Denis Diderot L´Encyclopédie famatua sustatu eta kudeatu zuelako ezagutzen dugu batik bat. Ilustrazioaren espiritua ezin hobeto jaso eta mamitzen duen lan erraldoia da. Frantziako mugak gaindituz, Europa ilustratuaren gidaliburua bihurtu zen berehala: dogmatismoaren kontrako eta askatasunaren aldeko «gerra makina.»
Diderot, familia apal batean jaioa,philosophe bat izan zen: tradizioa eta aurreiritziak gutxietsiz, bere kabuz pentsatzera ausartu zen gizona. Diderot gizaki xarmagarria zen. Lagunek begirune zioten eta hiriko zirkulu intelektual guztietan miretsia zen. Haren liburuek, irudimen eta adierazkortasun handikoak izateaz gain, askotariko gaiak lantzen dituzte: musika, morala, literatura eta filosofia. Entziklopedia Unibertsal bat lantzeko asmoa zuen eta egile andana hautatu bat erakarri zuen bere proiektura (D´Alembert, Voltaire, Rousseau, D´Holbach, Montesquieu…).
Egiatia eta tolesgabea zen, eta ez zuen pentsatzen zuena ezkutatzen, ezta agintarien onarpenaren arabera desitxuratzen ere. Ondorioz, haren izkribu asko (Aita Santuaren eta Erregearen autoritatea kordokarazten zutelako) debekatuak izan ziren eta, behin baino gehiagotan, presondegirako bidean ipini zuten Diderot.
1749ko Lettre sur les aveugles à l´usage de ce qui voient (Itsuei buruzko gutuna ikusleek erabil dezaten) obran materialismo ateoaren alde egin omen zuelako, Vincennesko kartzelan egon zen aldi labur batez, hiruzpalu hilabetez. Behin ikustaldia egin zion Jean Jacques Rousseauk, eta hitz-aspertu luzea izan zuten elkarrekin «zientzia eta arteen» alde on eta txarrez (jakina, ez ziren ados jarri: suitzarrak txarretsi egin zituen zibilizazioaren aurrerapenak; frantziarrak, ederretsi oro har).
XVIII. mendearen erdialdeko Frantzia ez zen lekurik egokiena pentsalari askeentzat eta espiritu kritikozko pertsonentzat. Dideroten ikuspuntuak deserosoak ziren gehienetan: iruditzen zitzaion bazitekeela unibertsoak eta giza biziak helburu jakinik ez izatea; norbere buruaren jabetasunik ez izatea; Jainkorik ez izatea; eta unibertsoko objektu guztiak—giza gogoa barne— materialak izatea.
Ez zuen kasu horietako batean ere iritzi dogmatikorik agertu: bere iritzian, eskumenean ditugun frogek nora daramaten ikusi behar da, eta etorkizunekoek iritzia aldaraz dezaketela onartu. Esaterako, arazo erlijioso eta moralak oinarri enpirikoen gainean erabaki behar zirela sostengatu zuen. Dideroten pentsamolde ausart horrek, hartara, are arriskutsuago bihurtu zituen haren obrak.
Abbé Raynalekin elkarlanean aritu zen Histoire philosophique et politique des établissements et du commerce des européens dans les deux Indes liburuaren idazketan. Bertan Diderotek —izengoitipean— irmoki gaitzetsi zituen europarren kolonialismoa, basakeria eta esklabotza («odolak irakiten dit egintza izugarri hauen aurrean»). Sarraski etnikoen salaketa gogorra egin zuen eta «salbaien» askatasun bakezalea goraipatu «zibilizatuen» indarkeriaren aurka. Konkistatzea edo indarrez ebastea gauza bera zela irizten zion. Indigenen eskubideen defentsa tinkoa egin zuen, baita haien garbiketa etnikoaren salaketarik gogorrena ere. Zein urrun gauden Montesquieu edo Voltairereneurozentrismotik!
Filosofo frantsesaren iritziz, konkistatzaileen makurkeriak gaitzestea izan beharko zukeen Ilustrazioaren eginkizunetako bat. Europak, horrela, bere ezaugarri bikainenetako bat erakutsiko zuen; autokritikarako gaitasuna, alegia. Arras bestela jokatuko zuen Europak Dideroti kasu egin balio. Pariseko Parlamentuak galarazi egin zuen 1781ean Raynal-Dideroten Bi Indietako Historia (horrela deitu zitzaion), «herriak matxinatzera jotzen zuelako.» Jakina, jende askok ez du Dideroten aurpegi ezkutu hori ezagutzen.
Orain gazteleraz irakur dezakegun Herri zibilizatuen basakeriaren tratatua-nherri indigenak kolonizatu eta esklabo egiteko «eskubidea» irmoki arbuiatu zuen Diderotek (Leibnizek bezalaxe, bestalde). Europar bezala, lotsarik eta nazkarik biziena ematen zion kolonizatzaileen portaerak, eta zapaltzaileen aurka altxatzera aholkatu zituen «salbaiak». Indigenekikojustiziarik ezari senidetasun unibertsalaren ideia kontrajarri zion: «Gizakiok, guztiok senide zarete. Zenbat denbora beharko duzue hala aitortzeko?».
Nolanahi ere, Europak oso goiz irauli zuen harrokeriazko erlazio hori, bere berezko gailentasunaz dudak izan baitzituen: eta benetako barbaroak gu bagina, eta ez besteak? Bere harrokeria gainditzea izan da Europaren bereizgarria. Bere burua besteren begiekin ikusten ikasi du. Gainerakoez interesatu den kultura bakarra izan da («De toutes les cultures, connues jusqu´ici, la nôtre est assurément la seule à s´intéresser aux autres»).
Autokritikak —akatsak bilatu eta zentzatzeko jarrerak—ezaugarritzen du Europa. Montaignerekin hasi eta gaur arte iraun duen europar izaera berezia da hori. Leszek Kolakowskiren esanean, jarrera autokritiko horrek gainerako kulturetatik nabarmen bereizten du Europa. Gainontzeko kulturen existentzia onartu izan du. Baina hauek ez dute autokritikarik egin.
«Gizakia naiz nahitaez, eta frantsesa kasualitatez bakarrik», dio Montesquieuk. Ilustrazioaren espirituak kutsatu dituenak maiteago dute gizateria euren herrialdea baino. 1768ko otsailaren 22an honela idatzi zion Diderotek David Humeri: «Ene David Maitea, herrialde guztietakoa zara zu eta inoiz ez diozu dohakabeari zure bataio agiria eskatuko. Zu bezala, munduko hiri handiko hiritarra izateaz harrotzen naiz.»
Unibertsaltasuna dago gizakien moralaren eta hiritarren eskubideen oinarrian.
Denis Dideroten salaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu