Altuna eta Rousseau

2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Jean Jacques Rousseau, idazle, filosofo eta musikaria, Genevan jaio zen 1712an. Aurten bete dira 300 urte, beraz. Etxetik alde egin zuen hamasei urterekin eta, gorabehera askoren ondoren, Veneziara joan zen 1743an. Hantxe ezagutu zuen Manuel Ignazio Altuna, Azkoitiko zalduntxoa. Eta adiskide minak izan ziren aurrerantzean.

Pertsonaia biak dira Argien Mendeko ordezkari apartak. Ilustrazioa inoiz izan den pentsamendu iraultzarik handiena da. Hemen, gurean, 1764an sortutako Real Sociedad Bascongada de Amigos del País dugu euskal Ilustrazioaren erakunde enblematikoa. Xabier Muniberekin eta Joakin Narrosekin batera, Altuna izan zenElkartea bultzatu zutenetako bat. Zoritxarrez, ez zuen haren sorrera ezagutu, oso gazterik hil baitzen, 1762an. Orain dela 250 urte, hain zuzen.

Ilustrazioa uste ohi den baino joera ñabarragoa da. Horregatik, «ilustrazio anitzez» (frantsesa, ingelesa, alemana, euskalduna…) hitz egin beharko genuke, pentsamendu korronte ezberdinak biltzen baititu bere baitan. Desberdintasun esanguratsuak ageri dira Argialdiko egitasmoen artean: Diderot eta Voltaire ez zetozen bat Rousseaurekin. Eredua bera arrunt kritikatu zuen Rousseauk. Ilustratu eta erromantikoa zen aldi berean.

Kantek, dirudienez, behin bakarrik egin zion uko bere eguneroko pasierari. 1762ko arratsalde batean, etxean gelditu zen Rousseauren Emile irakurtzen. Rousseauk berebiziko eragina izan zuen Kantengan («Rousseauk ireki zizkidan begiak»). Suitzarra irakurriz, bestelako mundua zabaldu zitzaion alemaniarrari. Biraketa osoa eragin zion Kanten pentsamenduari. Naturaren eta ezagutzaren teoriatik problema moraletara zuzenarazi zizkion pausoak. Filosofia teorikotik filosofia praktikora, alegia. Rousseau irakurri ondoren, pentsatzaile morala bilakatu zen.

Zientzia fisikoek Newtonen eskutik iritsitako estatutu berbera nahi zuen Kantek etikarentzat. Horregatik, «mundu moralaren Newtontzat» jo zuen Kantek bere Rousseau miretsia (beronen erretratua zen Kantek bere langelako paretan zintzilikatuta zeukan apaingarri bakarra). Gerora, ordea, Kantek kritikatu egin zuen Rousseau, giza naturaren ontasunean gehiegi fidatzen zelako.

Diderot Vincennesko gazteluan preso egon zenean, ikustaldia egin zion Jean Jacques Rousseauk, eta hitz-aspertu luzea izan zuten elkarrekin «zientzia eta arteen» alde on eta txarrez. Suitzarrak txarretsi egin zituen, noski; frantziarrak, ederretsi oro har. Gizakia berez ona da, eta zibilizazioak galbideratu du. Beraz, atzera naturara itzuli beharra dagoela adierazi zuen. Horregatik zaigu Rousseau hain erakargarria.

Bere Confessions (Aitorpenak) autobiografia ezagunean Altunaz mintzo zaigu Rousseau. Merezi du bigarren zatiko pasarte gogoangarria hona aldatzeak. «J'avais fait connaissance à Venise avec un Biscaien…» hitzez hasten den kontakizunean hainbat xehetasun eskaintzen digu bere lagun minaz. Italian barrena ibili ondoren, zuzenean sorterrira itzultzekotan zen Altuna. Rousseauk, ordea, Parisen hilabete batzuk emateko aholkatu zion. Eta halaxe egin zuen («Il me crut, et fut à Paris», esaten digu). Handik gutxira, Rousseau bera joan zen Parisera eta Altunaren etxean egon zen ostatuz.

Suitzar idazleak miresmen handiz hitz egiten digu betiere azkoitiarraren dohainez. Rousseauren deskribapen zehatzetik, Altunaren bi ezaugarri nabarmenduko nituzke nik.

Lehenik, nazio grinarik eza: «Ez zituen Altunak bere herrialdean hain ohikoak diren nazio grina bortitz horiek.» (Ignacio Emmanuel de Altuna était un de ces hommes rares que l'Espagne seule produit, et dont elle produit trop peu pour sa gloire. Il n'avait pas ces violentes passions nationales communes dans son pays). Ez zuen, beraz, harrotasun nazionalik agertzen.

Eta, bigarrenik, harentolerantzia erlijio kontuetan: «Nitaz aparte, ez dut ikusi bizi naizenetik, hura baino gizon toleranteagorik. Inoiz ez zion inori galdetzen zein ziren haren erlijiozko sinesteak. Bere adiskidea judu, protestante, turkiar, fanatiko zein ateoa izateak ez zion inporta, pertsona zintzoa izatekotan. «Hors moi, je n'ai vu que lui seul de tolérant depuis que j'existe. Il ne s'est jamais informé d'aucun homme comment il pensait en matière de religion. Que son ami fût juif, protestant, Turc, bigot, athée, peu lui importait, pourvu qu'il fût honnête homme». Erlijioa, beraz, arazo pribatutzat zeukan Altunak, pertsona ilustratu bati dagokion moduan.

Altuna eta Rousseau ez zetozen bat ideien arloan. Ez ziren inoiz ados jartzen ezertan: «Nos goûts n'étaient pas les mêmes; nous disputions toujours. Tous deux opiniâtres, nous n'étions jamais d'accord sur rien», diosku genevarrak. Garbi dago ikuspuntu kontrajarriak zituztela.

Bost urteko bidaldia egin ondoren, Altuna Azkoitira itzuli zen. Ezkondu eta herriko alkatea izan zen 1746an. 40 urte zituela hil zen. Rousseau Azkoitira joatekoa zen, bere azken urteak bertan emateko asmoz. Tamalez, «geroko gertaerek porrot eginarazi zioten asmoari: nire hondamendiek, haren ezkontzak, haren heriotzak… betirako banandu gintuzten.»

Argien distira gurera ere iritsi zen, baina ez zuen askorik iraun. Ez genuen Ilustraziorik izan, ez bada Ilustrazio ahalegin bat. Altunak eta bere lagunek gainerako gizarte modernoen mailan jarri nahi izan zuten euskal nazioa, bai teknika materialetan bai mundu ikuskeran. Zoritxarrez, saio berritzaile ezin bikainago hark huts egin zuen bere asmo erreformisten mugengatik eta handikiek zein apaizeria integristak egin zioten oposizioarengatik.Geroztik, porrot larri haren ondorio tamalgarriak jasaten ari gara euskaldunok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.