Beste urteetan bezala, maiatzaren 27an mendi martxa bat egingo da Ausa mendira. Bertan dauden nafar gazteluaren hondakinek aspaldiko gertaeren berri ematen digute. Ausako gaztelua, gaizkileen muga izenez ezaguna egin zen eremu ezegonkor batean kokatua, hamaika liskar, eraso eta pasarte ilunen eszenatokiaizan zen Erdi Aroan. Gaztela eta Nafarroaren arteko mendeetako gudak eta Ipuzkoako jauntxo eta bandoen oldarraldiek gudu zelai bilakatu zi- tuzten Aralarreko mendi hegalak.
Jatorrian bederen, leku hark ez zuen inongo zona estrategikoren zantzurik. Ez du muga naturalik osatzen, euskal lurraldeen erdigunean dago eta inguruetako biztanleek hizkuntza, kultura, usadio eta bizimodu berdinak dituzte. Baina 1200eko konkista gaztelauak, Malmasin eta Gasteizetik haraindi, Burunda eta Aralarreraino bultzatu zuen erresuma baskoiaren muga lerroa. Gaur egun Nafarroa Garaia mugatzen duen lekuraino, hain zuzen.
Gaztelarren erasoak Gasteiz (gaur egun EAEn), eremu hartako hiri nafar nagusia, setiatzea zuen helburu. Handik abiaturik, Gaztelako tropek kostarantz egin zuten, Mutriku, Getaria, Hondarribi edo Donostiako portu oparoak zeuden tokirantz. Inguruetako bailara eta herrixkek, domino piezak bailiran, bata bestearen atzetik etsi zuten. Bederatzi hilabeteren ondoren, Gasteizek amore eman zuenean, lurralde eremu zabala galdu zuen erresuma nafarrak. Muga berria 100 kilometro ekialderago kokatu zen horrela. Hurrengo hiru mendeetan Aralarreko sakanak babes lerro berria bilakatu ziren.
Garaipenaren ondotik Gaztelak jazarpen politika bati ekin zion erresuma baskoiaren aurka. Hiribilduak sortu zituen muga lerroan zehar (Tolosa, Hernani, Segura, Agurain, Kanpezu...), eta familia boteretsuenak xaxatu zituen gerra jauntxo bihur zitezen: lazkanotarrak, oñaztarrak, berastegitarrak... Ausako gaztelua familia hauen gehiegikeriei eta harrapakeriei aurre egiteko gotorlekua izan zen.
Gaizkileen mugak —gerora Gipuzkoa izango zenaren eta artean subirano izaten jarraitzen zuen Nafarroaren arteko lerroak— lapurreta, kontrabando, eraso eta heriotzaz beteriko historia du. Gorritiko gazteluaren erreketa eta suntsiketa, Beotibarreko bataila, Hernaniren erreketa... legenda beltz honen pasarteak dira.
1335ean Lazkanoko jaunak Ausari eraso zion, gotorlekuaren kokapenak Sakanan harrapakerietan ibiltzea eragozten ziolako. Gazteluko merioak, Ladrón de Gebarak, gotorlekuaren babesa bertan behera utzi eta alde egin zuen. Zigorgisa, kargugabetua izan zeneta bere ondasunak galdu zituen.
Oroimen lekua Gipuzkoan
Gaur egun Ausa gure herriaren oroimen lekua da: gure iraganaren eszenatokia, gure historiaren gakoak oroitu, mantendu eta hedatzea ahalbidetzen duena. Ausan Nafarroa izan ginelako froga aurkitzen dugu, Gaztelaren gerra eta indarkeriaren ondorioz galdu genuen Estatu baskoi subiranoa. Hauek ziren gure lurrak, gure gazteluak, gure historia, gure presentzia mundu zabalean.
Ausa gaztelua bisitatzean, izan ginena ezagutzeko aukera dugu, eta gure identitatea—eta arazoak— orain arte nola mantendu dugun ulertzeko aukera. Jakin dezagun zer gertatu zen eta zeintzuk diren gure sustraiak. Gaur egunhain desitxuratuak eta ezku-taturik dauden sustraiak, alegia.
Ausa gaztelua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu