Denok grebara!

Imanol Ibero Azkarate (EHNE)
2020ko urtarrilaren 27a
10:05
Entzun

Ostegun honetan, urtarrilak 30, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorrerako deialdia egin du, pentsio, lan baldintza eta bizitza duinen alde. EHNE nekazaritza sindikatuak zenabit langile sindikatu eta gizarte eragilerekin partekatuko du kalea: feministekin, pentsionistekin, lurraren defentsan ari direnekin, eta beste zenbaitekin. Nekazari eta abeltzain izateagatik, landa eremuetako bizi lagun izateagatik, arrazoiak sobran ditugu greban parte hartzeko.

Pentsio duinen alde. Gaur egun erretiratzen den edozein baserritarrek, kasurik hoberenean, 30ean aldarrikatuko ditugun pentsio minimoak baino 400 euro gutxiago jasotzen ditu. Latzagoa da oraindik emakume asko eta askoren kasua: itzalean, kotizatu gabe, bizitza osoa etxaldean lan egin eta gero, erretirora heltzean ez dute pentsiorik jasoko.

Lan duin baten alde. Bidezko erlazioak behar ditugu guk sortzen ditugun produktuak behar dituen gizartearekin. Ekoizleen eta kontsumitzaileen artean, industria eta saltoki erraldoiak ezarri dira, zeintzuek, haien etekinak hobetzeko nahian, katearen katebegirik ahulenak estutzen dituzten: nekazari eta abeltzainak. Kasu askotan, tokiko bertako ustiategiak dira, hasieran bizirik irautea beste helbururik ez zutenak, eta, hainbeste hazi dira eta ekoizpena hainbeste areagotu da, beste ekoizleak irentsi eta lurrak eta beste baliabideak metatu baitituzte. Galdu dute behin izandako nekazari eta abeltzain izaera, eta enpresari huts bihurtu dira, zeintzuentzat lurra etekin ekonomikoa ateratzeko baliabidea besterik ez den.

Alde horretatik, EHNEn nekazariz osatutako nekazaritza eredu bat behar dugula eskatzen dugu, eta ez enpresariz osatutako bat. Baserritar txiki eta ertainak, hurrengo belaunaldientzako lurra zainduko dutenak eta herriak bizirik mantenduko dituztenak. Baina gaur egungo sistemak, hazkundea eta baliabideen pilatzea du oinarri, eta goreneko asmo eta egiten diren politika gehienek hori bera bultzatzea besterik ez dute helburu. Merkatuen kontrol eta inongo arautzerik egin gabe bultzatzen da, Nekazaritza Politika Bateratuarekin, ekoizle elaboratzaile txikiei industria handiari bezainbeste kontrol ezarriz bultzatzen dute ere, eskakizun burokratikoekin, kanala eta AHT bezalako azpiegitura planekin, merkatu librearekin edota banatzaile eta saltoki handiei jartzen zaien alfonbra gorriaz bultzatzen dute baliabideen pilaketa.

Klima aldaketa ezin dezakegu aipatu gabe utzi, gure lana klima baldintzen menpe dagoelako. Horregatik, Madrilgo azkeneko baina enegarren klima goi-bileran ikusi dugun politikari nagusien arduragabekeria ere salatu beharrean gaude. EHNEk, klima aldaketagelditzeko, bere kausak lehenbailehen eta sakontasunez aldatzeko erabakiak hartu daitezen exijitzen dugu, eta gure lana ehuneko ehun klima baldintzen menpe dagoen ekoizleontzako babes politikak ere eskatzen ditugu.

Horrez gain, ostegun honetan, urtarrilaren 30ean, guztiontzako bizitza duin baten alde kalean egonen gara; baita landa eremuan bizi garenon pertsonentzat ere, lurra landuz bizi garenontzat. Nafarroak bizi duen herrien hustea gelditzeko politika ausartak eskatzen ditugu, baita Gipuzkoan etengabeko presio industrial eta hiritarraren aurrean nekazaritza jarduerari eta landa lurrari eusteko ere. Kalitatezko zerbitzu publikoak herri eta bailara guztietan, bertaratzeko azpiegitura eta garraio sistemak, etxebizitza politika publikoak, eta baliabide ekonomikoak landa eremura irits daitezela eskatzen dugu, diskurtso eta parte-hartze saioetatik haratago beharrizana dagoen tokiko administrazioetara heltzea, hain zuzen.

Horregatik guztiagatik, EHNE nekazari eta abeltzain guztiei, landa eremuetan bizi den jendarte osoari, ostegun honetako greba orokorrean parte hartzeko deia egiten die. Egoera honetan sartu gaituen zurrunbilo produktibista eta kontsumistak ez gaitu hemendik aterako. Momentu historiko honetan, errezeta zaharrak alboratu eta benetako eta sakoneko aldaketak bultzatzeko garaia dela exijitzen dugu. Landa eremu bizi baten alde! Baserritarrez osatutako nekazaritza baten alde! Bizitza duin baten alde! Denok grebara!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.