Desgaitasuna duten pertsonak: azkenetan azkenak

Andres Krakenberger Xabier Urmeneta
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
NBEk 1992ko abenduaren 3an Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna egitea erabaki zuen. Baina abenduaren 3 bakoitzean, dibertsitate funtzionala —kolektiboak «gaitasuna vs desgaitasuna» binomiotik ihes egiteko asmatu duen terminoa, binomioa beti «gaitasun gutxien» dutenen kalterakoa baita— duten milaka pertsona, gure herrikide diren milaka eta milaka pertsona, etxetik atera ezinik geratzen dira, urteko gainerako egunetan bezala, etxeak ez daudelako egokituta; ezin dira trenez ibili, gurpil-aulkiak ez direlako sartzen bagoi gehienetan; edo ezin dira zinemara joan, edo ezin dute telebista ikusi, filma ez dagoelako audiodeskribatuta. Era berean, ezin dute hitzaldirik entzun, edo eskolara joan, ez daudelako zeinuen hizkuntzara itzulita; ezin dute erabakirik hartu gauza arruntenei buruz —zer jan, zer ordutan joan lotara, norekin paseatu edo zer telebista-kate ikusi—, erabaki horiek beste pertsona batzuek hartuko dituztelako, beraiei galdetu ere egin gabe. Eta beste milaka batzuek ez dute izango jaikitzeko «eskubiderik»…, baizik eta beharbada gogo txarrez eta behartuta daudelako jaikiko eta garbituko dituzten, gosaltzen lagunduko dieten beste batzuen «mesedea» jasotzeko eskubidea besterik ez, senideen, lagunen edo ezagunen borondate onaren mende baitaude, gainerako pertsonek zertan ari garen ohartu ere egin gabe egiten ditugun eguneroko gauzak egiteko.

2006ko abenduaren 13an, NBEko Batzar Nagusiak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zuen. Hitzarmen horrek osorik zehazten ditu pertsona horien eskubideak, eta gogorarazten digu bizitzeko eskubideak, kasu hauetan, berekin dakartzala libreki lekuz aldatzeko eta mugitzeko eskubidea, gainerako herritarrek bezala leku guztietara sarbidea izateko eskubidea, eta beraien izenean erabakiak hartuak ez izateko eskubidea. Aipatutako eskubide horrek, era berean, berekin dakar desgaitasuna dutenek nahi duten moduan bizi ahal izatea komunitatean, eta ez egoitzetan; babesa izatea torturaren eta beste tratu zein zigor umiliagarrien aurka; informaziorako eta teknologia berrietarako sarbidea izatea; haien intimitatea errespetatzea; ezkondu eta familia izan ahal izatea nahi badute; bai eta eskubide hauek izatea ere: hezkuntza, osasuna eta errehabilitazioa; lana eta bizi-maila egokia; bizitza ekonomikoan, sozialean, kulturalean eta politikoan esku hartu ahal izatea…

Baina zalantza beldurgarria honako hau da: beharrezkoa zen hori guztia zehaztea? Ez al zen guztiz begi-bistakoa eskubide horiek zituztela gutako den-denok bezala? Zergatik gogorarazi behar zen eskubide guztiak dituztela?

Azkenetan azkenak izan direlako beti. Gogora dezagun. Alemaniako indar armatuen azken hondarrak 1945eko maiatzaren 8an baldintzarik gabe errenditu zirenean gertatu zen Europan Bigarren Mundu Gerraren amaiera ofiziala. Eta gerra horretan egindako basakeria guztien artean holokaustoa izan zen handiena. Dokumentazio asko daukagu holokaustoari buruz, baina haren alderdi batzuk oraindik ere ahaztuta daude.

«T4 programa» izenekoa izan zen gaur egun gutxien ezagutzen den alderdietako bat. Programa horri jarraikiz, desgaitasun fisikoak edo burukoak zituzten adin guztietako dozenaka mila pertsona hil zituzten haien medikuek, gehienetan gosez edo injekzio hilgarria erabiliz. Badakigu nagusitasun arioaren «etikan» ez zela sartzen «ezertarako ez zirenak» elikatzeko ahalegina, eta «lehen mailako bizitzak» zeudela, hala nola «bigarren mailakoak», nahitaezko ez zirenak, eta zuzen-zuzenean desagerrarazteko modukoak.

Horrek guztiak milaka urte iraungo zuen III. Reich haren baldintzarik gabeko errendizioarekin desagertu beharko zukeen…, baina ez zen hala gertatu. Borrokak amaitu eta hiru hilabete luze igaro ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako okupazio-agintariek aurkitutako gaixotegi eta zentro mediko batean pazienteak sistematikoki hiltzen jarraitzen zuten, desgaitasuna zuten pertsonak, hain zuzen ere. Hiltzaileetako batzuek ondo jokatzen ari zirelako uste sendoa zuten; beste batzuek, ziotenaren arabera, ez zuten jaso berriki arte gobernuaren politika izandakoa baztertzeko agindu ofizialik. Perbertsio etikoa maila horretaraino iritsia zen.

32 urte geroago, 1977ko ekainean, gugandik askoz hurbilago, hementxe bertan, trantsizio betean, beste gauza batzuk gertatu ziren, pertsona desberdinen biziak balio gutxiago izaten jarraitzen zuela agerian utzi zutenak… «Inkontrolatu» batzuek ikurrinen eranskailuak zeramatzan gazte bati ahoa estali eta kolpeak eman zizkioten, eta, amildegi batetik bota. Egunkarietako albisteek gaztea «hogeita hiru urteko gazte atzeratua» zela zioten. Bi eraso: fisikoa eta morala.

Egoera, jakina, aldatu egin da, baina kontatutako horrek oraindik erreala den zerbait jartzen digu aurrean: pertsona desberdinak gutxiesten jarraitzen dugu, «desgaitasuna» dutenak, eta errealitate gordina da ia-ia ez dizkiegula aitortzen dauzkaten giza eskubideak. Badirudi haien eskubideak «balio gutxiagokoak» direlako ustea dagoela horren guztiaren atzean, haien bizitzek ere balio gutxiago izango balute bezala…

2006ko abenduan, Norberaren Autonomiaren Sustapen Legea onartu zen, mendekotasun legea esan ohi zaiona: ongizate-estatuaren laugarren zutabea balitz bezala aurkeztu zuten. Lege hori oso berandu iritsi zen Europako izen bereko legeekin alderatuz gero, baina gutxieneko laguntza batzuk bermatzen dizkie mendekotasun handi samarreko, larriko edo oso handiko egoeretan dauden pertsonei. Berandutu egin zen haren aplikazioa, erkidego batzuetan inolako arrazoirik gabe geroratu zuten legea aplikatzen hastea, eta, legea aplikatzeko egutegiaren beraren arabera, aitortutako mendekotasun-egoeran dauden pertsona guztiei oraindik aplikatzen ez bazaie ere —1. mailako mendekotasun handi samarreko pertsonen kasuan, legeak ez du eraginik izango 2013. eta 2014. urteetara arte—, batzuk hasi dira legea gerarazteko eta okerrera aldatzeko eskatzen. Ematen duten arrazoia da legearen kostu ekonomikoa gehiegizkoa dela krisi garaiotan. Baina Estatuaren ordezkariek oso gutxitan erabiltzen dute argudio hori, besteak beste, inork erabili ez dituen bide-azpiegitura handiez eta gastu militarrez ari direnean.

Dirudienez, eskubideak aitortzeko orduan, desgaitasuna duten pertsonak dira gogora ekartzen ditugun azkenak, baina lehendabizikoak gastua murriztu nahi denean. Zergatik? Beharbada, nekez onar dezakegun arren, oraindik ere bigarren mailako herritar gisa hartzen ditugulako… eta txarrena ez da inor kontra ez egotea… baizik eta inork ez digula gogorarazi garaiak aldatu egin direla, eta ezin onartuzkoa dela de facto jasaten duten diskriminazioa.

Iritsi da aldatzeko ordua: pertsona horiek ezin dira azkenetan azkenak izan hobekuntzetatik onura ateratzean, eta aurrenekoetan aurrenekoak izan murrizketak jasatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.