Ismael Manterola
Artea. Begiz

Txerriak Louvren

2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Aspalditik ari da Wim Delvoye artista belgikarra txerriak tatuatzen eta erakusketa aretotan erakusten. Hori dela eta, animalien babeserako erakundeen kexuak entzun behar izan ditu. Oraingo honetan, aldiz, Parisko museoko gela dotoreetan disekatutako eta tatuatutako txerriak sartzeak artezale kontserbadoreen haserrea piztu du. Napoleon III.aren garaiko altzari, alfonbra, gortina, tapiz eta portzelanen artean animalia koloretsuak daude deskantsuan edo zutik, edozein gortetan izango luketen jarreretan, lasai asko. Hori gutxi balitz bezala, txerriek azala tatuajez beteta daukate, eta horrek aulkien eta besaulkien tapizatuekin bat egiten du. Eta esan behar da garai bateko joera dekoratzaile bete xamarrekin ondo datozela bat, animalia txerria ez balitz, noski.

Delvoyeren lanak gustu herrikoi beteegiarekin jokatu du beti. Gainera, beste garai batzuetako teknikak erabili izan ditu egungo makinei gehitzeko. Portzelanetan azaltzen ziren lore eta apaingarriak porlana nahasteko makinekin edo katedral gotikoetako leihoetan jartzen ziren beirateak gaur egungo irudiekin, adibidez.

Baina azkenaldian jendearen artean hain modan diren tatuajeekin lanean dabil, eta azal gainean betiko irudikatzen ditugun lore, buru-hezur, emakume irudi, esaldi, geometria eta beste irudi hutsal eta, oro har, itsusiak txerrien azalean tatuatzea erabaki du, txerria hiltzen deneko azal lehorra erakusketa aretoetara eramateko.

Hala ere, Louvreko erakusketan urrats handia eman du gizaki baten sorbalda guztia tatuatzearekin. Bildumazale batek tatuajea erosi du, eta gizona hiltzean, tatuatutako azala jasoko du bere bilduman Wim Delvoyen artelanik polemikoena gordetzeko.

Ekintza hori arte merkatuari egindako kritika edo arte merkatuan zeharo murgiltzea den erabakitzea ikuslearen esku dago. 2008an bere gorputzean Wim Delvoyren tatuajea irudikatuko zuela erabaki zuen gizona —Tim izeneko norbait— askea zen. Hiltzera doazen txerriei tatuajeak egitea, berriz, beste kontu bat izan daiteke; mendebaldeko gizartearen hipokrisia agerian jartzen duenik ezin ukatu; gure tripan bukatuko duen urdaiazpikoa edo txorizoa izan beharrean, txerriek Louvreko saloi dotoreetan bukatzea nahiago izango zutela pentsatzeko tentazioa dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.