Jon Eskisabel.
Ilaran

Tralala

2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Hertzainak San Prudentzio egunean berragertu zen ustekabean, Gasteizko Hell Dorado aretoan, duela hilabete pasatxo zendutako Tito Aldama taldekide ohiari omenaldia egiteko. Emanaldi laburra izan zen, bost kantu baino ez, nahikoa festa handia sortzeko, nahikoa taldea berriz elkartuko den itxaropena beste behin pizteko zaleen artean. Baina badirudi ezetz, oraingoan ere ez dela hori gertatuko, Twitter bidez Patxi Gaztelumendik Josu Zabalaren ezeztapena ekarri zigun. Ez flipatzeko.

Gogoan dut Itoizi buruzko biografia idatzi nuenean maiz galdetu zidatela ea nahiko nukeen taldea berriz elkartzea. Beharbada, ez zen liburua saltzeko modu eraginkorra, baina ezetz erantzuten nuen, ez niola zentzurik ikusten hildakoa berpizten saiatzeari. Ulertzen dut jendeak Hertzainak, Itoiz edo Kortatu berriz taula gainean ikusi nahi izatea taldeok beren onenean ezagutu zituztenek zein txosnetan eta tabernetan haien musikarekin hazitako belaunaldi gazteek. Zergatik ez, ezta? Ulertzen dut, baina ni ez nau aukera horrek kitzikatzen, hortik etor daitekeen bakarra 80ko hamarkadarekiko nostalgia are gehiago elikatzea delako. Eta plater horretatik nahikoa eta gehiegi jan dugula iruditzen zait.

Inkontzientea, ordea, beti ari da lanean, eta ez du barkatzen. Une honetan Balerdi Balerdiren kantu zahar hura abesten harrapatu nau: «Aspertu nauk hi, rock star, nazkatu, leporaino bete, sobera zerbeza…». Ez dago kasualitaterik. Balerdi Balerdi ikustera joan nintzen larunbatean. Bai, lehen diskoa —hamar hazbeteko binilo bat, Mauro Entrialgo komikilariaren diseinu apartarekin— duela 21 urte atera zuen talde nafar hura. Geroago beste bi disko kaleratu zituen: Ez gara galdu (Gor, 1994), euskal pop-rockaren lanik gorenetakoa, eta Hobe behin gorri ezen ez beti hori (Gor, 1997)—. 2000. urtean ezkutatu zen laukotea, eta ez zuen bizi arrastorik eman, harik eta duela bizpahiru urte hirukote formatuan eta Balerdi Erdi izenarekin agertu zen arte. Baina orain jatorrizko izena berreskuratu dute. Eta ikustera joan naiz Berara.

Zeinen apetatsua den hainbat urteren ondoren agertokietara itzultzea erabakitzen duten taldeen aurrean izaten dugun jarrera… Edo ez.

Haize freskoa ekarri zuen Iruñeko taldeak, taldekideak hasiberriak ez izanagatik —Toño Muro eta Marino Goñi 70eko hamarkadaren hondarretik ari ziren taldeetan jotzen: Tocamas, Fuletamol, Motos, Fiebre…—. Erakargarri eta berezi egiten zuten osagaien artean, musika eraginak zeuden batetik —Erresuma Batuko new wave eta mod taldeenak zein AEBetako rock amerikar berriarenak: The Kinks, The Jam, The Smithereens, Dream Syndicate…—, eta hitz samur, ironiko eta zirikatzaileak bestetik —horietako asko, lehen aipaturikoa bezala, Pello Lizarraldek idatzitakoak; bai, asteon Orbanak nobela aurkeztuko duen berberak—, eta, azkenik, taula gaineko jarrera beti alai, apal, konplexurik gabeko eta miresgarriki amateurra. Ez alferrik, Beti gazte zioen taldearen lehen abestietako batek.

Balerdi Balerdiren berraragiztatze honetan, Toño Murok eta Zara bateria jotzaileak taldekide berri bat dute —Carlos Ortiz Kerobiako baxu jotzaile ohiak hartu du Marino Goñiren lekua—, kanta berriak ekarri dituzte besapean, eta baliteke udan estudioan sartzea grabatzera. Berako Kataku tabernan kantu horietako batzuk aurkeztu zituzten, eta zinez itxura ona hartu nien. Ezkabapean izenburuko ska bat izan ezik, besteak betiko Balerdi Balerdi dira. Haiek eta Muroren aurreko taldeetako abestiek osatu zuten kontzertuaren lehen zatia, eta bigarrenerako Balerdi Balerdiren ale bikainenetako batzuk gorde zituzten: Hautsaren dantza, Non duzu zauria zoragarria, Lore Etxean (okupazioaren alde idatzi den kanturik ederrena), Gabe jauna, Letrak zeruan… eta, amaitzeko, Gu besterik psychobilly kutsukoa. Biluziagoak baina indar amiñik galdu gabe azaltzen dira kantuok power trio formatuan, Blanka Izkueren teklatuak eta bigarren ahotsa falta dira, baina trukean Toño Murok gitarra jotzeko duen gustu ona are nabarmenagoa da.

Balerdi Balerdi bueltan da, eta, itxura denez, denboraldi baterako gelditzeko asmoa du. Datorren larunbatean Arturo Campion euskaltegiaren 40. urteurreneko festan joko du, Iruñean, Gora Gora Kidsekin batera, eta ekainaren 1ean Elgetako Espaloia kafe antzokian, Moraurekin.

Ez (dira) galdu.

«…eta kaskoa huts baduk, kanta ezak tralala…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.