iritzia

'Inquisition Reloaded' (lehenengo eskutitza Suitzara)

David Fernandez eta August Gil Matamalaren eskutitza Anna Gabrieli.

David Fernandez eta Anna Gabrel, artxiboko irudi batean. TONI ALBIR / EFE
David Fernandez eta August Gil Matamala
2018ko otsailaren 22a
18:41
Entzun

“Denbora da aldatu ezin dena onartzen ez dudala,

onartu ezin dena aldatzen dut”

Angela Davis

Beldurra boterearen teknologia bat da. Gobernuaren teknologia bat da salbuespena. Biek bat egiten dute gaur, gizarte kataluniarraren borondate aske eta demokratikoa urratu eta bortxatzeko. Herenegundik dakigu Anna Gabriel Sabate gure kidea Ginebran geldituko dela. 2018an, errefuxiatuta. Iritzi dio, arrazoi osoz iritzi ere, 30 urte arteko kartzela zigorrak eskatuko dituen auzitegi berezi batean bere oinarrizko eskubideak eta dagozkion eskubide prozesalak ez direla bermatuta egongo. Parlamentuan gehiengo demokratikoz onarturiko autodeterminazio erreferendum batera deitzeagatik, eta emaitza errespetatzeagatik. Hori da, esaten dutenez, leporatzen dieten matxinada eta sedizio delitu bitxia: herritarrei hitza ematea. Hautetsontziak kendu beharrean jarri egiten dituen estatu kolpe zinez arraro batean. Salbuespenaren alderantzizko mundua.

Horren urrun eta horren gertu, atzoko hitz zaharrak itzultzen dira gaur, aurreko hamarkadetan herri honentzat ezagunegi izan direnak —errepresioa, kartzela, zigorra—. Ginebrak Pau Casals, Merce Rodoreda eta Aurora Bertrana ere hartu zituen bestelako garai ilun batean. Kataluniako Gobernuko Barne kontseilari ohia espetxean mantentzen duen azken auto judizialetako batean lotsagarri irakur daiteke: “Ikertuak, logikoki, ideia independentistei eusten die”. Jazarpen ideologikoa eta presoen izaera politikoa berresten dituen beste esaldi antologiko bat, erresoluzio bakoitzean xantaia onartezinak igortzen dituen inkisizio postmoderno berritu batean. Fede ekintza maccarthista: uko egin eta arnegatu, ala errepresioaren sutara. Urrun, oso urrun gelditu dira guztiok kondenatzeko gaur gutxi batzuk epaitzen dituen epailearen hitzak. Pablo Llarenak esan zuen, 2012an: “Identitate kataluniarraren auziak eta Espainiako Estatuaren batasunak ez dute irtenbide judizialik, politikoa baizik”.

Inkisizioa, zigorraren teknologia gisa, mundu osoan da ezaguna. Gaur, orain eta hemen, urriaren leheneko erreferendum kataluniarra basakeriaz zapaltzeko poliziak komisarietatik irteten zirela entzun zen “¡a por ellos! —haien bila!— oihu izugarrian mamitu da, jazarpenezko jatorria eta berrespen borboitarra dituen oihua. Komunitatea inposizioaren aurka; ezin izan zuten eragotzi, erresistentzia zibil, baketsu eta indarkeriarik gabekoan errotutako determinazio kolektiboari eta duintasun partekatuari esker. Eskolak, pertsonak eta hautetsontziak babestu zituzten bi milioi pertsonak baino gehiagok —suhiltzaileetatik zamaketarietara, amonetatik nekazarietara—, Poliziaren indarkeriaren aurrean demokrazia zaintzeko. Urriaren 3an, gauza jakina, herrialdeak diktadura frankistaz geroztik ezagutu duen grebarik handiena egin zen. Horrela dago kontua.

Eta orduan? Orduan gertatzen zaiguna da shock doktrinaren pean gaudela, Naomi Kleinek xehetasun handiz azaldu zuen bezala: bide judizial autoritarioen bidez inposatzen digute bide demokratikoetatik irabaztea ezinezkoa zaiena. Errepresioaren bidez inposatu nahi dute hauteskundeen bidez dagoeneko lortu ezin dutena. Politika indargabetu dute, hura galarazita: salbuespena zirikatzen dute, konponbidea eragozteko. Azkenean, gatazka politiko kataluniarraren nazioarteko gramatika debekatutako hautetsontzi demokratiko bat bezain sinplea da. Duela bi hilabete, Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak —ustelkeria sistemiko batek hezur muinetaraino zipriztinduta— ziurtatu zuen joan den abenduaren 21eko hauteskundeetan “egiazko hautetsontziak” jarriko zituztela. Hauteskundeetara haiek irabazteko deitu zutela ere esan zuen: baina 135 parlamentaritatik, PPk lau besterik ez zuen lortu. Behin eta berriz, hautetsontziak jartzen diren bakoitzean —hori da eskatzen dugun gauza bakarra— independentismoak irabazten du. Duela bi hilabete, %47,5eko babesa lortu zuen, 2015ean baino 100.000 boto gehiagorekin, eta parte hartze historiko batekin. Erreferenduma konponbiderako mekanismo demokratiko gisa erabiltzeko ideiak —Eskozia, Quebec— gizartearen %80ren babesa eta estatuaren ezezko borobil eta absolutua duen herrialde batean.

Demokrazia hobe baten eta gehiagoren eskariari Espainiako Estatuak mendeku eta mehatxuarekin erantzun dio azkeneko hilabeteetan, 155. artikuluaren aplikazio hedakor eta konstituzioaren aurkako batekin —aurretik sekula erabili gabea—. Autoritarismoa baliatuz, parlamentu bat desegin da, gobernu bat kargugabetu da, Kataluniako administrazio osoan esku hartu da, eta orain legez kontrako ekinaldiak bultzatu asmo dira hezkuntza eredu kataluniarraren kontra. Errepresioaren aztarnak zenbaketa iluna utzi du: 1.066 zauritu, 900 ikertu judizial —horien artean, 700 alkate—, sei erbesteratu eta lau preso politiko. Eta ultraeskuinaren 140 eraso. Gertakari horien ondorioz izendatu du The Economist-ek Espainiako Erreinua flawed demokrazia gisa. Akastuna. Akats iraunkor bat, mirari antzeko bat eragin duena. Espainiako Estatuak lortu duen mirari kataluniarra: historikoki lasaia, eraman handikoa eta akordioen aldekoa izan den gizartea komunitate erresistente, disidente eta desobediente bihurtzea. Gauzak oso gaizki egin behar dira hori lortzeko.

Anomalia demokratiko hori urrunetik dator, eta luzeegi dirau. 2010etik guztiz bozkatu ez genuen lege baten araberako gobernua dugu: parlamentuaren %90eko babesarekin eta erreferendumean berretsita, Kataluniako Estatutu berria judikatura espainiarrak murriztua izan zen, eta gai gakoetan indargabetua. Perez Royo konstituzionalista sevillarrak adierazi bezala, lehen estatu kolpea orduan gertatu zen. Ordutik, salbuespenak iraun du. Parlamentuaren gehiengoak onartu dituen 40 lege baino gehiago utzi dira bertan behera. Geure burua ezin dugula gobernatu diogunean, horretan ari gara: 40 lege horietatik, 26 behin betiko indargabetu ditu Auzitegi Konstituzionalak; gobernutik monitorizatuta, politikoki zuzenduta eta alderdiek kolonizatuta dagoen auzitegi batek, hain zuzen. Bertan behera utzitako lege horietako batzuk zinez garrantzitsuak ziren. Pobrezia energetikoaren legea, emakume eta gizonen arteko berdintasunerako legea eta klima aldaketaren kontrako legea, esaterako. Edonor joango litzateke gaizki tratatzen duten, legeak saboteatzen dizkioten eta bere hautatutako karguak espetxeratzen diren tokitik.

Zer gertatzen zaie, orduan, gizarte kataluniarrari eta espainiarrari? Labur esan beharko bagenu, paradoxara joko genuke: estaturik gabeko nazio bat naziorik gabeko estatu bati ari zaio aurre egiten. Espainiaren eraikuntza historikoa porrot historiko jarraia izan da, plurala dena homogeneizatzen, askotarikoa dena ukatzen eta desberdina denari jazartzen saiatu den elite baten porrota. Eta estatu nazionalismo oso gogorrari aurre egin behar izan badiogu ere, beti esan dugu ez garela nazionalistak. Gehiegi pairatu dugu. Demokratak gara. Eta independentistak gara; hori bai, hori beti: gure oraina eta gure etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki ahal izatea aldarrikatzen dugu. Subiranotasunez. Askatasun politiko kataluniarraren arrazoia defendatzen dugu, frankismoaren diktaduraren oinarri ideologiko izan zen eskuin muturreko printzipioaren aurka, “Espainiako batasun hautsiezinaren” kontra. Ez gutxiago, eta ez gehiago; ageriko behar gisa: guretzat nahi dugu munduko gainontzeko herrientzako nahi dugun gauza bera. Demokratikoki geure burua gobernatzea.

Beldurra eta salbuespena beti doaz gezurrari bide ematen dion propaganda ofizialaren eskutik. Estatu arrazoia, demofobia demokraziaren kontra, borrak hautetsontzien kontra, diplomazia españolistak egunero jaurtitzen ditu bere fakenews eta postegia zentzugabe baina eraginkorrak: indarkeria polizialaren ukazio irrigarritik hasi eta bakezaletasun aktiboa sediziozko kriminalitate batekin zitalki alderatzeraino, eskualde aberats eta berekoi izatea leporatzetik pasata edo faltsuki borrokatzen dugun eta noraezean dabilen mundua zeharkatzen duen detropopulismoan —Trumpetik Le Penera— gu inkardinatzea. Hain justu, kontrakoa izanik: proiektu errepublikar kataluniarraren oinarriak bereziki demokratikoak eta demokratizatzaileak dira, herritarren %23,5 bazterketa arriskuan duen, milioi bat eta erdi pobre dituen eta geroz eta handiagoak diren desberdintasun sozialean kronifikatutako langabezia duen gizarte batean. “Egitate nazional kataluniar” bat baldin bada, zorionez, migrazioa du izena: beste toki batzuetatik etorri garenok guztion etxea eraikiz joan gara, ez zailtasunik gabe, XX. mendean. Azken hamabost urteetan, Europa amildegi xenofoboan behera zihoan bitartean, milioi eta erdi petsona hartu dira, 187 herrialde desberdinetatik etorriak. Aldarrikatzen dugun herrialde antifaxista horrelakoa da: plurala eta askotarikoa, mestizoa eta korala.

Memoriaren erretrobisoretik, agian merezi du oroitzea Francok ez zuela eduki Nurembergik, eta ez zuela amaitu inongo plaza partisanotan, Mussolinik bezala. Izena gaizki jarri zitzaion 'diktaduratik demokraziarako trantsizio espainiarra' frankismoaren krimenen eta patuaren erabateko inpunitatean eraiki zen, boterea bere eliteetan mantenduz, eta isiltasunaren lege astun batekin. Dagoeneko 40 urte pasatu dira, eta, noski, gauza asko aldatu dira gaur egungo inflexio puntu inkisitorialera, atzera egite antidemokratikora eta gainbehera autoritariora iristeko, zeinak kataluniako gizarteari eragiteaz gain, Estatu osoko txiolariei, titiriteroei, umoristei eta musikariei ere eragiten dien. Basatza eta lokatza, gogoratuko ditugu oraindik ere ordaintzen ari garen amnesiaren prezioa eta ahanzturaren kontua: 114.226 pertsona daude oraindik hobi komunetan lurperatuta, eta tribunal frankistek borrokalari antifaxista katalanen kontra emandako 65.000 epai, 2017ko uztailean Kataluniako Parlamentuan egindako erreparazio historikorako ekitaldian baliogabetu ez zirenak.

Ametsek, onak zein txarrek, denbora baliogabetzen dute eta agendak txikiagotu. Baina mundua gehiago edo gutxiago izango den demokratikoa ebazteko dilema globalean, gizarte katalanak argi hartu zuen erabakia aurrenaren alde, duela urteak. Herenegun, duela sei hilabete, "ez daukat beldurrik" oihuarekin bete ziren kaleak Rambletako atentatu jihadisten kontra, eta munduko txoko guztietako biktimekiko elkartasunean. Herenegun, duela urtebete, Bartzelonan izan zen uneko gizagabetasunean errefuxiatuekin elkartasunez Europan egin ziren manifestaziorik handiena. Herenegun baita ere, duela hamabost urte, inoiz aurretik erregistratu gabeko mobilizaziorik handiena izan zen Bartzelonan, Irak suntsitu zuen legez kanpoko gerraren kontra. Bai, ados, baliteke hau proiektu antihistoriko bat izatea: halakoxeak dira inkisizio posmodernoaren kontra altxatu direnak. Antihistorikoa da egoera injustuak aldatu nahi dituelako historian ohikoak izan diren mekanismoei uko eginez —dominazioa, inposizioa, indarkeria—, eta demokrazia, herritarren subiranotasuna eta justizia soziala aukeratuz, beti.

Anna Genevan dago, bai. Inoiz ez du galdu mila gizarte borroka partekatutan inplikatu gaituzten iniziatiba hauetako bakar bat ere. Beste mundu bat posible den galdetu beharrean, mundu hau hainbat mila pertsonarentzat ezinezkoa izatea nola den posible galdetu behar dela uste dutenetakoa da. Genevan dago, bai, baina duela urte asko ezagutu genuen Gusenen. Europako tradizio emantzipatzaile eta humanistari lotuta, berarekin topo egin genuen duela hamahiru urte: Mauthausenko eremu izugarriaren ateetan, nazien eremuak askatu zituzteneko 60. urteurrenean. Gaur, etxetik urrun, erresistentziaren komunitate politikoari duintasuna ematen dio, aukera soziopolitiko feminista, ekologista, antifaxista eta antikapitalista batetik.

Aulki hutsak eta arimatik hustuta, ez dakigu noiz itzuli ahalko den. Itzul dadin lortzeko, salbuespen guztiak garaitu beharko dira aurrena. Ez dugu preso eta exiliatu gehiago nahi: ezta bakar bat ere. Horregatik, atzo, Anna Gabrielek ez zuen huts egin askatasunarekin zuen hitzordura: horregatik ez zen aurkeztu jarraitzen dion tribunalaren aurrean. Ez gaitzazue inkisizioarekin bakarrik utz.

 

David Fernandez (Vila de Gracia, 1974). Kazetaria, gizarte aktibista eta diputatu ohia.

August Gil Matamala (Bartzelona, 1934). Jurista, Bartzelonako Abokatuen Kolegioko Defentsa Batzordeko kidea, eta AED Europako Abokatu Demokraten presidente ohia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.