Abuztuaren 31

2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Donostiak bere historiako erasorik bortitzena jasan zuen 1813ko abuztuaren 31n. Armada frantsesak okupatuta eta Espainiako gobernuaren aliatu zen gudaroste ingeles-portugesak setiatuta, bere harresian anoikadez irekitako zuloak setiatzaileen azken erasoa ekarri zuen. Barrura sartuta, garaileek Urgull mendiko gazteluan sartzen utzi zieten frantsesei, eta arpilatzeari, bortxatzeari eta erailtzeari ekin zioten, eta etxeak erre zituzten. Trinitate kalea soilik salbatu zen, gaur Abuztuaren 31 kalea dena, ofizialei ostatu emateko erabili zutelako. Sarraskia aldez aurretik antolatu zutela erakusten digu datu horrek, eta armada erasotzaileak bertako populazioaren aurkako aginduak betetzen zituela.

Gure herrian oso gurea den tradizio bat daukagu, ongi sustraituta: edozer gertaera festa bilakatzea. Hori gertatzen zaigu uztarekin, armen alardeekin, lan gogorrarekin eta indar-probekin, eta baita hiletekin ere, familia-oturuntza bihurtzen direnean. Baliteke ohitura osasuntsua izatea, dolua gainditu eta beste egitekoei heltzeko modu bat. Baina kontua da gauzak ezin direla muturreraino eraman, kausak ahaztu edo arinki hartzeraino.

1813ko sutearen eta suntsiketaren urteurrenean, beti besteena izan den botere ofizialaren inertziak eta gertatutakoaren manipulazioak desfile militar, ospakizun eta danborrada bihurtu dute gure oroimena. Suteaz geroztik ia bi mende igaro direnean, batzorde batek sutearen ostean hiria berreraikitzeko lana ospatzea proposatu du. Hondamendia bigarren planoan geratzea, alegia. Alabaina, ke-laino horrek nahita egindako suntsiketa, sarraskia, erantzukizunak eta abar ezkutatzen ditu. Laburbilduz, nahasi eta ikuspegi desitxuratua ematen du.

Edozein dolu gainditzeko ezinbesteko baldintza, dolua pertsonala nahiz kolektiboa izan, gertatutakoaren egia onartzea da. Gauzak izan diren bezala hartzea. Ezin dira zauriak itxi infekzioa ezkutatuz, eta ezin zaio historiaren ustelkeriari izkin egin alfonbra azpian gordez.

Gertaera izugarri haren egia historikoa berreskuratzeko, esan egin behar dugu bortxatzaileak eta hiltzaileak gure hiriari eraso zioten armadetako kideak izan zirela, eta biktimak zibilak. Gaur egun egiten den danborradan, Espainiaren aliatu ziren tropa haiek, eta haien uniformeak ikusten ditugu, eta hiriak eskaintzen duen beste ikuskizun entretenigarri bat bailitzan hartzen dugu.

Gertaeren ikerketa xehearen arabera, krimenak egin zituzten soldaduen esanetan, Espainiako armadako buru zen Castaños jeneralaren agindua betetzen zuten, hau da, «hiriari su eman eta bertako biztanle guztiak akabatzea» (sic). Dokumentatuta dagoen datu horrek zer pentsatua eman beharko liguke, ez baita bakarra euskal historian. Gernikako bonbardaketarekin duen paralelismoa begi-bistakoa da, bistakoegia, alde batera uzteko.

Datorren 2013an gertaera lazgarri haren 200. urteurrena beteko da. Ez da zuzena urteurren hori festa gisa edo izugarrikeria haiek egin zituztenen alarde gisa ospatzea.

Donostiako arpilatzea eta sutea Gernikako bonbardaketarekin edo Nafarroan 1936an 3.500 pertsona desagerrarazi eta fusilatzearekin aldera dezakegun krimena izan zen.

Tragediaren dimentsio hori berreskuratzea izan beharko luke memoriaren helburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.