Analisia

Face Time unea

Zer unetan egin zuen porrot atzoko estatu kolpeak Turkian? Erdogan lehendakaria telebista batean agertu zenean, esanez ondo zegoela, kolpeak ez zeukala armadaren aginteen babesa, eta, hor dago giltza, herritarrei eskatu zienean kalera irteteko kolpea ematen ari ziren militarrei aurre egitera.

martxelo otamendi
2016ko uztailaren 16a
09:12
Entzun

Leitzarango autobidearen aurka egin zuen Lurraldea taldearen arduradunek esaten zuten, garai hartan, telefono eta fax huts batekin sekulako lana egin zitekeela kausa baten alde. Hala izan zen, Tolosako elkarte batek utzitako gela zen Lurraldea taldekoek zeukaten egitura bakarra; eta telefonoa eta faxa. “Jendeak jakingo balu zer tresna gutxirekin lor daitekeen Donostiako kaleak leporaino betetzea autobidearen aurka…”, zioten maltzurkeria dosi txiki batekin koordinakundearen arduradunek.

Telefono eta faxetik Face Time-ra pasatu gara hamarkada pare batean, askoz eraginkortasun handiagoarekin.

Zer unetan egin zuen porrot atzoko estatu kolpeak Turkian? Erdogan lehendakaria telebista batean agertu zenean, esanez ondo zegoela, kolpeak ez zeukala armadaren aginteen babesa, eta, hor dago giltza, herritarrei eskatu zienean kalera irteteko kolpea ematen ari ziren militarrei aurre egitera. Agertu, agertu zen bai, baina ez telebista bateko gonbidatuak platoan ageri diren bezala; ez, platoko kazetariaren sakelakoan ageri zen Erdogan hizketan, Face Time aplikazioa erabiliz. Ideia eduki zuenari, telebistako kazetariei edo Erdoganen komunikaziokoei, erreflexua eta iaiotasuna aitortu behar zaizkio, ez genukeelako jakingo gaur nola bukatuko zatekeen kolpe saioa, Erdogan era horretara agertu ez balitz.

Garai bateko “presidentea onik da, leku seguru batean babestuta, bere kolaboratzaileekin bilduta, eta dagoen babeslekutik kolpearen aurkako lanak ari da koordinatzen” ohar zurrun eta ez oso sinesgarri haietatik, sakelako bidez egindako elkarrizketa zuzeneko batera pasatu gara, askoz eraginkortasun eta berehalako efektu handiagoekin.

Erdoganek herritarrei kalera irteteko esan zien une horretan, une teknologiko harrigarri horretan hasi ziren kolpezaleak erronka galtzen. Berehalakoa eta indartsua izan zelako milaka herritarren erantzuna.

Bi ikasgai hurrengoan kolpe bat eman nahi duenarentzat:

-Hurrengoan militar gehiago atera kalera, dozena batek ezin dielako aurre egin interkonektatuta dauden milaka herritarrei.

-Teknologia berrien eragina ondo neurtu kolpea eman aurretik.

Erdogan era horretara kaleratzea okurritu zitzaionak etorkizun laboral eta ekonomikoa aseguratuta eduki beharko lituzke batean eta bestean coaching hitzaldiak ematen. Ez du gutxiago merezi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.