Antipodetan

Iosu Balmaseda, Isabel Castro, Xabier Barber
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ekainaren 2an, Confebaskeko arduradun gorenek agerraldi bat egin zuten Bilbon hedabideen aurrean, EHAEko egoera ekonomikoaren, finantzen eta enpresen diagnostikoa egiteko. Aldi berean, adierazi zuten bat zetozela negoziazio kolektiboaren inguruan CEOEk egindako aldarrikapenekin. Haien kontaketa irakurri ostean, ESK-kook baiezta dezakegu euren plantamenduekiko antipodetan aurkitzen garela; eta haiek, ugazaben planteamenduek alegia, ez dutela ezertarako balio dioten helburuak lortzeko, hau da, krisitik ateratzeko.

Funtsean, ordutegi, lanaldi, funtzio eta abar malguagoak eskatu zituzten, zein berariazko kontratu bat gazteentzat, gizarte zamarik gabekoa, eta haiek iraiztea karga garestirik gabe izatea enpresarentzat. Horrez gain, euskal gehiengo sindikalari eskatu zioten borroka alde batera utz zezala, «bizirik irauteko».

Bigarren eskaera lehenengoarekiko erabat kontrajarria da, eta Confebaskek argitu egin beharko luke. Egungoa baino malgutasun handiagoak borroka maila handiagoak ekarri beharko lituzke. Pertsona kontratatuen herenek behin-behineko kontratuak dituzte, kontratu finkoak dituztenek irazte merkerako aukera dute, gauez eta asteburuetan lan egiten da merkantziak ekoizteko, Administrazioak edozein ERE onartzen du... Ondorioz, pertsona askoren prekarietate egoera «biziraupen egoera» larri bat da. Izatez, Alejandro Nadal ekonomialariak La Jornada-n, 2011ko ekainaren 1ean, zioen Ameriketako Estatu Batuek mundu garatuko langabezia tasa handiena dutela nahiz eta lan malgutasun handia ukan, non langileriaren txirotzea AEBetako ekonomiaren egiturazko ezaugarri bat den.

Hemen, hamarkadak daramatzagu ugazaberiaren aldarrikapenekiko onuragarriak diren lan erreformak pairatzen. Lan merkatua desegituratu egin da eta ez du balio izan joan den mendeko 70eko hamarkadan sistema kapitalista sartu zen krisitik ateratzeko.

Arazoaren funtsa ez datza malgutasunean, edo soldatetan, ezta lan baldintzetan ere. Gakoa, gehienez ere eta partzialki, bankariek eta enpresa multinazionaletako goi karguek eta beharbada Confebaskeko kide batzuek jasotzen dituzten neurririk gabeko ordainketetan datza (urtean ehunka mila eurokoak eta batzuetan milioika eurokoak).

Baina goazen harira. Confebasken iritziz, «krisitik ateratzea kostako da, industri pultsua galdu egin delako». Confebaskek hobe luke esango balu zergatik galdu den industri pultsu hori eta dirua zergatik bihurtu den «finantzarioa» batez ere; ez da izango, termino globaletan esanda, gehiegi ekoizten zela eta ezin zela saldu ekoitzitakoa eta, ondorioz, dirua finantzariora pasa egin zela espekulatzea errentagarri egiten delako?

Krisi ekonomikotik ez gara aterako gehiago ekoitziz (urtean ehuneko biko hazkunde iraunkorra behar da enplegua sortzen hasteko, eta hori egun ezinezkoa da), baizik eta ondasunak eta enpleguak banatuz. Hemen eta munduan zehar; gure artean eta herri aberats eta pobreen artean.

Ondasunak banatu eta horretarako zerga erreforma sakon bat egin diru kutxa publikoak diruz hornitzeko, dagoen ondasun guztia azalarazteko eta gehiago dutenek (zerga paradisuetan ere) gehiago ordaintzeko (gehiago kasu batzuetan), finantza transakzioak zergapetuz (Tobin tasa)... eta, bestaldetik, sozialki ezertarako baliorik ez duten gastuak kenduz, ekologikoki eramanezinak eta ekonomikoki antzuak ere bai: gastu militarrak, administrazioetako goi karguak, hainbat azpiegitura —AHT, Pasaiako superportua, hondakinen errauste plantak...—, eta M15 plataformek iradoki dituzten beste batzuk; diru horiek enplegu gehiago sortzeko erabil daitezke, osasun asistentzia hobetzeko zein heziketa, zaintza aringarriak...

Eta lanak banatu. Alde batetik, dagoen enplegua (soldatapeko lanak), asteko lanaldia biziki murriztuz (beharbada soldata handiak ere murriztuta) eta aparteko orduak kenduz, erretiro adina jaitsiz (bai, erreformak dioenaren kontrakoa) eta denbora hori enplegua bihurtuz. Beste alde batetik, etxeko lanak eta zaintza lanak; horiek egiteko, denbora gehiago egongo litzateke, eta egun baino gizonezko gehiagok hartuko lukete parte (honela benetako berdintasunean urratsak egingo genituzke) eta, honela, zainduen eta zaintzaileen bizi-kalitatea hobetuko litzateke.

Aurreko guztia ez da utopikoa edo alferrikakoa, behar-beharrezkoa baizik. Munduan aspalditik eta gordinkiago milaka milioik «gozatzen» duten krisiaz gain, mugarik gabeko hazkunde sistema ero honek krisi ekologiko batera darama Lurra, aurretik jakitea ezinezkoa den ondorioekin, baina oraingoan bai egin beharko diegula aurre «biziraupen gaiei» (Fukushimak, bere larritasuna eta guzti, arazoen parte bat baino ez du adierazten).

Confebask, CEN, gainontzeko ugazaberia eta haien guztien ordezkariek administrazioetan eztabaida justizia sozialera eraman ezean, konfrontazioa ekidin ezina izango da, euskal gehiengo sindikalak (zeinarekin ESK-k bat egiten duen planteamendu hauetan) planteatzen duen baino konfrontazio handiagoa gainera; eta ondo legoke gainontzeko erakunde sindikalek bat egingo balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.