Alarde liskartsuentzat irtenbide eske

Ane Irizar Goikoetxea
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Honen bitartez, hainbat urte luzez katramilaturik dugun Alardearen aferari irtenbidea emateko proposamen bat egitera natorkizue, xumeki.

Hondarribiarra naiz, bertan lan egin, bizi eta jaietan parte hartzen dutenetarikoa; eta horrez gainera, gure herriko jaietan Alardearekin izan ditugun arazo eta istiluekin ematen ari garen itxurarekin erabat lotsatua dagoen herritarra. Alardearen aferan bi parte daude, biak interes eta jaia disfrutatzeko eredu desberdinak dituztenak, eta biak ala biak elkarrengandik inkomunikaturik bizi direnak.

Batetik, Alarde Tradizionalak, emakumeari Alardean desfilatzeko aukera soilik Kantinera moduan ematen dionak, bere posizioa tinko defendatzen du, eta hori baliatzeko, Hondarribiko Alardea pribatizatzera iritsi da.

Bestetik , Jaizkibel konpainia dago, zeina bere interesa emakumeak Herriko Alardean berdintasunean desfilatzea den eta ez soilik kantinera gisara.

Azken urteotan, Alardea pribatizatu egin da, eta horren ondorioz, Alarde Tradizionalakarazorik gabe desfilatzen du. Bestalde, Jaizkibel konpainiak manifestaldia egiteko baimen batekin desfilatzen du Alardearen ibilbide bera eginez, baina beste ordutegi batean.

Gauden honetan, bi jarrerok bateraezinak dira, eta urteak joan, urteak etorri, denborak erakutsi digu Hondarribian ez garela gai gai honi konponbidea emateko. Beraz,argi dago korapilo hau askatzeko aterabidea kanpotik etorri beharko dela.

Erakundeetako buruei honako hau eskatzen dizuet: ordezkatzen dituzuen erakundeetan sensibilitate politiko eta sozial gehienak batzen dituzue, Alardearen aferan bi posizioen aldeko zein aurkakoak, eta horrek zilegitasun osoa ematen dizue behingoz arazoa konpontzeko ahalegina egiteko.(...)

Proposamenak neurriok ditu ardatz:

Alde batetik, herriko Alardea, publikoaizatea eta ez pribatua.

Bestalde, Jaizkibel konpainiak orain arte Alarde Tradizionala izan denaren azken konpainiaren atzean desfilatzea.

Afera gisa horretara bideratzen bada, erdibideko normalizazio batera irits gaitezkeela ziur naiz, gauden honetan behar-beharrezkoa baitugu. Alarde Tradizionalekoek ezin esango lukete emakumeak Alardean berdintasunean desfilatzen dutela, nahiz eta Jaizkibel konpainiak beraien ondoan desfilatu. Bestalde, Jaizkibel konpainiak Alardean desfilatu duela senti lezake, nahiz eta beraiek aldarrikatzen duten bezala emakumeak Alarde guztian ez duen berdintasun osoz parte hartuko.

Alardea ikustera joaten den jendeak, alde batekoa zein bestekoa izan, ez luke arazorik izango,ikusi nahi dituen konpainiak ikusteko, eta baita ikusi nahi ez dituenei kasurik ez egiteko ere.

Azpimarragarria da, bestalde, nabaria dela azken urteotan kalean giroa lasaitzen ari dela, eta, nire ustez, badagoela gehiengo isil bat horrelako irtenbide baketsu eta zentzuzko bat onartuko eta eskertuko lukeena.

Badakit irailaren 8 a bertan daukagula, baina benetan uste dut esfortzu bat egitea merezi duela eta ezinbestekoa dela gu guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.