Ismael Manterola
Artea. Begiz

Pistoletto

2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Asteazken arratsaldean Bilbo zoramenaren zurrunbiloan sartu denean, zentzu eta bake pixka baten bila noa Guggenheim museora. Bertan Michelangelo Pistoletto artista italiar ezagunaren hitzaldia dago iragarrita. Hiria zeharkatu ondoren, museora iritsi naizenean eta entzunaretoko besaulkian jarri naizenean, egun horretako zoroak artista entzutera etorritakoak garela konturatu naiz. Bilbon egun horretan egin daitekeen planik harrigarriena eta zoroena ez da burutik oinetaraino zuri-gorriz mozorrotuta kalera mozkortzera irtetea, zarata egiten eta orro trogloditak botatzen, kiskaltzeko moduko tenperatura egon arren artilezko bufanda lodi zatarra lepo inguruan jantzita, ez. Zoroak, arraroak gu gara, arte liburuen bidez ezagutu dugun artista konprometitua entzutera joan garenok.

Zoramen edo abentura izugarri horretara sartzera goaz, 60ko hamarkadako arte joera interesgarrienetako baten, hau da, arte poveraren ordezkari ezagunena izan zenaren eskutik. 79 urte betetzera doan artistak bere ibilbidea era xume eta ulergarrian azaldu die Bilbon Athleticen partida interesatzen ez zaien ikus-entzule bakanei. Munduaren eta errealitatearen gaineko kezkak eta galderak egiten omen zituen hasierako artelanen bidez. Gero, zerbait ezberdina egiteko gogoak zeharo aldatzera behartu zuen bere egiteko era. Azkenik, garbi azaldu digu artea mundua eraldatzeko tresna egokia dela. Bizi garen errealitatea arriskuan dagoela eta zerbait egiteko unea dela. Hortxe azaldu zaigu artista konprometitua. Harriduraz hartu ditut bere hitzak; ez nekien zertan zebilen azken urteetan ispiluak behin eta berriz erabili zituen artista. Biella jaioterrian, Italia iparraldeko hiri industrialean, Turinetik hurre, Cittadellarte (Arteare hiria) izeneko proiektua sortu du Pistoletto Fundazio izeneko erakundearen barruan. Bere tesiaren arabera, natura eta gizakiak sortu duen artifizioaren artean hirugarren espazioa sortu nahi du, terzo paradiso delakoa. Hirugarren paradisu horretan gizakiak oreka bilatu beharko luke teknologiak eskaintzen dizkion aukerak eta naturak eman dezakeenaren artean. Horregatik, ikerketa bulego ezberdinak antolatu dituzte, gizartearen alor ezberdinak aztertzeko eta interesgarriago dena, proiektuak aurkezteko: politikaren gaia aztertzen duen ataletik, bertako produktuak eskaintzen duen kafetegiraino.

Proiektuaren irudia zatia berreskuratu duen artilezko sagar erraldoia da, Apple ordenadore enpresaren anti-ikono bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.