Artea. Begiz

Zertara etorri gara?

Ismael Manterola
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Aurreko egun hauetan Patxi Lopezek, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak, eta Alain Roussetek, Akitaniako presidenteak, ituna sinatu dute Europako bi eskualdeen arteko lankidetza sustatzeko.

Pozgarria izan beharko lukeen berri hori zeharo desitxuratuta geratu zen lehendakariak eta presidenteak egindako adierazpenen erruz. Pozgarria diot, Ipar eta Hego Euskal Herriari elkarlanerako aukera zabaltzen zaielako, Ipar Euskal Herria Akitania izeneko eskualdearen barruan baitago. Horrek administrazio mugak ezabatzen hasteko aukera zabalduko lukeela pentsatzeko aitzakia ematen du, eta hortik etorriko litzateke euskaldunen poza.

Baina ez dirudi Ipar eta Hego Euskal Herriaren zati baten arteko loturak estutzeko aukera dela itunaren asmoa. Logikoa zirudiena berehala zapuztuta geratu zen, bi presidenteak abiadura handiko trenaren gaia aipatu zutenean. Itxuraz bi presidenteek gehien eskertzen dutena Europako eskualdeek gai ekonomikoetarako dituzten laguntzak omen dira, eta horregatik itunaren sina.

Gu euskal kulturan pentsatzen ari ginen bitartean, norbait gu baino azkarrago doa, eta negozio pagotxak ikusten ditu Bizkaiko itsasoaren ipar-hegoaldera. Ez euskararen elkarlanerako, ez kultur trukea, ez idazleen arteko loturak, ez museoen edo erakusketa aretoen arteko elkarlanak, ez dantza edo antzerki komunak, ez hezkuntzan dauden trabak ezabatzeko aukera. Ez; diruaren hotsa aditu dute mugaren alde batean eta bestean Taifa erresumako agintariek.

Horiek horrela, zergatik Akitania? Zerk elkartzen ditu EAE eta Akitania? Euskaldunok bi eskualdeen artean kultur loturak ikusten ditugu, Ipar Euskal Herriak berezko erakundea ez duen bitartean, eta zaila iruditzen zait harreman sendoagorik bilatzea Frantziaren barruan Erdi Arora eramaten gaituen makroeskualdea eta Euskadiko Komunitate Automatikoaren artean. Elkarlan ekonomikoa bilatzen badugu, arrazoi berbera erabil dezakegu ituna Kantabriako Komunitate are Automatikoagoarekin edo Midi-Pyrenees eskualde ederrarekin sinatzeko —azkenean, Cauterets eta Gavarnie Akitaniako edozein herri baino ezagunago da euskaldunontzat—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.