Martxoan sartzen garenean, lehendabiziko egun garrantzitsua martxoaren 8koa dugu, Emakume Langileen Eguna. Iritsi gara aurten ere data honetara, eta, egunero bezala, Batzar Nagusietako paradisuan sartzen naiz pentsamendu honekin: «Bai, gauzak aurrera doaz, gero eta hobea dugu egoera emakumeok», eta artikulu hau irakurtzen ari den emakume orok harridura aurpegia jarriko du, erotu naizela pentsatzen. Nire paradisuan jarraituz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan emakumeen jabetzea errealitate bat dela dirudi, eta bada, zinez; izan ere, batzarkideen artean %53 emakumeak dira, eta %47, gizonak. Are gehiago, bertako botere organoetan, hau da, Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean %60 dira emakumeak, eta %40, gizonak; eta organo horien artean pasatzen dut nik nire eguneko zatirik handiena.
Baina, tamalez, konturatzen naiz nire paradisua ez dela gizartearen isla erreala, eta, nire paradisutik irte eta errealitatera iristen naizenean, ohartzen naiz lan asko dagoela egiteko emakumearen jabetzea benetakoa izan dadin, ez soilik itxura hutsa. Are okerrago, egunetik egunera gizartean atzerapausoak sumatzen ditut eguneroko bizitzan. Bai arlo pribatuan eta bai publikoan egiten ditudan ekintza guztietan dakusat emakumearen zeregina geroz eta xumeagoa dela, bigarren mailakoa edo. Jendea lehen kontzientziatuagoa zegoen gai honekin, edo aldarrikapena, behintzat, gizartean errotuagoa zegoen, eta badirudi orain haizeak daraman hostoa dela aldarria.
Nire bizitza publikoan, emakumeen presentzia eskasa nabaritzen dut, karguak eskatzen dituen hainbat ekitalditan. Bertan dauden emakume gehienen lana ez da izaten ordezkaritza lana; aholkulari gisa agertzen dira, gehienetan, eta ordezkari lanetan diharduen pertsonaren laguntzaile izaten dira. Adibide bat; otsail bukaeran inaugurazio batera joan nintzenean, harriduraz ikusi nuen emakumeak gehiengoa zirela aretoan. Oholtzara igo ginen, ekitaldiari hasiera ematera, eta han geunden zazpi pertsonen artean, ni nintzen emakume bakarra. Hizlari guztiakizan ziren gizonezkoak.
Horrelako adibideak ekitaldi publiko gehienetan jasaten ditut, kultura alorrekoak direnetan ez ezik. Hor ere neure buruari beste galdera filosofiko bat egiten diot, nire paradisura itzuliz konturatzen naizelako Batzar Nagusietako kultura batzordean emakumeek osatzen dutela gehiengo handia, %67a. Berrikuntza edo bide azpiegitura batzordeetan, aldiz, gizonezkoek osatzen dute gehiengoa,, gizonak gutxiengoa diren erakundean. Eta nire galdera da; jarraitzen al dugu emakume eta gizonen arteko lanbideen topikoekin XXI. mendean? Emakumeak lan merkatuan gaude jada, ia-ia arlo guztietan, eta hori, zorionez, atzerabueltarik ez duen prozesu soziala da. Ezin dugu ahaztu, baina, lan mundua gizonek eta gizonentzat egina dela; ezaugarri, jarrera eta balio maskulinoak gailentzen baitira oraindik.
Lanetik atera, eta nire bizitza pribatuan, telebista piztutakoan haserretu egiten naiz, geroz eta publizitate diskriminatzaile gehiago ikusten dudalako, eta emakumea gutxiesten duten iragarkiak barra-barra agertzen dira. Lehen, behintzat, salaketa zaparrada jausten zen horrelakoak telebistan ikusten genituenean, baina gaur egun ez da hori ere gertatzen. Orain dela oso gutxi, telebista programa bateko iragarkian agertzen zen emakume batek zera zioen: «Nik, nire semearentzat garbituko duen eta sukaldean arituko den emazte bat nahi dut». Okerrena, nire ustez, ez da emakumeak horrela pentsatzea, hori bai baita sintoma txar bat, baizik etatelebista kate batek sexismoz blai dagoen ideia hori amu gisa erabiltzea, jendeak programa ikus dezan. Horrelako trikimailuekin ibiltzea lotsagarria iruditzen zait, eta emakumeekiko errespetu falta izugarria, gainera. Kasu horietan, baina, tristeena hurrengo hau da: iragarkia modu horretan azaldu badute gehiago saltzearen helburua lortzeko dela, eta horrek esan nahi du gizarteak geroz eta kontzientzia txikiagoa duela gai horiei buruz; sexismo kutsua duten produktuak ikustea ez bakarrik ez zaio axola jendeari, baizik eta erakarri ere egiten du.
Telebista alde batera utzi, eta kalera jotzen dut, bainaegoerak ez du hobera egiten. Oraindik entzuten ditugu elkarrizketak, non gizonek egingo lituzketen ekintza berdinengatik emakumeak kritikatuak diren, eta gizonak, berriz, goraipatuak. Eta mutil kuadrilla bateko norbaitek neska bati ipurdia ukitzen badio herriko jaietan, mutilen kuadrilla guztiari grazia handia ematen dio, baina dena delako neska minduta geratzen da. Halako egoerak gerta ez daitezen hezi gintuztela uste nuen arren, oraindik ere gertatzen dira. Horren aurka egiteko, kontzientziazioa beharrezkoa da. Kontzientziazioa, halako egoerak eta aurretik deskribatutakoak normaltzat jo ez daitezen eta gaitzets ditzagun, modu horretan soilik desagertuko direlako.
Azkenean, gauean, orduak pasatu ahala, nire paradisutik urrun, konturatzen naiz asko dugula egiteko, urteetan egin eta esan dugun moduan; oraindik berdintasunean kontzientziatu gabe dagoela gizartea, eta sexistak diren hainbat gauza egiten eta ikusten ditugula egunero, eta normaltzat jotzen ditugula. Bai, guka ari naiz badakidalako nahi gabe nik ere egiten edo esaten ditudala emakumeon borrokari oztopo egiten dioten hainbat gauza; historiaren hasieratik emakumeek egin duten borroka, eta orain 101 urtetik hona ofizialki data honetan aldarrikatzen dena. Horregatik guztiagatik da beharrezkoa martxoaren 8ko eguna gogoratzea eta gogoraraztea. Beharrezkoa izan ez dadin, borrokan diraute emakume askok; espero dezagun, bada, nire semearen belaunaldiak egun hau ospatzeko beharrik ez izatea, benetako berdintasuna lortu dugun seinale. Bitartean, nire paradisura itzuliko naiz, handik nire lankideekin eta gizarte osoarekin batera, aurrerantzean ere berdintasunari bidea zabaltzeko. Izan ere, guztion erronka da hau, ez emakumeona bakarrik.
Berdintasunaren paradisua irekitzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu