Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu

Wallace eta Gromit

2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Animabasauri jaialdiaren 8. edizioaren atzerabegirakoak Aardman ekoiztetxe ingelesaren lanak ezagutaraztea izango du helburu. Aurreko urteetan Halas & Batchelor Cartoon Films, Maite Ruiz de Austri eta BRB Internacional, Tim Burton eta Pablo Llorens omendu zituen moduan, aurtengo honetan Chicken Run (Peter Lord, Nick Park, 2000) filmarekin ospetsu egin zen etxearen lanik esanguratsuenak proiektatuko dira Bilboko Golem Alondegian. Gaurkoan, Wallace & Gromit in The Curse of The Were-Rabbit (Steve Box, Nick Park, 2005) animazio filmik onenaren Oscarra irabazi zuen pelikula arrakastatsua ikusi ahal izango da, eta, bihar, Arthur Christmas (Sarah Smith, Barry Cook, 2011) proiektatuko da. Aardman Peter Lord eta David Sproxtonek eratu zuten, 1972an, eta telebistako haurrentzako saioentzako lanean hasi ziren. Baina hasieratik euren helburua helduak animazioaren mundura erakartzea izan zen. 1986an Nick Park kontratatu ostean, Peter Gabriel musikariaren Sledgehammer bideoklipean parte hartu zuten, eta, gerora, Nina Simone bezalako artistekin lan egin zuten. Lehenengo Oscar saria Parkek zuzendutako Creature Comforts (1990) film laburrari esker lortu zuten, eta bigarrena hiru urte beranduago lortu zuten 30 minutuko iraupena zuen The Wrong Trousers-i esker. 1995ean, Wallace eta Gromit bikotearen abentura berriarekin Hollywood konkistatu zuten, eta, geroztik, pertsonaia horiek nazioartean ezagun bilakatu dira. Familia guztiarentzako film dibertigarri eta atseginak ekoizten dituzte, eta hori gutxi balitz, zolitasun handikoak direla aipatu behar da. Gainera, stop motion teknika darabilte; hau da, geldirik dauden plastilinazko pertsonaiei bizia ematen diete. Irudi finkoen segida osatzen joaten dira, eta horrela sortzen dute mugimendua. Burtonek teknika bera erabili zuen, esaterako, Corpse Bride (2005) lanean. Ez dauka zerikusirik ordenagailuz egindako animazioarekin, ezta marrazki bizidunekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.