartzen (ez, ezta?). Baina, buruz ikasitakoa errepikatzea eta euskara ulertuz antzeztea, nago, ez dela berdina ez jokolariarentzat, ez antzezpenarentzat berarentzat eta ezta hartzailearentzat ere. Nor izatetik zer izatera dagoen tartea zabaltzen da bi postura horien artean, bai jokolariaren kasuan, bai hizkuntzaren kasuan, eta baita maskarada beraren kasuan ere. Subjektu izatetik objektu izatera. Erritu komunitario bat izatetik errepikatzen den koreografia estetiko bat izatera. Edo kultura izatetik folklorekeria izatera. Badago arrisku hori bederen. Bata edo beste izan, nago, hizkuntza erdigunean edo bazterrean jartzeak erabakitzen duela. Ez horrek bakarrik, baina baita horrek ere.

Zer gehiagok, bada? Maskaradak baduen, ez duen, edo behar lukeen funtzio sozialak. Zentzuak, azken finean. Alegia, zertarako maskarada? Ze zentzu du orain bostehun urteko pertsonaiak antzezten ibiltzeak, denboran gordetzeak, lehen zuen funtzio soziala galdu badu, eta berri egokirik topatu ez bazaio? Funtzio sozial sakonik ez duen emanaldi eder bat izan liteke, izan ginenaren —baina, beharbada, dagoeneko izan nahi ez dugunaren— oihartzun goxo nostalgiko bat dakarkiguna. Baina hori zer da? Errito bat edo parodia bat? Kultura edo souvenirra?

Hizkuntzarekin esan dugun berdina esan liteke hemen ere. Maskaradak gertuko gizartean duen funtzioaren nolakotasunak -maskarada bera muineko edo bazterreko izateak- eramango du balantza alde batera edo bestera. Izan ere, hizkuntzaren (euskararen) eta maskaradaren (kulturaren) funtzio sozialak elkarren beharra dute, biak lotuta doaz, zaku berean datoz.

Zer du sakonean maskaradak? Ze irakatsi digu? Komunitateari etorkizun hobea izateko desio berritze errito bat dela, konjuru bat, eta horretarako xede bat: komunitatea trinkotzea. Orain bostehun urte eta gaur egun. Eta gaur egun trinkotze hori nola egin asmatu behar dela. Asmatze horretarako giltza ere maskarada berak esaten digu zein den: euskara izatea komunitatearen trinkotze zeinu eta bidea. Komunitatea, auzoa, euskararen memorian dago, euskarak berarekin mendez mende dakarren ondarea baita komunitategintza, hain zuzen, hizkuntzak ere komunitatean topatu duelako bere buruaren iraunpenaren giltza, beste babesik ezean.

Horrela ere esan liteke. Inork esango du, akaso, hizkuntzak (euskarak) eta maskaradak (kulturak) ez dutela hainbesteko loturarik, ezta hizkuntzak eta komunitateak ere; ez duela hizkuntzak memoriarik, ez kulturak gararaziko duen eta gaur eguneraino ekarriko duen hizkuntzarik. Nago, euskara, kultura eta komunitatea inoiz baino lotuago behar dutela egon biziko badira. Maskarada maskarada izan dadin, eta ez maskarada bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.