Patxi Zubizarretaren Joan liburuan, arte plastikoen sari banaketa istilutsu bat deskribatzen da. Saria jasotzera doanean, Joao izeneko fikziozko pertsonaiak pinturaz betetako globoak botatzen ditu jendearen kontra, tartean dagoen kultura ministroaren marka garestiko trajea zikin-zikin eginda lagatzen duelarik. Ordutik aurrera, Joao Artearen etsaia ezizenaren bidez ezaguna izango da Portugalgo kultura munduan.
Itxuraz, aurki Gure Artea sariak banatuko dira, eta gure artean goian deskribatutako egoeraren antzeko zerbait gerta zitekeen irudikatzen saiatu naiz. Ez dirudi horrelako ezustekorik gertatzeko arriskuan gaudenik; agian ezta nahi ere. Baina, aurtengo Gure Artean egon diren aldaketak kontuan izanda, sorpresaren bat edo performanceren bat eskertzekoa izango litzateke.
Perfektua ez zen sari sistema hobetu beharrean, sari askoz ere konbentzionalagoa bihurtu dute lehendik artisten artean ilusio gutxi eragiten zuen Gure Artea saria. Lehen, gutxienez, dirua hiru artistaren artean banatzen zen, eta horrek pizgarri moduan funtzionatzen zuen sarira aurkezterako orduan. Gaur egun, sarira aurkezterik ere ez dago. Horren ordez, Eusko Jaurlaritzako kultura sailak izendatutako bost epaimahaikideen artean saria jasotzeko gai izan daitezkeen hiru lagunen izenak proposatzen dira, hiru ataletan banatuta: ohorezko saria, «bere onenean dagoen artista» eta artearen alde zerbait egin duen norbait edo erakunderen bat.
Berez, ez dago gaizki ohorezko sariak banatzea edo artearen alde zerbait egin duen edo egiten duen norbait saritzea. Garbi ez dudana da sarituek dirua jaso behar duten edo ez. Ohorezko sariak ematea ondo dago, eta aurtengo irabazleek merezi dutela iruditzen zait, nahiz eta Gure Arteako diru poltsatik irten behar izatea ondo ez iruditu. Azkenean, aurtengoan, dirua lanean dauden hiru artistaren artean banatu beharrean bati bakarrik emango zaio.
Bestalde, lehen, aurkezten ziren artisten artean banatzen ziren sariak; orain, berriz, Kultura Sailekoek izendatutako epaimahaikideen artean proposatutakoen artean. Lehen, erakundeak arduraduna izendatzen zuen, eta horrek profesionalen artean hiru epaimahaikide aukeratzen zituen. Azken horiek normalean kanpokoak izaten ziren, inpartzialtasun handiagoa ziurtatzeko.
Azkenik, aukeratutakoen artean erakusketa antolatzen zen, eta horrela, bi urtetik behin, Euskal Herriko artisten lanen ikuspegi zabala ezagutzeko aukera izaten genuen. Horren ordez, aurten, sari banaketa ekitaldi arrunta izango dugu (Oscar sarien formula kopiatzen ez badute behintzat), eta ziur egon gaitezke ez dela Patxi Zubizarretaren liburuan deskribatutako sorpresaren antzekorik izango.
Artea. Begiz
Sariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu