Analisia

Txile, presente

Agus Perez.
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Txile izan da aurtengo gonbidatua Translatines festibalean, eta Salvador Allenderen garaian askotan errepikatu zen leloari kasu eginez, ugariak izan dira Pinocheten herentzia astunari buruzko aipamenak eta gogoetak: La amante fascista-ren irakurketa, Afasia, los olvidados de la dictadura dokumentala, izen bereko antzezlana —diktaduran torturatu zituzten haurrei buruzkoa—, Comida alemana —Colonia Dignidad ideologia naziko etxaldeari buruzkoa— eta Villa y Discurso antzezkizun bikoitza.

Villa y Discurso-rekin hasi zen nire egonaldia Translatinesen. Villa deitura neutroak Villa Grimaldi izeneko tortura etxeari egiten dio aipamen. Militarrek zeharo suntsitu zuten, beren krimen izugarrien frogak ezabatu nahian, eta taula gaineko hiru emakume gazteek oraingo eremu soilarekin zer egin erabaki behar zuten. Eztabaidan zehar, ordea, iragan hartako kontu asko azaleratu ziren, eta haien bidez jakin genuen nola markatu zituen beren bizitzak beraien amek han bizi izandakoak. Discurso, berriz, Michelle Bacheleten agur-ekitaldiko hitzaldi hipotetikoa da, eta oso lagungarria egin zitzaigun Pinocheten osteko Txilek jaso duen zama eta presidente andreak harekin zer egin nahi izan zuen ulertzeko.

Baina Txile barruko mugetan Maputxe herria bizi da, eta haiek ere egon dira presente, presentzia ikaragarriz egon ere, Ñi pu tremen antzezlanean eta Ülkantun musika emanaldian. Gainera, eta merezimendu osoz, protagonista nagusiak izan ziren Baionako udalak bere areto nagusian festibaleko artistei egin zien harreran, benetan hunkigarria izan baitzen bertako Kultura zinegotziari entzutea zinezko ohorea zela adin guztietako emakume apal haiek Euskal Herrira etorri izana. Bestalde, niretzat ere pribilegio zoragarria izan zen mapudungun eta euskarazko esaldiak beraiekin trukatu eta kultura kontuak konpartitu ahal izatea. Antzezkizunean ere beren duintasun telurikoa erakutsi zuten maputxeek eta, emanaldia bukatu zenean emozioa lehertu zen, haietariko gehienek ezin zuten malkoei eutsi eta gutariko asko haiek besarkatzera edota musu ematera hurbildu ginen.

Gainera, beste harribitxi bat sortu da emakume maputxeen lanaren haritik: Didier Ruizek eskarmentu handia dauka antzezle ez profesionalekin lan egiten, eta Emabide izeneko muntaian Ipar Euskal Herriko hainbat lekutako zenbait emakume hautatu eta emanaldi zirraragarria eratu du, beraien bizipenetatik abiatuta. Horretarako, dramaturgia arina sortu du, gehienbat protagonisten gizatasun ikaragarrian oinarrituta, eta, horrela izanik, herri-kanta politek, isilune esanguratsu sakonek eta euskararen doinu desberdinek kutsu berezi eta sakona eman diote lanari. Kanbon eta Baionan taularatu ostean, Donostian ere egongo dira, eta nik uste dut Euskal Herriko beste leku asko bisitatu beharko lituzketela.

Jaialdiaren azken emanaldiak Ameriketako beste gune mingarri baterantz begiratu zuen, Mexikoko Linea de sombra konpainiaren Amarillo lanarekin.AEBek eraikitako lotsaren harresia izan zuen hizpide, eta antzerki fisikoa, irudi proiektatuak eta performancea sormen handiz elkartuz, argi utzi zuten munduko Hegoaldeak ahalmen ikaragarria duela gure kontzientzia lokartuak astintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.