Banderen gerra

2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Banderen gerra deitu izan den gatazka izan dugu gure herrietan urte askoan. Alkateak, epaileak, komunikabideak, indar poliziala... sartu izan dira tartean. Antza hartu genion odola ere isuriko zela istilu harengatik. Baina pasa zen. Gero, aldiro, iskanbila agertzen da berriz, hainbat lerroburu sorrarazten ditu eta berriz isiltzen.

Udaletik despedituta atera zenean —hautestontzian porrota jaso ondoren—, Odon Elorza, alkate kosmopolita eta konstituzionalista askoa, oso tente irten zen, espainiar oihala zintzilik jarrita atarian; arrunki esaten den bezala, «pabiloia oso altu utzita». Gero, ikurrak deus ez direla kontatu izan zaigu, bandera bat trapu bat dela, ez duela minutu bat bera ere galtzea merezi. Baina, azkenean, eraikin ofizial orotan inposatu digute, nahi ala ez, piperpoto hispaniarraren zutoihal nardagarria. Garbi gelditzen da zerk inporta duen eta, batik bat, nork agintzen duen.

Ikur hauen balioa ulertzea garrantzitsua bada (errepresentatzen baikaituzte eta horretan eratzen gaituzte; gorpuzten, gure taldeari identitatea eta esanahia ematen diote), zentzua ematen diona ezagutu behar dugu halaber. Hau da, haien edukia, haiekin adierazten eta transmititzen den mezua, zeinarekin jendea eta herriak identifikatuta sentitzen baitira.

Gure artean, akulturazioan eta despistean beti galduta, nolabaiteko nahastea nabari da, nafar banderaren —askotan gaizki ulertutako— presentzia ikurrinaren kontra egina balitz bezala, elkarrekin lehian ari balira bezala. Urteetan zehar, Sabino Aranak piztutako nazio kontzientziaren bultzadaz, bizkaitarra gailendu da. Orain, aldiz, gero eta gehiago nabari da nafarraren presentzia, eta ez probintziaren ikur gisa, baizik nazio ikur gisa. Edo euskal estatuari dagokionaren gisa, horrela nahiago badugu.

Hain zuzen, ikurrina Sabino Aranaren sorkuntza da. Mende bat pasatxo du, eta, egia da, erresistentzia gerra gogor bat (1936-37) du bere memorian. Edo Francoren diktaduraren garaiko klandestinitatea. Geurea da, ezin baztertu dugu. Baina autonomikoa da, ibilbide erreal, historiko batekin, espainiar legalitatean nolabait txertatua.

Baten batek esan diezadake ikurrinak ez duela esanahi hori abertzaleentzat. Eta ez dut ukatuko. Baina gauza bat da ematen zaion asmoa; eta bestea, ondarearen egiazko balioa. Baliabide baliotsuak bazter utzi izana maila txikiagokoak hartzeko, eta gainera helburu berari heldu nahiz, ez da oso azkarra. Ez da zentzuzkoa.

Batez ere, abandonatuta zegoen baliabide hori etsai gaizto batek berreskuratu eta propiotzat hartzen badu (nafar bandera, euskaldunona). Erasotzeko, izena zikintzeko, bere baloreen, zentzuen eta edukien defendatzaile agertzeko. Eta sinbolo horrekin identifikatzen diren borondate asko arrastatzeko.

Nafar bandera estatu baten ikurra da. Ez da kasualitatea frantses estatuak (1789ko iraultza arte) zein espainiarrak Nafarroaren armarria euren armarri ofizialetan mantendu izana. Lehen planoan. Hori baita estatalitate horren balioa. Banderak mende askoko historia du, nazioarteko aitortza eta talde-ondare balioa, munduan presentzia eta beste inongo nazio ikurren gainetik burujabetza politikoaren pisua duena. Hori onartzen ez badakigu, gure ezjakintasun politikoagatik da, ez ikurragatik beragatik, balio baitu.

Euskal independentziaren bandera historikoa da, Iruñean zintzilik zegoena (Correak deskribatzen du, Albako dukearen kronista pertsonalak) 1512an armada inbaditzailea bertan sartu zenean. Baina, Nafarroa estatalaren ikur izanik, lurraldetasunaren ikur ere bada, euskal lurraldeak historikoki batu zituen proiektu politikoarena.

Izan ginen estatuaz mintzo da bandera hori, munduan toki ofiziala izanik euskal populazioa bildu eta defendatu zuen hartaz; izan garenaren eta berriz izan nahiko genukeenaren lekukotza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.