Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Mozorrotutako kristauak

2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Marvel etxearen superheroi ezagunenak batzea lortu dituen The Avengers filmak marka guztiak hautsiko dituela dirudi; Estatu Batuetan 207'4 milioi dolar eskuratu zituen hiru egunetan, eta, hori gutxi ez, eta estreinatu zenetik hiru aste pasatu diren honetan historiako hamar filmik arrakastatsuenen artean sailkatu da. Avatar eta Titanic-en atzetik geratuko dela aurreikusten dute. 18. Bilboko Zinemaldi Fantastikoan Superheroes (Michael Barnett, 2011) dokumentala ikusi ahal izan da. Une askotan dokumental faltsua zirudien arren, benetako superheroiak ageri zirela argi geratu zen azkenean. Baina ez ziren ohiko superheroiak, berezi samarrak ziren, eta errespetua transmititu beharrean barregura sortzen zuten kasu askotan. Publikoa barrez lehertu zen pertsonaia xelebre horiek pantailan ikusita. Ez ziren superheroi ahaltsu eta erakargarriak, hezur-haragizkoak besterik ez ziren Kick-Ass komiki eta filmeko protagonista bezalaxe, eta mozorro irrigarriekin irteten ziren kalera gaizkiaren aurka borroka egitera. Batzuen ustez, ero batzuk baino ez ziren; baina beste askoren ustez, euren ekarpena biziki garrantzitsua zen. Euren helburua jendeari laguntzea da, eta, horretarako, ez da botere berezirik behar, lagundu nahi izatea nahikoa baita. Estatu Batuetako hirietan benetako superheroiak ikustea ohikoa bilakatu da; argi dago Poliziaren lana ez dela guztiz eraginkorra, eta, horregatik, superheroiak kaleak zaintzeaz arduratzen dira. Bizilagunak lasaiago egon daitezen gauero irteten dira. Ahulenen itxaropena bihurtu dira; jada ez daude bakarrik. Eskaleak pertsona gisa tratatzen dituzte; ikusezinak diren pertsonak ikusteko gai dira. Egia da asko ez daudela gaizkileei aurre egiteko moduan, baina beste batzuk gogor entrenatzen dira, asmo onek ez baitute ezertarako balio. Irabazi asmorik gabeko elkarteak sortu dituzte eta gobernuaren aitorpena erdietsi dute. Kristau ona izatea ez da inoiz hain zirraragarria izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.