Demokrazia, pribilegioa?

Pello Urizar Karetxe, Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusia
2017ko irailaren 16a
16:31
Entzun

Azken Diadan izandako partehartzeak process-ak bultzadarik ez duela galdu erakutsi digu, eta bozkatzea den eskubide demokratikoa gauzatzeko Kataluniako konpromiso politiko, instituzional eta soziala indarrean eta sekula baino indartsuago dagoela ere.

Kataluniak erabiltzen dituen demokraziak eta begiruneak eredu berria eskaintzen dio mundu osoari. Espainiar Estatuaren botere desberdinen mehatxu eta debekuen aurrean Kataluniako gizarteak mahai gainean demokrazia gehiago jarriz erantzun du. Jasotzen dituen probokazio guztien aurrean alaitasunarekin erantzuten du.

Mehatxu eta debeku asko heltzen ari dira Kataluniara azken aste hauetan, eta azkenetako bat espainiar fiskaltzak urriak bateko bozketa babesteko borondatea agertu duten zazpiehun eta piku alkateei bidalitako zitazioa da. Eta horrekin batera epaitegietara agertzen ez diren alkateen atxiloketa agindua ere.

Atxiloketa agintzen ditu espainiar Estatuak bozkatzeko aukera emateagatik. Prest gaude demokraziaren aurkako eraso hau onartzeko? Beste alde batera begiratuko dugu Kataluniako gizartearen ordezkariak bozkatzea ahalbidetzeagatik espetxeratzen dituzten bitartean?

Eusko Alkartasunak ez. Argi daukagu katalandarrek beraien etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukatela, euskal herritarrek daukagun bezala, eta mehatxu eta inposizioek ezin dezaketela Herri baten borondate demokratikoa oztopatu.

Hain argi daukagu hori zeren ulergaitza egiten zaigu bere burua abertzaletzat daukan alderdi batek bi jokotara aritzea: esku batekin Kataluniako Herriari babesa eskaintzen dion bitartean bestearekin Kataluniaren aurkako erasoak agintzen dituen gobernu espainiarra sostengatzen du.

Ulergaitza egiten zaigu Katalunian trantsizio garaitik dagoen partida politikorik garrantzitsuena jokatzen ari diren bitartean, Euskadin 79tik bahituak dauden eskumen batzuetaz espainiar trileroekin aritzea.

Katalunian jokoan dagoena demokrazia da. Ez soilik beraien demokrazia, gurea ere bai. Beraien borroka gurea ere bada, alkate horiek gure bozkatzeko eskubidea ere defendatzen ari direlako.

Kartak mahai gainean jartzeko ordua da. Euskal Herrian demokrazia beste edozein gauzaren aurretik jartzen dugula erakusteko ordua heldu da.

Larunbatean Bilboko kaleak bete behar ditugu askatasunaren eta erabakitzeko eskubidearen izenean. Larunbatean denok Gure Esku Dagok deitzen duen manifestaldira.   
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.