Azaroaren 9an Generalitateak kontsulta antolatuko duela jakinarazi berri du Artur Mas presidenteak. “Hautetsontziekin eta botopaperekin, eta Generalitatearen lokaletan egingo da kontsulta”. Ez da egingo Kontsultaren Dekretuaren bidetik, ilegala litzatekeelako. Herritarren parte hartzea sustatzeko Katalunian dagoen legalitatean oinarrituta egingo dela adierazi du Masek. Non dago orduan aldea, kontsulta egingo bada? Ez du ematen alde handirik dagoenik. Generalitateak antolatuko du, egoitza ofizialetan jarriko dituzte hautetsontziak, galdera bera da (galderak), eta 20.000 boluntario mobilizatuko dituzte.
Ez da aukera txarra Masek proposatu duena, katalanek erabakitzeko ariketa egingo dutelako, kontsultaren aldeko alderdiek adostu bezala.
Airean geratu da, baina azkar jakingo da Espainako Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak aukerarik ba ote daukaten kontsulta hori ere debekatzeko.
Masek aitortu du gobernua orain arte baino bakarrago dagoela, kontsentsuari eusteko ahalegina egin duela, baina “balbula” mugitu egin dela; ez dela hautsi, baina mugituta dagoela.
Esquerra oso gogor atera zen atzo alderdiek egin zuten bileratik. Orain Masek egin duen proposamenaren aurrean zer jarrera hartuko duen erabakitzailea izango da azaroaren 9ko kontsultari begira, baina zaila dauka ezezkoa ematea. Ilusio handiarekin ari dira lanean independentziazaleak Katalunian, eta azaroaren 9an bozkatzeko Masek aurkeztu duen planaren aurrean, oso erabaki konplexua dauka ERCk.
Bigarren jakinarazpen argigarria eman du Masek agerraldian. Hauteskundeak aurreratzekotan zer baldintzatan egingo lukeen argitu du: zerrenda eta programa bateratua eta bakarra. Hor egon liteke atzo ERCk eduki zuen jarreraren giltza; Esquerrak hauteskundeak otsailean eta nork bere zerrendarekin egitea nahi duelako. Programaren puntu batzuk komunak, baina nor bere aldetik. Masek ez dio ERCri hauteskunde gauean deitu nahi zorionak emateko.