Lorea Agirre.
Katuajeak

Zer egingo dugu kulturarekin eta politikarekin? (III)

2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Lezio batzuk metatu ditu euskalgintzak. Hortxe ditugu ikastolak, pribatuak baina herritik eta herria egiteko bokazioz sortuak. Nolatan har daitezke pribatu balira legez, beren egitekoa, hezkuntza dela medio, euskara eta euskal kultura normalizatzea bada? Hau da, gizartean gutxiegitasun mailan dagoen egoera bat hobetzea badu xede? Injustizia bat orekatzea? Ez al da hori politika publikoen xede nagusia, gutxiago duenari gehiago duenaren pare iristeko laguntzea? Aukera berdintasuna bermatzea? Eta zer dira ba euskarazko hedabide ez-publikoak? Milaka herritarren ekimenetik eta haien sostenguarekin sortuak direnean gehienak? Zergatik kontsideratzen dira hedabide publikoak baino pribatuagoak?

Test bat pasa arazi liteke pribatu den hori publiko ote den, eta alderantziz publiko den horrek pribatu gisa jokatzen ote duen jakiteko: Zertarako da kultur ekimen hori? Ze helburu du? Ze kultura mota indartzen du? Zein hizkuntza elikatzen du? Non sortzen da? Norentzat ari da? Noraino iristen da? Ze sare sortzen du? Ze elkarlan bultzatzen? Bere barne kudeaketa demokratikoa da? Gardena da? Berdintasunezkoa? Parte hartzailea?

Kulturgintzak ere metatu ditu lezio batzuk. Demagun, Azpeitiko Kultur Mahaia. Dozena bat urteko epean, herriko kultur talde guztiak batu, koordinakunde batean bildu eta kultur mahai bat eratu dute. Hiru helburu oso zehatz jomugan: kulturgune bat sortzea, kultur egutegi bateratua egitea eta hedabideak sortzea. Hirurak lortu dituzte. Udaleko ordezkariei aulki bat gordeta baina udaletik kanpo. Mahaiak, esan liteke, neurri handi batean herriko kultur politika zuzendu eta gauzatu duela azken urteetan, unean uneko aginte politikoaren kolorea eta aldeko edo kontrako iritzia gorabehera.

Demagun, Gernikako Astra gaztetxea. Arma fabrika bitan okupatzearekin batera, parte hartze prozesu luzea abian dute Gernikako kultur taldeek. Parte hartze prozesu horretatik atera da eraikinak zer-nola izan behar lukeen, eta orain nola kudeatuko den lantzen ari da gaztetxeko jendea. Prozesu hori dela medio, herritarren eta Udalaren aurrean zilegitasun osoa bereganatu dute.

Tartean, udalak erosi du arma fabrika zaharra. Eraikina berrituko dela argi dago, baina nork eta nola kudeatuko duen ikusteko dago, besteak beste politika makroko beste eragile batzuk tartean sartu direlako. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak abenduaren bukaeran jakinarazi zuen Gernikako Astra armen fabrika Sormen Lantegi bihurtuko dutela, berritze lanak amaitu ondotik.

Ez zuena esan da Astrako jendearen lana kontuan hartuko ote den eta hauek marraztu eta erabakitako eduki eta kudeaketa onartuko den. Astrarenak irakurketa asko izan ditzake. Horietako bat da PSE mugimendu okupatu baten kontra ez agertzearena, nolabait Jaurlaritza honek ez dituela okupak botatzen ulertzera emateko, Azkunaren jarrera itxi eta anti-demokratikoaren kontra irudi gisa agertzeko—nahiz eta ertzainak Kukutzara Ares sailburuak bidali—, non eta Bizkaiko Diputazioak, EAJ buru duela, Jaurlaritzaren iritziaren kontra, Guggenheim berri bat altxa nahi duen Urdaibai eskualdean. Hemen ere kultur politikak elkarren kontra egiten dira, politikak bereziki, boterea boterearen kontra. Eta ia beti kulturaren eta kulturgileen kalterako.

Demagun, baita ere, Tolosako Bonberenea eta Leitzako Atekabeltza. Biak okupazioarekin abiatu, kultur talde eta zaleen bilgune izatea lortu, eta kultur sorkuntzarako gune bihurtu dira, eta Bonberenea bereziki erreferentziala da euskal kultur munduan, besteak beste kontzertu leku nagusiena delako Tolosaldeko eskualdean eta bertako grabazio estudioan euskal musikari andanak grabatu duelako. Autogestioan funtzionatzen dute biek. Atekabeltzaren kasuan, udalaren sostengu osoa jaso berri du guardia zibilaren kuartel izandakoa berritu eta txukuntzeko. Eta kudeaketa taldearen esku dago. Bonberenearen ekimenaren indarra ikusita Udalak kontuan hartzea beste erremediorik ez du izan. Ez dira herri asko izango, gaztetxera joateko norabidea markatzen duen trafiko seinalea jarri duenik.

Demagun, Luhusoko Xaneta gaztetxea, demagun Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Demagun. Zer ez ote dago hiri, herri, auzo eta bazterretan. Zerrendatu ditugun hauek ea testa nola betetzen duten: demagun, non sortzen diren, sortzaile eta eragileen erdigunean; non jartzen duten zentralitatea, herri kulturan eta euskaran; norentzat ari diren, gertuko komunitatearentzat; ze sare josten duten, herrigintzakoa; ze kudeaketa eredu duten, parte hartzearena. Eta denak, boluntario. Ez dira perfektuak, baina horiena ez al da zerbitzu publiko bete-betea?

Guztiek herriko eragileen koordinazio eta bilgunetik indar hartuta egin dute aurrera. Hori ezinbesteko baldintza da. Zain ezin dela egon aspaldi ikasi genuelako. Baina baita ere nor bere aldetik aritzea ere ez dela ez eraginkorra ez legitimoa herrigintzako proiektuetarako.

Administrazio publikoak aintzat hartu beharrekoak dira. Eta diru publikoen gaineko erabakigunea udaletik kanpo egon litekeela pentsatzen hastekoa, eta beste hainbeste kultur politiken diseinua ere. Eta parte hartze prozesuak zabaltzekoa, eta zabalik dauden kasuetan berdinetik berdinera sartzekoa, eta… Eta horrela onartzea eta aplikatzea zail egiten bazaio, besteko agintari politiko hark eskubide zibilen aldekoei esan ziena esan dezala:«Zuokin erabat ados nago. Orain irten kalera, eta behartu nazazue hori egitera». Eta behartu. Eta egin dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.