O rdu bata eta bost ziren Crhistian Marclayren The Clock filma ikustera eseri nintzenean. Veneziako Biennaleko erakusketa nagusian zegoen, Arsenaleko pasilloen bukaeran, hondo-hondoan.
Hasieran grazia egin zidan, zein ordu zen esaten zuten eta erlojuen irudien film zatiz osatutako 24 orduko filma zela konturatu nintzenean. Hala ere, pixkanaka filmak harrapatu egin ninduen eta ordu erdi bat edo egon nintzen, denboran aurrera zihoan filmari begira.
Askotan konturatu naiz fikzioaren denborak (kontakizunena, filmena, arte plastikoena, antzerkiarena …) ez duela denbora errealarekin bat egiten. Gauza asko gerta daitezke liburu baten orrian, film baten minutu batean edo koadro baten segundo batean. Denbora erreala, aldiz, erritmo ezberdinak izan arren, segundo, minutu eta ordutan banatuta daukagu.
Horregatik The Clock filma berezia da, fikzioaren eta errealitatearen denborak bat egiten dituelako, Warholen film aspergarrien antza handirik izan gabe. Finean, filma 24 orduko erloju handi eta entretenitua dela esan dezakegu. Etxean, patrikan, ohearen ondoan edo kanpandorrearen goialdean egon zitekeen erlojuaren antzeko zerbait da Marclayren filma; ezinezkoa dela jakinda, noski.
Tentsio horrek interesa emateaz gainera, filma gustura ikusi daitekeela konturatzen gara, eta agian, horixe da sorpresarik nabarmenena. Filmetatik eta telesailetatik hartutako milaka zatiz osatutako filma Terrence Malicken The Tree of Life filma baino interesgarriagoa dela konturatzean dator ezustekoa.
Itxuraz loturarik gabeko zatiak denboraren narrazio bitxia bihurtzen dira eta, aldi berean, denboraren errealitatea azpimarratzen dute. Artistak zein film eta zein serie aukeratu dituen asmatzea joko ederra bihurtzen dira filma ikusten dugun bitartean, eta, bitxia bada ere, denboraren zentzua galtzen dugu, nahiz eta pantailan zein ordu den etengabe azaldu.
Jakin-minak jota, bitan bueltatu nintzen filmera Biurtekoan nintzen bitartean, ordu bi eta erdiak aldera lehenbizi eta bostak eta piko aldera beranduago, filmak erlojuaren erritmoa jarraitzen zuen ziurtatzera.
Gauez, behin erakusketa itxi ondoren, filma martxan jarraituko ote zuen izan zen filma ikusi genuenon kezka.
Artea. Begiz
'The Clock'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu