Clint Eastwooden J. Edgar filmaren estreinaldiak eztabaida piztu du Estatu Batuetako historia garaikideko pertsonarik garrantzitsuenetakoa izandakoaren inguruan. Gizona eta mitoa aurrez aurre ipintzea da Eastwooden ibilbidean errepikatzen diren motiboetako bat, eta, hortaz, argi geratu da Hollywood klasikoko egilerik esanguratsuenen urratsei jarraitzeko konpromisoa berretsi duela. Gizona eta mitoa aurrez aurre ipintzearekin batera mitoa desegin egiten da.
Hollywood klasikoa izan zen mitoen fabrikarik handiena, baina 60ko hamarkadaz geroztik errealitate gordina nagusituz joan zen. Alabaina, ziurgabetasuna eta nihilismoa pantailara ailegatu baino lehen, Hawks eta Fordek John Waynen mitoa sortu zuten. Mito hilezkorra dela dirudi; John Wayne: The Unquiet American dokumentalak dio estatubatuarren aktorerik gogokoena izaten jarraitzen duela. Wayne ez zen aktore soil bat izan; hori baino askoz gehiago zen: balio amerikarrak gorpuzten zituen pertsonaia zen. Ausardia, indarra eta leialtasuna haragitzen zituen Marion Morrisonek. Estatubatuarren dohain guztiak irudikatzen zituen pantailan. Waynek komunitatearen alde borroka egiten zuen beti, eta maite zuen pertsonari uko egiteko gai zen gehiengoaren mesedetan. Urteen poderioz, Wayne herri xehearen ordezkaririk garrantzitsuena bilakatu zen amerikarren —eta atzerritar askoren— iruditerian, eta westernak atsegin dituen orok badaki Wayneren mitoa oso boteretsua dela. Wayne, pertsona publiko guztiei gertatzen zaien moduan, mitoaren gatibu aurkitu zen hil arte. Wayneren pertsonaia errealistago eta zekenago bilakatu zen egin zituen azkenengo filmetan, baina mitoa indartsuegia zen; bizitza propioa zeukan.
Horregatik, Harry Callahanen papera antzezteko eskaintzari uko egin behar izan zion. Pertsonaiaren diktadura onartu behar izan zuen; Eastwoodek, aldiz, bere azkeneko maisulanei esker, zeukan irudia guztiz garbitu ahal izan du.
Zinema. Fantasien gatibu
Mito hilezkorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu