Lorea Agirre.
Katuajeak

Parentesi artean

2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Euskara eta emakumea, bai bikote ederra. Horrela idatzi nuen orain lauzpabost aste hemen bertan. Parentesi artean orduan. Parentesiaren hesiak kenduta orain. Ordukoa ederra zen, inauteri jaia, euskara taldeak eta talde feministak elkarrekin antolatua: maitasun erromantikoaren parodia bat. Bikote ederra, inondik ere, nahiz eta ez bataren ez bestearen egunerokoa beti izan eder. Eta bikote? Bikote al dira euskara eta emakumea? Izan al daitezke?

Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Behatokia erakundeak orain hilabete gutxi eman zuen argitara emakumeek kulturan duten parte hartzeari buruzko azterketa bat. (Parentesi artean jartzekoa, hurrengo baterako oharra: kultura izan liteke beste eremu minorizatu bat, emakumea eta euskararekin batera hiruko ederra osatuko lukeena). Ikerketak hainbat ondorio ditu, nahiko orokorrak gehienak, baina argazki argi xamar bat ematen dutenak hala ere. Ideia bat gailentzen da: emakumeek gizonezkoek baino interes handiagoa dute kultur jarduerekiko, eta horietan parte hartzeko joera handiagoa erakusten dute, baina, hala ere, gizonezkoen kontsumo-maila handiagoa da.

Zer dago baina horren atzean? Adibidez: emakumeek nahiko luketen baino gutxiago doaz, demagun, zinemara. Gizonezkoek ez dute hainbesteko interesik, baina errazago eta gehiago doaz. Denbora libre gehiago dutelako? Plaza publikora joateko joera handiagoa dutelako? Tradizio luzeagoa?Diru gehiago, agian, horrelakoetan gastatzeko? Eskaintza aproposagoa? Gustatzen zaiena errazago topatzen dute karteldegian? Galderak dira, ingurukoari begirada azkar bat bota eta gero, otutzen zaizkidanak.

Nabarmentzen den bigarren ideia: emakumeek interes handiagoa izan baina hala ere gutxiago kontsumitzeaz gainera, kontsumitzen dutena eremu txikiko kultur diziplinetako produktuak dira: liburuak irakurri, eta antzezlanak eta dantza emanaldiak ikusi. Hiru horiek dira, hain zuzen, emakumeek kontsumitzen duten kultura, aipatu ikerketaren arabera. Hirurak eremu txikia osatzen dute kultura barruan, eta lehena, gainera, erabat eremu pribatukoa da, etxeko egongelakoa.

Musika ere interesatzen zaie, kasik gizonen pare, baina kontzertuetara dezente gutxiago joaten dira. Hain zuzen musika da, zuzeneko emanaldietan zein modu grabatuan, kulturaren baitan kontsumo maila handienetako duen diziplina, masifikatuena, teknologia berriekin batera, eta, hara, bi eremu horietan interes gehien dutenak eta gehien kontsumitzen dutenak gizonezkoak dira. Alegia, gizonezkoak kontsumitzaile nagusi dira kultur eremu indartsuetan (zabalkundea eta prestigio publikoa dutenetan), eta emakumezkoak, berriz, kultur eremu ahuletan (zabalkunde gutxi eta prestigio publiko txikia dutenetan). Parentesi artean doan kultura da emakumeek kontsumitzen dutena.

Eremu eta prestigio txiki eta handi, neurri horietan, parekatu al daiteke hizkuntzen egoerarekin? Esan al daiteke hizkuntza hegemonikoa nagusi dela kultur eremu indartsuetan, eta hizkuntza minorizatua, berriz, kultur eremu txiki edo ahuletan bizi dela? Beharbada bai. (Beste parentesi bat: honek ez du esan nahi emakumeek kontsumitzen duten hori euskaraz denik, eta alderantziz. Baina inkesta baterako puntu interesgarria litzateke. Generoari begira nork kontsumitzen du euskarazko kultura? Eta beste bat: euskarazko kulturaren eremuan ere ematen al da ikerketan nabarmentzen diren bi ondorioak?).

Eta zerk egiten ditu eremu horiek txiki? Euskaraz izateak? Edo euskarak eremu txikietan ibiltzeko joera du? Bestela esanda, emakumeak nagusi diren kultur eremu horiek txiki izatea emakumeak nagusi izateak dakar? Edo emakumeak eremu txikietara joateko joera du? (Azken parentesia: euskaraz ari garenean zer esaten ari gara generoaz? Genero gaietan ari garenean, non kokatzen dugu euskara?)

Ez dut erantzun garbirik. Galderak eta parentesiak zilegi direla uste dut. Nago, paraleloan eta ezaugarri antzeratsuz bidea egiten doazen bi borroka direla: biak dira gutxiegitasunaren eta kolonizazioaren meneko. Badute, bai batak eta bai besteak, elkarrengandik zer ikasi. Emakumearen berdintasunaren aldeko borrokak ekar lezakeela euskararen normalizazioaren aldeko bultzada, eta euskararen normalizazioak ekar lezakeela emakumearen normaltasuna. Izan daitekeela. Izan beharko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.