Laugarren aldiz irabazi zituen igandean Chavez presidenteak hauteskundeak, beste behin ere erakutsiz babes handia daukala Venezuelako herritarren artean. Ondo lantzen du Chavezek jarrera presidentzialista, lider ia bakarraren estrategia eta horrek berarengan, ia berarengan bakarrik, jartzen ditu herritarren begiak eta konfiantza. Onerako eta txarrerako. Onerako, botoa eta erreferentzialtasuna biltzea errazagoa delako horrela. Txarrerako, futboleko atezain bikain eta lesionaezinekin gertatzen den bezala, jarraitzaileak, eguneroko politikan ez dagoen jarraitzaileak, ez dakielako nork berotzen duen ordezkoen aulkia.
Chavezen garaipen oro onartuak, lasaitasuna ekarriko die inguruko gobernuei, inguru geografikoan eta politikoan daudenei; behartu egingo ditu AEBak Venezuela eta Chavezenekin harremana errespetuan oinarritzera, bizkortu egingo du Kolonbiako Santos presidentearekin abiatuta daukan elkarlan prozesua, eta bultza ditzake beste herri batzuetako herritarrak gobernu popularren alde botoa ematera.
Chavezek, ordea, ezin du mozkortu atzoko garaipenarekin; aurkeztu, eta irabazi duen lau aldietatik, emaitzarik txarrenak atzo lortu zituelako. Egia da, oraingo honetan, aurreneko aldiz, oposizioa hautagai bateratu batekin aurkeztu zela, Capriles ustez moderatuarekin, eta horrek Chavez garaigarria dela sinetsarazi ziola abstentzio etsituan zegoen oposizioko jende askori. Ez da nahikoa izan, Chavezen aurkako oposizioak inoiz eduki dituen emaitzarik onenak izanagatik. Uste horrek, «Chavez garaigarria da», larritu egin ditu aurreneko aldiz Chavez zaleak, Venezuela gobernatzeko modu hori arriskuan egon zitekeela pentsatzeraino. Chavez zaleen kezkak eta Caprilesen aldekoen ilusioak % 80raino igo dute partaidetza.
Caprilesek bazekien irabaziz gero Chavezen politiken bitartez sozializatutako lorpen asko itzulezinak zirela. Era berean, Chavezek ikusiko du galtzen ari dela berak horrenbeste goraipatzen duen herriaren babesaren zati bat. Aurreneko aldiz 1998an aurkeztu zen, eta % 56 lortu zuen; Salasek, %43. Bigarren aldiz, 2000koetan, % 59 eskuratu zuen; Ariasek, % 37. Hirugarrengoan jo zuen goia, %62rekin —Rosalesek %36—. Igandekoan, %54 lortu zuen, eta Caprilesek, %44. Chavezek, azken hauteskunde probintzialetatik, galdu egin du portzentajean eta boto kopuruan, nahiz milaka gaztek gehiagok eduki bozkatzeko adina. Gazte asko Chavez zalea bada, adin ertainetan galdu du. Sabaia jo ote du Chavezek?
Emaitza horietan badago mezu bat Chavezentzat. Norabidea aldatu gabe, orain arteko politika sozialei eta berdintasunezkoei eutsiz, gobernatzeko formetan aldaketak egin beharra dauzkala. Zail da ulertzen, esaterako, 14 urteko gobernuen ondoren, nola egon litekeen halako segurtasun eza kaleetan, armadun zibil gehiegi solte ibiltzearen ondorioz. Nago ni, Chavezen gobernuak egiten dituen politika sozialetan baino, segurtasun ezan dagoela boto isuriaren giltza.
Zer egingo du Caprilesek? Igandeko agerpenean venezuelarren alde lanean segitzeko borondatea azaldu zuen, zehaztasunetan sartu gabe. Lehen unetik onartu zuen Chavezen garaipena, eta mezua bidali zien eskuin muturreko eragileei, berarekin ez kontatzeko Chavezen aurka erradikalismoz jarduteko; ez saiatzeko, alegia, beste estatu kolpe bat prestatzen.
Arrakastaz hil liteke Capriles politikoa. 1998tik egin diren lau hauteskundeetan bera da Chavezi irabaztetik gertuen egon dena, sei milioi boto eskuratuz. Orain ikusi egin beharko da zer erabaki hartzen duten MUDeko koalizio bazkideek. Atzoko emaitzek, nire ustez, sendotu egin dute Caprilesen lidergoa. Aurtengo otsaileko alderdi arteko primarioetan %60rekin irabazi zuen oposizioko hautagai bateratua izateko lehia. Igandean egin zuen bigarren urrats sendoa.
Sei urte barru izango dira hurrengo hauteskunde presidentzialak, 2019an, Chavezen gobernu berria 2013ko urtarrilean hasiko baita lanean; eta ikusi egin beharko da nola iritsiko den osasunez Chavez presidentea. Chavezek sei urte dauzka atezain ordezkaezinaren ordezkoa erabaki eta prestatzeko. Caprilesek denbora bera du erakusteko oposizioko aukerarik sendoena dela.
Hauteskundeak Venezuelan. Analisia
Mezu bat gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu