Energia hornitzaileei ardura eta elkarlana exijitu dizkie Sanchezek itzalaldiaren zergatiak argitzeko

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak «urgentziazko» bilera izan du argindar operadore pribatuekin: hornidura azkar berreskuratu izana eskertu die horiei, eta eskatu die gobernuarekin eta erakunde independenteekin elkarlanean aritu daitezela, itzalaldiaren kausak aztertzeko. «Hornidura eta gure sistemaren lehiakortasuna bermatzeko beharrezko hobekuntzak egin behar ditugu», esan du Sanchezek sare sozialetan argitaratu duen mezu batean.
CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak itzalaldiari buruzko ikerketa egingo du, «behin beharrezko informazioa bildu eta gero». Pedro Sanchez Espainiako presidenteak aurreratu duenez, itzalaldiaren nondik norakoak aztertzeko taldearen parte izango da CNMC. Batzordeak adierazi du Trantsizio Ekologikorako Ministerioarekin eta Red Electrica enpresarekin dagoela harremanetan, besteak beste.
CNMCk ez ezik, Red Electrica enpresak, Europako Batzordeak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ere ikerketak abiatuko dituzte.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eskertu egin die itzalaldiaren aurrean herritarrek «gizalegez» jokatzeagatik: «Zorionak eman nahi dizkiet lasaitasuna eta gizalegea erakusteagatik: elkartasuna eta ardura kolektiboa adierazi dute». Hala adierazi du Valentzian, Europako Alderdi Popularra egiten ari den kongresuan.
Metro, tren eta tranbia zerbitzuak ordu luzez eten zituen atzo itzalaldiak, baina «normaltasunez» jarraitu zuen Bilbobus zerbitzuak, Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez. Horiek horrela, hiriburuko autobus zerbitzuak 110.000 erabiltzaile izan zituen atzokoan. 2019tik ez dute hainbeste lagunek hartu autobusa egun betean.
«Ardurak» exijitu dizkie hornitzaile pribatuei Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, gaur egin duen agerraldian. Bada, Beatriz Corredor Red Electrica enpresako eta argindar hornitzaile nagusien ordezkariekin dago bilduta Moncloan: Red Electrica, Iberdrola, Endesa, EDP, Acciona Energia eta Naturgy.
Ggobernuko kide hauek ere bilduta daude: Maria Jesus Montero Espainiako presidenteordea, Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroa, Carlos Cuerpo Ekonomia ministroa eta Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako ministroa.
Bilera amaitu eta gero agerraldia egingod dute, hitz egindakoaren berri emateko.
Balizko hornidura falta «gertagaitz» bati aurre egiteko, Espainiako Ministroen Kontseiluak iragarri du erreserbak baliatuko dituela estatuan hiru egunetan kontsumitzen den adina erregai merkaturatzeko, merkatuko prezioan. Bestalde, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren eledunak iragarri du Jaurlaritzak erregaia erosiko duela itzalaldiaren gisako larrialdiei erantzun ahal izateko: «Garrantzitsua da erregaia izatea halako egoerei aurre egiteko».
Europako Batzordeak itzalaldiari buruzko ikerketa independente bat egingo du, baldin eta hirugarren mailako itzalalditzat jotzen badu; maila handiena da hori, eta Efe agentziak aipatutako iturrien arabera, hala egingo du batzordeak. Horrela izanez gero, sei hilabeteko epean lehen bertsio teknikoa aurkeztuko du, eta 2026ko irailean beste ikerketa bat, gomendio-eta guzti.
Aurrez, kaltetutako estatuek hiru hilabeteko epea izango dute txosten bat osatzeko, non, besteak beste, itzalaldiaren arrazoiak eta ondorioak azaldu behar dituzten.
Gainera, Europako Batasunaren peko ACRE Energia Erregulatzaileen Kooperaziorako Agentziak bigarren ikerketa independente bat egingo du. Itzalaldiak eragin ez dieten herrialdeetako operadoreak bilduko dira hori egiteko.
Iruñeko Volkswagenen lantegian muntaketa kateetako gailuak eguneratu dituzte, eta dagoeneko autoen produkzioari berrekin diete. Produkzioa 24 ordu pasatxo egon da geldituta; 14:30ean itzuli da argindarra. Egunean 1.400 auto inguru ekoizten dituzte lantegi horretan.
Bizkaibusek esan du bere zerbitzua %30 handitu zuela atzo, itzalaldiak Bilboko Metroa zerbitzurik gabe utzi ondoren. BizkaiBizik, berriz, ohi baino %16 eskaera handiagoa jaso zuen. Bizkaibusek dio aurrekaririk gabeko testa gainditu zuela.
Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu du ez dela kalte pertsonalik egon itzalaldiari loturik, baina bai materialak, batez ere industria elektrointentsiboan, eta halarazi du ezinbestekoa dela jakitea zerk eragin duen argindarraren eten handia, neurriak har daitezen. Hala, presaz aritzeko exijitu die sarearen inguruko ardura dutenei, gero egongo dela denbora ardurak argitzeko.
Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek esan du «Euskadi normaltasunera gerturatzen» ari dela eta larrialdia jaisten hasi dela. Izan ere, 2tik 1etara apaldu du LABIk larriaren maila. Azaldu du erakunde bakoitzak bere baliabideen kontrola berreskuratu duela, eta Jaurlaritza laguntza eta koordinazio lanetan dela.
Nafarroako Gobernuak 2tik 1era jaitsi du larrialdiaren maila, eta «normaltasun agertoki baterako bidean» da. Krisi Kabinetearen azken bileraren ostean, Maria Txibite Nafarroako presidenteak esan du Nafarroa gai dela jada kudeaketa bere kabuz egiteko. 19.00etan beste bilera bat egingo du kabineteak egoeraren inguruko informazioa gaurkotzeko.
Farmazia Kolegioko Batzorde Nagusiak jakinarazi du hozkailuan gordetzen diren botikak erabil daitezkeela, baldin eta etxetresna horrek argindarrik gabe egon den tartean hotzari eutsi badio. Edozein zalantza edukiz gero, farmazia batean galdetzeko aholkua eman dute.
Renfeko beste geltoki batzuetan bezala, Bilboko Abandokoak aukera eman die bidaiariei gaua han pasatzeko; ibilbide luzea egin behar zutenei eman die aukera; baita txartelaren dirua berreskuratzeko aukera ere, edozein dela prezioa. Nahi izan duenak, beste tren batean jarraitu du gaur atzo bertan behera utzi behar izandako bidaia.
Renferen aldiriko zerbitzuan ibilbide bat geratzen zen berreskuratzeko, Bizkaian: Bilbo-Balmaseda. Bada, zerbitzu hori ere berreskuratu duela esan du Renfek; eta, hortaz, Hego Euskal Herrian, ordutegi guztiak eskainiz ari da lanean berriro.