Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Zinema independente berria

2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
BizBAK eta FAS Zineklubak antolatuta, Isaki Lacuesta zinemagilearen El cuaderno de barro eta Los pasos dobles ikusteko aukera egongo da ostiral honetan Bilboko Bizkaia aretoan. Ondoren, Urrezko Maskorraren irabazleak eta Isabel Campo gidoigileak hitzaldia emango dute. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko hibridazioaz asko hitz egin da azken urteotan, eta dokumentalaren inguruan zeuden aurreiritziak albo batera uztea lortu da. Paul Arthurren esanetan, dokumentala bilakatu da zinema independente berria, hau da, baztertutako genero bat zen lehen, eta orain kritika eta jendearen onespena erdietsi du. Mugarri gisa Fahreinheit 9/11 ospetsua aipa daiteke (Michael Moore, 2004), Cannesen Urrezko Palmorria eskuratu baitzuen, eta, bestalde, Bowling for Columbine,Super Size Me (Morgan Spurlock, 2004) eta gisa horretako lanek sekulako dirutza bildu zuten. Gainera, azken urteotako proiekturik berritzaileenak dokumentalaren esparrutik etorri dira. Zinemagintza piroteknia hutsa bilakatu da, 3D, efektu berezi eta ikuskizunaren gizarteari gorazarre eginez, hortaz, ez da harritzekoa esperimentazioa beste bide batzuetatik etorri izana. Dokumentala, objektibotasunaren mitoaren ondorioz, preso aurkitzen zen, 60ko hamarkadan direct cinema mugimendua sortu zenetik; soinua zuzenean grabatzea ahalbidetzen zuten kamera berriek, eta, hortaz, errealitatea inolako filtrorik gabe hautemateko gai izango zirela uste zuten egile gazteek. Zinemak errealitatearekin zuen akordioa berregin zuten. Mito faltsu hark dokumentala giltzapetuta eduki du luzaroan, eta behin objektibotasuna lortzea ezinezkoa dela onartu ostean, dokumentalaren potentzial osoa agerian geratu da. Dokumentalaren sorreran esperimentazioa eta propaganda funtsezko ezaugarriak ziren, eta inor ez zen asaldatzen. Konbentzioak hausteak aniztasuna ekarri du. Sormena, eszenaratzea, argiztapena... ez dira soilik fikzioari dagozkion esparruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.