Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Zoriontasunari kiratsa dario

2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Argentinako diktadura indarrean zegoen garaian preso politikoen haurren bahiketa sistematikoa izan zela frogatutzat eman du Buenos Airesko epaitegiak, eta Videla diktadore ohiari 50 urteko kartzela zigorra ezarri dio. Videlarekin batera beste hainbat goi kargudun kondenatu ditu justiziak.

Haurren bahiketari buruzko lanik ederrena kontsidera daiteke Luis Puenzok 1985ean zuzendutako La historia oficial film zoragarri eta hunkigarria, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria irabazi zuena, alegia. Istorioa diktadura garaiaren amaieran kokatua dago, 1983ko martxoan, hain zuzen. Protagonista nagusia Alicia da, historiako irakaslea, autoritatea eta diziplina gogoko dituen emakume arrunta. Hector Alterio ospetsuak hezurmamitzen duen negozio gizonarekin dago ezkonduta, eta 5 urte beteko dituen alaba zoragarria dute. Haurraren xalotasun eta samurtasunak ez dauka parekorik, baina, kasu honetan, ez da haurra izango inozentzia betiko galduko duena, haren ama baizik. Mezatara eta aitortzera joaten diren horietakoa da, eta inoiz imajinatuko ez lukeen istorio bateko protagonista bilakatuko da. Bizitza lasaia eta zuzena hankaz gora ipiniko dio aspaldiko lagun min baten bisitak; atxiloketa gunean jasandako tratu txar eta bortxaketen inguruan mintzatuko zaio Aliciari, eta haurra bahitu zieten emakumeen berri izango du lehenengo aldiz. Lagunaren aitortzak harri eta zur utziko du, baina, prozesua mingarria izanda ere, ez dauka atzera bueltarik, eta infernuetarako jaitsiera geldiezina izango da. Egiaz jabetzea mingarria izan daiteke, baina, argi dago, egin dezakeen akatsik larriena da senarraren autoritatea zalantzan jartzea. Emakumeak bere jabe duenari obedientzia zor baitio. Armada, eliza eta ezkontzaren aurkako salaketa irmoa eta sentibera da. Estatuaren indarkeria gaitzesteaz gain, ezkontzaren instituzioaren hauskortasuna mahai gainean jartzen du. Zenbait galdera egitea arriskutsua gerta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.