Zabor bilketaren gaian ezarri beharreko sistema dela-eta Oñatin sortu den eztabaida ikusita, hona hemen horri buruzko gure hausnarketatxoa.
Demokrazia hitzak «herriaren agintea edo gobernua» esan nahi du; demokrazian, herritarrek lau urtetik behin hauteskundeetan euren ordezkariak aukeratzen dituzte, zeregin batekin: komunitatearen beharrak gestionatzea. Definizioz, ordezkari politiko horiek herriaren zerbitzura egon beharko lukete, eta ez euren alderdi politiko edo interes partikularrei begira.
Hori garbi utzita, etazabor-bilketaren inguruan herritar askoren sentipena hona ekarriz, honako gogoeta hau dakarkigu lerro hauetara, batik bat ordezkari politikoen arteko ezadostasunak direla medio.
2011n, orduko Korporazioak, EAJ, Hamaikabat, Aralar, PSE eta PPren botoekin, Plenoan erabaki zuen Oñatin zabor- bilketa selektiboaren alde 5. edukiontzia jarriko zela, hori zelakoan Oñatirako egokiena eta atez atekoa baino merkeagoa. Orduan ez zen herri kontsultarik egin, eta atez atekoaren aldekoek oso kritikatu zuten hori.
2012an, Korporazio berriak jakinarazi du orduko erabaki hura bertan behera utziko duela eta atez atekoa ezarriko. Oraingoan ere ez dirudi herri-galdeketarik egingo denik, aurrekoek ere egin ez zuten aitzakiarekin. Nola liteke aurrekoen erabakia antidemokratikoa zela esanez kritikatu zutenek ondoren akats berbera egitea?
Hori guztia ikusita, herritar asko dago ordezkari politikoen arteko eztabaida absurdoen kontra, eta herritar guztiak ukitzen dituen arazoa ez konpontzeaz gain, aho zabalik ikusten dute beraien arteko ezadostasunek herrian, familietan, kalean, elkarteetan nola ari diren hedatzen; gainera, begi bistakoa da ezadostasun artifizialak direla guztiz. Izan ere, garbi dago bi aukerak izan litezkeela zilegiak.
Garbi dago herri bakoitzak duela behar besteko autonomia, bere ezaugarriak kontuan hartuta ondoen doakion sistema zein den erabakitzeko; alde batera utzita errauste planta, konpostajea eta bestelako aztergaiak, beste erakunde batzuek erabaki beharrekoak baitira, gure kasuan Diputazioak, une honetan Oñati arduratzen duena zaborra biltzeko sistema da.
Idazki hau izenpetzen dugunok honako hau eskatzen diogu Udalari:
1.- Atzeratu dezatela aurreko Korporazioak erabakitakoa indargabetzeko asmoa eta alderdi politiko bakar batek erabakitako atez atekoa ezartzeko erabakia.
2.- Bilduk eta EAJk bidal dezatela herriko etxe guztietara sistema bakoitzaren inguruko informazio teknikoa, aldeko eta kontrako ikuspegiak eta familia bakoitzarentzat aukera bakoitzak ekarriko duen benetako kostua.
3.- Egin dadila erreferendum edo herri-galdeketa bat, Oñatiko familia gehienek zein sistema nahi duen jakiteko, eurak baitira hasieratik bertatik zaborra sailkatu eta bi sistemetako edozeinek sortuko duen gastua ordainduko dutenak.
Horren ondoren, Udalaren ardura izango da galdeketa-prozesua gauzatzea, garbi utziz galdeketaren emaitza loteslea izango dela Udalarentzat eta herritar guztientzat.
Atez atekoa ala 5. edukiontzia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu