Lorea Agirre.
Katuajeak

Zer egingo dugu kulturarekin eta politikarekin? (I)

2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Kultur eta politika dinamikari eta kudeaketari modu berriz ekiteko beharra eta gogoa usaintzen da hainbat herri eta udaletan. Bestelako egoerak sortu dira, paradoxikoak alde batera, eta horrekin galdera zaharrak berritu dira. Kulturarekin eta politikarekin zer egingo dugu, horra galdera potoloetan potoloena. Berritasuna, zer egin galderari baino gehiago, nola egin itaunari lotzen zaio. Baina argi dago nola egin horrek, moduak, zer hori, edukia, ere berritzea dakarrela. Nola egin, ze modutara, ze kudeaketa eredu hautatu, hori da ezbaian lehen baino indar handiagoz ikusten dena han hemen.

Zehatzago esanda, herrietako kultur eragileek eta herrietako administrazio publikoak ze elkarlan modu egin behar duten. Elkarlan horretan gauza asko daude jokoan: non bildu behar diren, nortzuk bildu behar diren, zer eztabaidatu behar den, erabakiak non eta nork hartu behar dituen, ze kultur eredu indartu behar den. Prosaikoago esanda: non eta nork proposatu, eztabaidatu eta erabaki behar duen zer egin kultur azpiegitura, programazio, sortzaile gune eta inbertsio eta diru-laguntzekin. Eta hitz lodixeagoekin formulatuz gero: zer da publiko izatea, zer da ekimen publikoa, zer pribatua, zerk ematen du publiko izaera, nork kudeatu behar ditu diru publikoak. Eta segi gizentzen: zer da demokrazia, zer da politika, zer da parte hartzea, zer da gobernantza eraldatzailea. Eta hariari tiraka segituz: zer da kultura ofiziala, zer da kontrakultura, zer da kultura herritarra, zer da goi mailako kultura. Galderak ez zaizkigu falta, eta hori abiapuntu ezin hobea da.

Eta zergatik diogu orain zabaldu eta orokortu egin dela eztabaida kultural politiko hau? Parametroak aldatu egin direlako. Makrotik begiratzen badugu, botere eta kontrabotere eredua desegiten joan da azkenaldian hemen bezala beste leku askotan. Erakundeen kultur politikak eta herrigintzakoak aurkakotasun hutsetik elkarlanerako bidean lehen urratsak emateko moduan jarri direlako hainbat lekutan. Ez guztietan, badakigu, aldaketak ez dira goizetik gauera izaten, eta gainera ez dira inoiz erabatekoak izaten, eta kontrako jarrerak indarra galtzea ez da erraza. Baina bai, bizi gaituen edo bizi nahi gaituen aro politiko berri honetan, kultura politiko berri baten beharra dago (aroaren beraren kasua, ondorio baino gehiago ziurrenik) eta baita politika kultural berri baten lehen arrastoak nabarmentzen joatekoa ere. Lotuta doa dena. Kasu argi bat, azken aldian ugaritu dena, kasik orokortu eremu geografiko batzuetan: herrigintzatik kultur kudeaketan ibilitakoa orain kargu politikoa da. Argiago esanda: gaztetxeko kidea kultura zinegotzia da orain. Bizkarka jardun duten bi mundu, lehena kontrakulturan eta bigarrena kultura ofizialean. Eta aurretik botatako galdera guztiek gorputz hartzen dute egoera horretan. Batetik, maila pertsonalean: gaztetxeko kide eta zinegotzi izan al liteke aldi berean? Edota, zinegotzi izateak gazte asanbladako bileretan parte hartzeari uztea dakar halabeharrez? Gainontzeko asanblada kideen berdintasun mailan berean dago honezkero? Bestetik, maila kolektiboan: udalak gaztetxearen ekimena bere egin dezake edota sostengu erabatekoa eman? Nolabait, ofizializatu? Eta, gaztetxeak onar lezake sistemaren kontrara eraikitako egitasmoa (jabego pribatuaren aurrean okupazioa, hierarkiaren aurrean eredu autogestionatua eta asanblearioa, diru-laguntzen aurrean autofinantziazioa) udalaren babes osoa izatea? Nolabait, kontrakulturatik kultura ofizial izatera igarotzea? Gatazka kulturala egun batetik bestera desagertzen da gutarrak boterea erdiesten duenean?

Ados, galderek badute bere tranpa, egoerak ez dira hain muturrekoak, batzuk ez dira hain kontra eta besteak ez dira hain ofizial. Inor ez da hain aratza. Baina paradoxahor dago. Eta zer eta nola egin galdera aldiro planteatzea beti da ona.

Botere kontrabotere, kultura kontrakultura paradigmak urte luzeetan bide luzea egin du gurean. Konfrontazioak maila eta esparru asko izan ditu. Kultura borroka gune izan da, bereziki euskal kultura. Orduko eszena bat datorkit akordura: Guggenheim museoaren zabaltzearen aitzakiara egindako elkarrizketan, eta kultura ereduaz galdetutakoan, Joseba Arregi Kultura sailburuak kazetariari, amorruz:«Baina, baina orduan zer? Antzerkiko diru-laguntzak nori eman antzerki taldeek erabaki behar al dute?». Ba... agian bai, zergatik ez? Erantzun zalantzatia. Garai hartan, bulego hartan, kazetariari ere zentzugabekeria handi samarra iruditu zitzaion erantzun zuena. Gatozen lekutik gatoz, hori horrela da. Eta nonbaitera iritsi gara, hori ere egia da. Gaur egun, beharbada ez hain modu sinplean baina, diru-laguntzen banaketa gehiago doa kazetariaren erantzunetik kultura sailburuaren predikazio eta praktikatik baino. Pentsatu nahi dut gaur hemen kudeatzaile edo kargu publiko batek ez lukeela galdera horrela botako, ez bada zalantza azaltzeko, benetan galdera bat planteatzeko. Kulturarekin eta politikarekin zer egin behar ez den behintzat badakigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.