Rupert Murdochen komunikabideak bizitza publikoan gehiegi eragiten aspaldiegi ari dira, baina egunez egun urteetan metatu den zaborraren kiratsa jasangaitza egin da orain, eta hori da garrantzitsua, gainezka egin duela zabortegiak —Ikusteko dagogertatzen ari denak zenbateraino aldatuko duen kazetaritzaren jarduera usteldua—.
Sakelakoez entzuketak egitea gauzarik errazena bilakatu da, jazarpenik emankorrena, irakurleek prentsa horia barra-barra irensteko bitartekorik onena, praktika erabiliena zukua ateratzeko politikarien, erreginen, izarren, eta zoritxarrak esklusibitatera eraman dituen herritar xeheen bizitzei.
Politikarien egitekoa baldintzatu du Murdochek, baina ez bidegabea dena agerian utzita, baizik eta haien etxeko kontuak jakinda dossier morbosoen mehatxua erabiliz nahi duena lortzeko. Politikariek prentsa sentsazionalista ere baliatu dute bestela iristen ez diren herritarrengana jotzeko, baina horrekin batera, Andy Coulson News of The Worldeko zuzendari izandakoa Downing Streeten barru-barruan egon izanari ere ganorazko azalpenik eman beharko dio David Cameron lehen ministroak.
Poliziari ere mesedeak jaso ditu: terrorismo kontuetan eraginkorra dela erakutsi behar izan duenean plaza eman dio magnateak; trukean, behar izan duenean, Scotland Yarden informazioa eskura izan du; komenitakoan, haren isiltasuna.
The Guardian eredugarriak aspalditik eman ditu argitara Murdochen taldearen legez kanpokoak, eta bahitutako eta hildako neska baten kasuak egin du klik iritzi publikoaren artean, bazkaren kontsumitzaileen burmuinean eta bihotzean —praktika zikinagatik ez balitz neskarekin gertatutakoa saihets zitekeela jakindakoan—.
Erresuma Batuan gertatutakoak, hangoei ez ezik nazioarteko komunikabide talde handiei ere mugak jartzeko balioko balu sikiera... Baina komunikabideentzat ez dira garairik onenak, hain justu, irakurleek, salmentak eta publizitateak behera nabarmen egin dutenean. Bazka da saltzeko iturririk emankorrena, eta kontsumitzaileak ez dira falta mundu zabalean —gurean ere ez—.
Politikariek eta Poliziak komunikabideekiko duten menpekotasuna —eta alderantziz— argitzeko ere balio beharko luke gertatutakoak.
Erresuma Batua. Entzuketen auzia. Analisia
Zabortegiak gainezka egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu