Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Menpekotasuna

2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Jacques Audiard frantziarrak De rouille et d'os aurkeztu du Cannesen eta harrera beroa izan du. Marion Cotillard aktoreak gidoia irakurtzean hunkituta sentitu zela aitortu die komunikabideei, eta, krisi garai hauetan, Godarden baieztapena primeran etorriko litzaiguke: gidoia publikatu eta kito! Zertarako xahutu hainbeste diru gidoi hori filmatzen? Istorioa hain indartsua bada, publikatzea izango litzateke logikoena. Irakurleen barrenak gogor astinduko lituzke, gainera.

Cotillarden antzeko adierazpenak ohikoak izaten dira, eta, hortaz, badirudi zinemaren funtsa gidoia dela. Oraindik ere, zinemak literaturaren menpeko da, eta egileak irudien ordez hitzak baliatzen ditu publikoaren emozioetara iristeko. Peter Greenaway galestarraren arabera, zinema ez da oraindik jaio. Lengoaia propioa eduki ezean, literaturaren eta antzerkiaren morroia besterik ez da izango. Narrazioak preso dauka irudia, eta bistan da irudia hitzaren esklabo dela oraindik ere. Desoreka gainditzeko ahaleginak egin dituzten zuzendariak egon dira, noski; baina zoritxarrez, gauzak ez dira gehiegi aldatu. Azken finean, artea izateaz gain, industria bat ere bada zinema, eta konbentzioak beharrezkoak dira publikoaren babesa lortu nahi bada.

Wim Wenders alemaniarrak gai horren inguruan sakon hausnartu du 60ko hamarkadan bere lehen laburrak egiten hasi zenetik. Zinema klasikoak errealitatea manipulatzen zuen mundu ikuskera jakin bat transmititzeko, eta euren helburua istorioa ulerterraza eta argia izatea zen. Horregatik, narrazioaren menpe geratzen ziren beste aspektu guztiak. Irudia bigarren mailan geratzen zen, alegia. Wendersen iritziz, irudiari merezi zuen garrantzia eman behar zitzaion. Irudia hitzaren aldean anbiguoa da; horregatik, ezinegona sortzen du. Hitzak ikuslea manipulatu egin dezake; irudiak, aldiz, mundu oso bat ezkutatzen du bere barnean, eta ziurtasunik ezin eskain dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.