«Arnasguneak zabaltzea eta sendotzea ezinbesteko helburua da»

arantxa iraola
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Demolinguistikak ematen dituen tresnak erabilita egindako irakurketa analitiko bat da Iurrebasoren tesia. «Hizkuntza politikak ez ditut aztertu; egoera aztertu dut». Ikerketaren ondorioz atera den erretratuaren doitasunari esker, hala ere, hizkuntza politikek behar duten taxuari buruzko gogoetak ere aski mamitsuak dira ikertzailearen hitzetan.

Aztertutakoak aztertuta, zer norabide hartu behar dute hizkuntza politikek, zure iritzian?

Hiru norabide ikusten ditut nik funtsezko. Bat dira arnasguneak: funtsezkoa da euskara nagusi den lurraldea zabaltzea. Horri lotuta dago, neurri handi batean, euskara errazago erabiltzen jakingo duten hiztunen ekoizpena: horrelako espazioetan ematen da. Aldagai guztiak lotuta daude, eta arnasguneak sendotzea eta zabaltzea ezinbesteko helburua da. Gaur egun arnasguneetan hiztunen %4 bizi dira. Lortuko bagenu %4 hori %10era ekartzea hurrengo hogei urteetan, eta hurrengo berrogei urteetan %25era, zalantzarik gabe hiztun komunitateak beste sendotasun bat izango luke.

Trinkotu egingo litzateke...

Bai, ikaragarri. Horren onurak ez lirateke bakarrik igarriko arnasgune horietan, baizik eta lurralde osoan. Zeren azkenean lurraldeak oso interkomunikatuta baitaude, eta batean egiten den aurrerapenak edo atzerapenak besteari eragiten dio. Arnasguneek beste lurraldeei eman ahal dioten laguntza nola gehiago aprobetxatu: hori nazio ikuspegitik agian landu beharreko beste alderdi bat da.

Eremu euskaldunenetara begira lehen erronka. Bigarrena?

Jende gehiena bizi den zona hain erdaldun horietan dagoen sorgin gurpil antzeko bat gainditzea.

Erabili duzu metafora hori ere, bai: sorgin gurpil batean irudikatu dituzu milaka hiztun.

Inguru horietan euskaldun gehienak erdaraz bizi dira nagusiki; beraz, beraien erdara gaitasuna sendotzen dute, eta, beraz, errazagoa zaie erdaraz egitea; sorgin gurpil horrek agintzen du zonahorietako hiztun gehienen bizitzetan: hori da araua. Eta kezkagarriena da egoera hori belaunaldi arteko ahaleginean ez dela gainditzen ari: hau da, egoera hori zegoen duela 30 urte Iruñean, Bilbon edo Gasteizen, eta egoera hori bizi zutenen seme-alabak, nahiz eta horietako batzuek etxean jaso euskara, nahiz eta askok D ereduan ikasi, erdal gaitasun handiagoa lortzen dute, eta adinkideekin-eta harremanak erdaraz bideratzen dituzte. Sorgin gurpil hori nola askatu asmatu behar dugu. Hiztun trebatuak ea nola sortu eremu horietan: nola egin aurrera. Irudimena eta bide berriak asmatzeko premia handia daukagu. Orain arte euskalgintzak landu dituen bideak ikaragarriak izan dira, eta jarraitu behar da horiekin, baina, horiez gain, agian gai batzuk baditugu blokeatu samar; hau da horietako bat, eta hor asmatu behar dugu.

Zein da hirugarren erronka?

Gure herri izan nahia, komunitate izan nahia, elikatzea. Gure indargunea izan da. Badaude zantzu batzuk, horretan ere agian gauzak pixka bat ahultzen ez ote diren ari gaur egun; nik uste dut ahultzen ari direla. Hori ere lehentasunetan jarri behar dugu: nola elikatu, nola indartu gure bizinahia, euskaldun izan nahia: zer diskurtsok, zer praktikak berotzen duten euskaldunaren bihotza, eta hortik eragin.

Kontzientzia soziolinguistiko kritiko bat gizartean zabaltzearen premiaz ari zara...

Bai, bai. Handia da egiteko dagoen lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.